→Arrigorriaga

Maria Magdalenaren tailuaren jatorria ikertu du Armando Astarloa idazleak

Arrigorriagako Kultur Etxeko ikus-entzunezko aretoan, Arrigorriagako Maria Magdalenaren tailuari buruz egindako txosten historikoaren inguruko solasaldia egingo da azaroaren 6an. Armando Astarloak idatzi du txostena, zazpi urteko ikerketaren emaitza. 19:30ean hasiko da hitzaldia, eta Astarloarekin batera izango dira Asier Albizua alkatea, Maite Custodio Kultura eta Jaietako zinegotzia, Balendin Lasuen Bizkaiko Foru Aldundiko Urrezko Luma eta historialaria, Erika Tarilonte tailuaren zaharberritzailea eta Aurora Otxandio elizbarrutiko artxiboetan aditua.

Arrigorriagako Armando Astarloa idazle, ekonomista eta abokatua Tenerifen bizi da, eta, handik laugarren eleberria argitaratu berri du: ‘La dulce francesa. Historia de una ocultación’. Lana idazteko Florentzia, Genova, Frantziako Proventza, Paris eta Paraguaiko San Ignazio Mini oihanera joan da dokumentatzera. Azken hori Iguazu ur-jauzietatik hurbil dago, eta, bertan, Maria Magdalena Arrigorriagako zaindariaren 1705. urteko jatorri misteriotsuaren arrastoa jarraitu du idazleak.

Idazlearen jakin-mina duela zazpi urte piztu zen, San Petersburgoko Hermitage museoan XV. mendeko Tizianoren Maria Magdalena penitente artelana ikusi zuenean. Orduantxe, Arrigorriagako parrokian dagoen tamaina naturaleko eta intxaurrondo egurrez egindako Maria Magdalenaren tailua etorri zitzaion burura. Ordutik, antzekotasunak aztertzen aritu da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak