Sareak

☉ Arrigorriaga

Kronika / Gutxienez beste sei hilabetez hartuko ditu migratzaileak Arrigorriagako Harrera Sareak

Arrigorriagako Harrera Sareak migratzaileekin bizi duen esperientziaren inguruko hitzaldia eskaini zuen pasa den otsailaren 15ean Ugaoko Dorretxea Tabernan.

|

Martxoan sei hilabete beteko dira migratzaileak Gaztetxean bizi direla / A.G

Arrigorriagako Harrera Sareak migratzaileekin bizi duen esperientziaren inguruko hitzaldia eskaini zuen pasa den otsailaren 15ean Ugaoko Dorretxea Tabernan. Martxoan sei hilabete beteko dira Gaztetxea migratzaileentzako bizitoki bihurtu zutenetik, eta harrera beste sei hilabetez luzatuko dutela iragarri dute. Ez dute baztertzen “harrera sare iraunkorra” sortzea. 

Pasa den urritik hamar migratzailerentzako aterpea ere bada Arrigorriagako Gaztetxea. Errefuxiatuen harrera Bilbotik inguruko herrietara zabaltzea adostu zuten orduan gizarte eragile ezberdinek osatzen duten Herritarren Harrera Sareak, eta Arrigorriagarekin batera hainbat herri azaldu diren laguntzeko prest: Bakio, Galdamesen edota Gernika. Harrera horren hasierako pausuak gertutik jarraitu zituen GEURIAk erreportaje honetan.

Sei hilabeterako harrera-konpromisoa hartu zuen Arrigorriagak, eta epe hori beteta, gutxienez beste sei hilabetez luzatzea erabaki dute: “Sei hilabete ez da denbora nahikoa, inondik inora, adostu genituen helburuak betetzeko”, dio Ander Garmendiak, Harrera Sareko kideak. “Haien etxetik hain urrun dagoen toki batera ohitzea ez da batere erraza: hizkuntza ikasi behar izan dute, harreman berriak sortu behar izan dituzte, dokumentazioa erregularizatzen saiatu, lana bilatu… Aurrera pausu dezente eman ditugu, baino ulertzen dugu proiektuak denbora gehiago eskatzen duela“. Denbora tarte honetan migratzaile asko pasa izan dira Gaztetxetik, “beti 10 pertsonentzako mugarekin”. Momentu honetan bederatzi dira Gaztetxean eta libre dagoen tokia laster betetzea espero dute: “Gurekin hasitako batzuk Frantziarako bidea hartu dute, beste batzuei asiloa onartu zaie eta Oñatira joan dira. Boli Kostako bost migratzaile hasieratik daude gurekin”, azaldu du Garmendiak.

“Harrera sare iraunkorra” sortzeko proposamena ere mahaigainean jarri dute sareko kideetako batzuek, baina “jakitun gara horrek espazio berri baten beharra eskatzen duela, herrian ahal dela, bai eta finantziazio iturri jasangarriago bat”, uste du Anderrek.

Larunbatean Arrigorriaga herri antifaxista eta antiarrazista dela adierazteko futbol txapelketa jendetsua ospatu zuten Gaztetxean / Arrigorriagako Gaztetxea

Sentsibilizazioa, errotzea eta garapena
Orain arte gauzatutako lorpen nagusienen artean, “Harrera Sarea osatzen dugunon eta migratzaileen arteko konfiantza errotzea” izan dela dio Garmendiak. “Gure ateak zabaldu dizkiegu, bai, eta oso eskertuta egon dira beti. Baina harremanek denbora behar dute, gure laguntza efektiboa dela ikusi behar izan dute”, azaldu du Anderrek. “Lan handia egin dugu, adibidez, Boli Kostakoen pasaporteak eskuratzeko. Prozesu zaila eta luzea izan da, baina lortu dugu”, dio sareko kideak. Orain migratzaileentzako lana lortzeko ahaleginetan ari direla azaldu du Garmendiak: “gizarte hezitzailez eta esparru horretako profesionalez osatutako lantaldea martxan da. Baten batek lortu du lana dagoeneko”. Sentsibilizazio kanpaina ere martxan dute hasieratik: Ugaon eskainitako hitzaldi bera Hego Uribeko eta Bilboko eskola eta institutuetan eman dute, migratzaileekin batera: “errefuxiatuen eta migratzaileen aferaren gizarteratzea da harrera proiektuko bizkarrezurretako bat. Hitzaldi hauek edota Gaztetxean antolatu dugun futbol txapelketa antifaxista eta antirrazista dira horretarako egiten ari garen lanaren adibide argiak”.

Finantziazioari dagokionez, Gazte Asanbladaren, OEE plataformaren eta norbanakoen dohaintzei esker, “hurrengo sei hilabeteetan harrera kudeatzeko gai direla” esan du Anderrek, “hala ere, badago kontu korronte bat zabalik nahi duenak bere laguntza eman ahal izateko”. Sei hilabete hauetan, osasun arloko migratzaileei zuzendutako “lantalde potentea” osatzea lortu dutela azaldu du ere, “medikuz, erizainez, dentistaz eta fisioterapeutaz osatuta”. Arrigorriagako eta inguruko herrietako merkatarien laguntzari dagokionez, Garmendiak dio 15 denda inguru direla produktu ezberdinen dohaintzekin laguntzen dutenak.

Autokritikarako tartea ere izan du Anderrek: “haien inplikazio handiagoa faltan bota dugu, eta baliteke hori gure gehiegizko inplikazioagatik gertatu izana”. “Uste dugu, guztion onenerako, haien inplikazioa aktiboagoa behar dugula, eurek direlako azken batean euren beharrizanak hobeto ezagutzen dituztenak”. Bukatzeko, “erakunde publikoen inplikazio eza” nabarmendu du Garmendiak: “Udalarekin harremanetan jarraituko dugu, ez dugu etsiko, nahiz eta orain arte ezer gutxi egin duen. Gutxienez, migratzaileei udal zerbitzuetarako sarrera ahalbidetzen dien txartela lortu dugu”.

 

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Padura Futbol Taldea emakume bila dabil haur eta kadete kategorietan

Padurak haurren kategoriako talde bakarra du gaur egun eta bigarren urtekoak federatuen mailara igaroko dira, kadeteen mailara. Hori dela eta, datorren urterako talde bi dituzte baina “txiki” geratzen zaizkiela dio Xabi Zabalak Arrigorriagako futbol taldetik

|

Padurako neskak, partida batean // Padura Futbol Taldea

Padura Futbol Talde arrigorriagarrak deialdia luzatu du datorren ikasturteari begira emakume gehiago izateko. “Datorren denboraldirako haur eta kadete kategorietako taldeak osatzeko nesken bila gabiltza”, azaldu du Xabi Zabalak Paduratik.

Zehazki 2008 eta 2013 urteen bitartean jaiotako neskak bilatzen ditu klubak. Joan den urtean kimuen taldea atera zuten Paduratik eta aurten Futbol11ra igaro dira. Gaur egun, Padurak haurren kategoriako talde bakarra du eta horietako batzuk federatuen mailara igaroko dira, kadeteen mailara, hain zuzen ere: “Hori dela eta, datorren urterako talde bi izango ditugu baina txiki geratzen zaizkigu jokalarien aldetik”, dio Xabik. “Ondorioz, kategoria bietan jokalari gutxiegi geratuko dira eta talde horiek osatzea da gure helburua”.

Gaur egun 22 neska daude Padura Futbol Taldeko haurren kategorian, eta kimuen kategoriako talde mixtoan neska batek ere hartzen du parte. Emakumezkoen taldearekin bat egin nahi dutenek 688 698 876 telefono zenbakira deitu beharko dute eta bertan emango dizkiete jakin beharreko datu guztiak.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriaga / Korrika 23 / 2024

|

23. Korrikak Hego Uribetik egin duen lehen eguna Arrigorriagan bukatu da eta Bilborantz egin du lekukoak. Aurretik Arrigorriaga herrigunean izan gara, eta hauek dira furgonetatik egin dituzten argazkiak:

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Argazkiak / Txikienek hartu dute protagonismoa 23. Korrikaren ongi etorrian Arrigorriagan

|

Usansolotik sartu da 23. Korrika Hego Uribera eta Arrigorriagatik irten da eskualdeko lehen egunean. Txikienek hartu dute protagonismoa lekuari ongi etorria emateko.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Foru Aldundiak Arrigorriagako adinekoen egoitzako gorabeherak aztertu ditu

Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako foru diputatuaren arabera, “hainbat ikuskapen” egin dituzte Domus VI.a Arandia egoitzako araudia betetzen dela bermatzeko

|

Arrigorriagako egoitzako erabiltzaileak // Geuria

Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Batzordeak Arrigorriagako Domus VI.a Arandia egoitzan antzemandako gabeziak aztertu ditu, joan den urtarrilean adinekoen zentroko erabiltzaileen senideek atzemandako gorabehera batzuk salatu ostean.

Hilabete hartan bertan, Foru Sailak expedientea zabaldu zion egoitzari eta hainbat “akats” ikertu zituzten: langile falta, otordu eskasak eta gabezia teknikoak, besteak beste. Espedientearen haritik hainbat “gabezia” ikertu ziren zentroan, erabiltzaileen senideek beraiek ipinitako salaketetatik abiatuta.

Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako foru diputatuak azaldu bezala, bere sailak “hainbat ikuskapen” egin ditu Domus VI.a Arandia egoitzako araudia betetzen dela bermatzeko eta egoiliarren familiek azken hilabeteetan zerbitzuak okerrera egin duela salatzeko egindako protesten aurrean gaur egungo egoera ezagutzeko.

Adinekoak, eskutik // Unsplash

Udala, erabiltzaileekin bat

Gaur egun 122 adineko daude Arrigorriagako adinekoen egoitzan eta egoeraren berri izan zuenetik, Arrigorriagako gobernu taldearen arduretako bat beren ongizatea ziurtatzea da.

Maite Ibarra: “Herriko adinekoak dira, zaintza duina eta kalitatezkoa behar dutenak. Familiei laguntzen jarraituko dugu berme guztiak lortu arte”

Joan den otsailean GEURIAn azaldu lez, Egoitza kudeatzeko ardura berez Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio, baina Arrigorriagako gobernu taldeak adinekoen zentroko erabiltzaileen senideekin konpromisoa hartu zuen beren kezkak Foru Aldundira helarazteko, egoerari irtenbidea emateko.

“Herriko adinekoak dira, zaintza duina eta kalitatezkoa behar dutenak. Familiei laguntzen jarraituko dugu berme guztiak lortu arte”, izan ziren Maite Ibarra Arrigorriagako alkatearen berbak egoeraren berri izan zuen lehen momentutik.

Izan ere, espedientea zabaltzearen jatorria erabiltzaileen senideen kexak, horiek azaleratzeko sinadura bilketa eta ondorioz gobernu taldeak Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariekin otsailean zehar izandako hainbat bileren ondorio zuzena da.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Neftali Marin, Unai Saiz eta Iñigo Rikik kontzertuak emango dituzte Arrigorriagako zaharren egoitzan

Apirilaren 4an The Cowboy Angelseko Neftali Marinen txanda izango da, hilaren 26an Arrigorriagako Unai Saizena (Katilu) eta Maiatzaren 10ean Iñigo Riki Zaratamokoarena

|

Neftali, Riki eta Saiz // Geuria

Soinuarrik kontzertuak antolatu ditu apirila eta maiatzean eta eskualdeko hiru artisten kontzertu akustikoak iragarri dituzte Arrigorriagako zaharren egoitzan.

Apirilaren 4an The Cowboy Angelseko Neftali Marinen txanda izango da, hilaren 26an Arrigorriagako Unai Saizena (Katilu) eta Maiatzaren 10ean Iñigo Riki Zaratamokoarena.

Neftalik zortzi pistako Life & War izeneko albuma kaleratu zuen 2016an eta beste hiru single ditu gaur egun: The Soundtrack of my Life, Another Loveless Country Song eta Modertn Day Slave. Unai Saiz arrigorriagarrak baxua jotzen du Katilu taldean. Iñigo Riki zaratamarra azken diskoa aurkezten ari da eskualde osoko eta inguruetako tabernetan zehar: Esto entre tu y yo. Albuma osatzen dituzten abestiak Youtuben elkarbanatzen joan da Zaratamoko bakarlaria.

Kontzertu danak doakoak izango dira eta 17:00etan hasiko dira.

Osorik irakurri