Azken hilabeteetan Arrigorriagako Makua auzoan lapurretak eta etxebizitzen aurkako erasoak nabarmen areagotu direla salatu dute zenbait herritarrek. Change.org webgunean Daniel Gomez arrigorriagarrak argitaratutako idatzi batean, “delitugileak inpunitatearekin jarduten ari direla” salatu du, “etxebizitzetan sartzeko ateak eta leihoak etengabe bortxatuz”, eta “inolako zigorrik gabe”. Idatzian dio Makuako auzotarrek geroz eta segurtasun gabezia sentsazio handiagoa dutela, eta horren aurrean “berehalako neurriak” hartzeko eskatu diote Udalari. Herritarren sinadura bilketa abiatu dute Change.org webgunearen bidez eta dagoeneko 341 lagunek sinatu dute eskaera.
Halaber, idatzian Gomezek gogoratu du Arrigorriagako Udalaren Segurtasun Sailaren konpromisoak zeintzuk diren: “premiaz jarduteko egiten den edozein eskakizunen aurrean, erantzuteko dagoen gehieneko denbora: 5 minutu”; “herritarren Segurtasunari buruzko gaietan, udaltzainak bertaratzeko egiten diren eskaerei berehala erantzutea”, besteak beste.
Arrigorriagako Udala, bere aldetik, lanean ari da auzotarren eskakizunei erantzuteko eta bihar emango ditu argibideak Udalak poliziarekin batera antolatutako agerraldi batean.
