→Arrigorriaga

[MADALENAK 2015] Kirola, gastronomia, musika eta Radio City Music Hall ikuskizuna Arrigorriagako jaietan

arrigorriaga madalenak jaiak denetarik 2015

Uztailaren 17tik 25era bitartean ospatuko dira Arrigorriagako jaiak. Adin guztietarako ekitaldiak antolatu dituzte eta barraken prezioa bere horretan mantenduko da.

Egun gutxi barru Arrigorriaga jaigiroan murgilduko da. Madalenak jaiak uztailaren 17an hasiko dira eta hilaren 25era arte luzatuko dira. Egitarauari dagokionez, kirol eta gastronomia txapelketek leku garrantzitsua izango dute, baita musika kontzertuek ere.

Kirol arloan, esate baterako, ekintza hauek prestatu dituzte: Bizkaiko Foru Aldundiaren Bost eta erdiko Txapelketa –Urrutikoetxea eta Zubieta, Elezkano II.a eta Rezustaren kontra-, Saskibaloi triangularraren 50. edizioa, Futbol 7, Xakea, Taekwondo, Irristaketa ibilbidea eta herri kirolak. Gastronomiari dagokionez, Angel Minguez lehiaketaren XXXII. edizioaz gain, berdintasunaren paellada, txistorrada, omenaldi bazkaria, bertso-bazkaria –Arkaitz Estiballes eta Fredi Paia– eta hainbat dastatze saio izango dira. Oliba hezurren eta pizza jaurtiketa txapelketak ere nabarmenduko dira.

Musika kontzertuei dagokienez, Boogie Riders, Capsula, Los Chikos del Maiz eta Eskean Kristo taldeek girotuko dute Arrigorriaga. Era berean, Niña Coyote eta Chico Tornado, Highlights, Dinero, Etorkizun Beltza, Disaster Now, Woodstock Trio eta Osso taldeek osatuko dute Arrigorriagako jaietako kartel musikala, besteak beste.

2015eko Madalenak beste ikuskizun musikatu batekin bukatuko dira. Aurreko urteko jaiak Broadway ikuskizunarekin amaitu ziren eta Arrigorriagako ikusleek harrera ezin hobea egin ziotenez, Madalenak 2015 jaiak beste musikal batekin amaituko dira, kasu honetan, Radio City Music Hall ikuskizunarekin.

⇒ MADALENAK 2015 – PROGRAMA ⇐

BARRAKEN PREZIOA BERE HORRETAN MANTENDUKO DA

Arrigorriagak barraken prezioari eutsiko die eta uztailaren 17tik 26ra bitartean egongo dira Lonbon. Sarrera bakoitzak 1,70 euro balioko du eta uztailaren 23an Haurren Eguna denez, prezioa euro batera jaitsiko da.

Goizeko 10:00etatik aurrera jendearentzat irekita egongo dira barrakak eta ixteko ordua jai eremuaren inguruan egun horretan berbena edo beste ekitaldi bat ospatzearen araberakoa izango da; halakorik egonez gero, ekitaldi hori bukatzen denetik ordu erdira itxiko dira barrakak, eta ez badago, berriz, 24:00etan.

SEXU ERASOEN AURKAKO KANPAINA

Arrigorriagako Udalak errespetuaren aldeko eta sexu erasoen aurkako kanpaina bat abiarazi du “Jaia + Errespetua = Denontzat gozamena” lelopean. “Ez alkohola, ez jaia bera, ez dira aitzaki emakumezkoen eta gizonezkoen arteko harremanak berdintasunezkoak ez izateko, emakumeak sexu-objektu gisa tratatzeko, edo zenbait tokitan segurtasun eza edo beldurra sentitzeko“, diote udal arduradunek: “Erasorik gabeko Jaiak nahi ditugu, baita horiek sustatzen dituzten jarrerarik gabekoak ere. Hortaz, jarrera aktiboa eskatzen dugu emakumeak errespetatzen ez dituzten edozein adierazpen fisikoren edo hitzezkoren kontra“.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak