→Arrigorriaga

Kronika | Sekula ahazten ez den lehen aldia

Hauteskunde eguna izan zen apirilaren 28an Arrigorriagan. Hauteslekua bihurtu zen herriko eskolara milaka lagun hurbildu ziren: bozka ematera edo prozesu demokratikoa gertutik jarraitzera. Ane, Aitana eta Leireren lehen aldia izan zen.

Ane, Aitana eta Leire lehen aldiz etorri ziren bozkatzera / Iskandar Hamawy

Hauteskunde eguna izan zen apirilaren 28an Arrigorriagan. Hauteslekua bihurtu zen herriko eskolara milaka lagun hurbildu ziren: bozka ematera edo prozesu demokratikoa gertutik jarraitzera. Ane, Aitana eta Leireren lehen aldia izan zen.

Eskarmentua itsuen makulua omen da. Saiakuntza berriek beldurra, urduritasuna edo egonezina sortzen digute. Umeak eskolako lehen egunean nola, hala etorri dira bozka ematera Ane Pérez, Aitana Merino eta Leire Urrutikoetxea, kuadrilla bereko hiru neska. Izan ere, iaz bete zituzten hemezortzi urte eta atzokoa izan zuten bozka emateko lehen aukera. Hamaikak aldera elkartu dira eskolako sarreran. Urduri ez zeudela esan arren, nola bozkatu oso argi ez zutela onartu dute. Esate baterako, Pérezek gurasoei telefonoz deitu behar izan die argibide bila eta bozka papera ondo aukeratzeko.

Apur bat urduriago hurbildu da bazkalorduan Karima Yelaoui. Nahiz eta hogeita lau urte izan, bere lehen aldia izan da honakoa. “Lagunekin hitz egin nuen eta pentsatu genuen nork bere harri-koskorra ekartzeko garaia zela, presente egoteko garaia”, komentatu du. Auzokide batek azaldu zion nola bozkatu eta bere seme-alabei utzi die gutun-azalak hautetsontzietan sartzen.

Yelaouik botoa eman duen mahaian, EAJko kontu-hartzaile lanetan lehen aldiz aritu da Marisa Gamarra 37 urteko arrigorriagarra. Garaiz iritsi da goizeko zortzietan mahaia osatzeko eta zenbaketa amaitu arte ez du alde egingo. Lan handia bada ere, konbentzituta etorri da zeregina betetzera. “Ez zait politika interesatzen, baina laguntza eskatu zidaten eta nire herriari zor niola sentitu nuen. Nik jaso nuena baino herri hobea utzi nahi diot nire alabari etorkizunean”, azaldu du Gamarrak.
Eskolako behe-solairuko beste gela batean 53 urteko Amanda Zaballa dago lehen bokal gisa. Horren jakinarazpena etxean jaso zuenean sorpresa hartu zuela onartu du, lehen aldia baitzen. Hala eta guztiz ere, protagonista izan nahi zuela nabarmendu du. Apur bat urduri bertaratu da goizeko zortzietan baina azkar pasatu zaiola esan du. Asko lagundu dio mahai bereko beste bokala ezaguna izateak. Baita mahaiburuaren profesionaltasunak eta kontu-hartzaileen laguntzak ere.

Emakumeen rola

Atzoko hauteskundeetan emakumearen gaineko mezuak oso presente egon dira. Kuadrilla bereko hiru boto-emaile gazteak hautagai gehienak gizonak direla kexatzen dira eta emakumeen parte hartzea eskatzen dute. Amanda Zaballak, berriz, emakume nahiko daudela uste du baina Espainiako lehendakaria gizona izango dela deitoratzen du. Karima Yelaoui magrebtar jatorriko emakumea da. Bi ezaugarri hauek bere bozka baldintzatu dutela onartu du. “Unidas-Podemos bozkatu dut. Ez dugu nahi VOX bezalako alderdi homofobo eta xenofobo bat ateratzerik”, gehitu du Yelaouik.

Lehen sexu-harremanak nerbioak, itxaropenak, emozioa eta antsietatea nahasten ditu. Adituek uste dute faktore erabakigarria izan liteke pertsonen bizitza sexualean. Ez dakigu nolako eragina izango duten atzoko lehen esperientzia horiek gure emakume arrigorriagarretan. Hala eta guztiz ere, guztiek onartu dute berezia eta ahaztezina izango dela eta beraien egoera hobeagoa izango denaren itxaropena adierazi dute.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak