→Arrigorriaga

Labur-potea eta Made in Nerbion Umorea Labur Jaialdiko azken txanpan

arrigorriaga umorea labur aurkezpena 2015

Abenduaren 14an hasi zen Arrigorriagako Umorea Labur Jaialdiaren XIV. edizioa eta hilaren 19ra arte luzatuko da. Guztira 32 film lehiatuko dira eta Oscar Terol aktorearen ibilbidea omenduko dute.

09p07Joan den abenduaren 14an hasiera eman zioten Umorea Labur Jaialdiaren XIV. edizioari Arrigorriagako Udalak eta Lanbarri Kultur Elkarteak. Datozen egunetako programari erreparatuz, abenduaren 17an, ostegunez, “labur-poteoa” antolatu dute: bertaratuko direnei pintxoa eta potea eskainiko zaizkie proiekzioak hasi baino lehen. Dagoeneko 16 film egon dira ikusgai eta gaur, asteazkena, sail ofizialeko beste 8 pelikula labur aurkeztuko dituzte -orotara, lehiaketan 32 film laburrek parte hartuko dute-.

Abenduaren 18an, ostiralez, eskualdeko Made in Nerbion film laburrei eskainitako sailaren unea izango da eta hilaren 19an jaialdi amaierako gala egingo da. Gorka Aginagaldek eta Iñigo Salinerok aurkeztuko dute, Allí abajo egungo umorezko telesailean ikusi ditugun aurpegi ezagunak. Hitzordu guztiak doan eskainiko dira Lonbo Aretoan 19:30etik aurrera.

Aurreko urteetan bezala umorez markatutako ibilbide profesionala sarituko da, eta Oscar Terol polifazetikoaren talentua omenduko dute. Era berean, erakusketak, bakarrizketak, proiekzioak eta kontzertuak antolatu dituzte asteburuan.

ARGENTINATIK ARRIGORRIAGARA

Kilomboko Film Laburrak izeneko sail bereziak emango zion hasiera jaialdiari. Bertan, kutsu argentinarra duten zazpi film labur proiektatu ziren, Argentinako Ikus-entzunezko Arteen eta Zinemaren Institutu Nazionaleko ikasleek egindakoak.

ITZIAR ITUÑO, EPAIMAHAILEEN ARTEAN

Aurtengoan honako hauek osatuko dute epaimahaia: Itziar Ituño aktorea, Joseba Gorordo gidoilari eta zuzendaria, eta Txaro Landa Cineclub FASeko presidentea. Epaimahaiaren erabakiaz gain, sari-banaketan honako sari hauek emango dira: publikoaren saria, zuzendari gazte onenaren saria, interpretazio onenaren saria eta Arrigorriagako institutuko ikasleek osatutako epaimahaiak emango duen beste sari bat.

 

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak