→Arrigorriaga

Mugarriz mugarri, Arrigorriagako mugak eta historia ezagutzeko ibilbideak

Herria bereizten duten mugarriak ezagutzeko hiru ibilbide antolatu dituzte Udalak eta Padura Mendi Taldeak: Malmasinera, Pagasarrira eta Artandara.

Martxoaren 10ean egin zuten lehen irteera, Malmasin mendira / Padura Mendi Taldea

Herria bereizten duten mugarriak ezagutzeko hiru ibilbide antolatu dituzte Udalak eta Padura Mendi Taldeak: Malmasinera, Pagasarrira eta Artandara. 50 mugarri inguru bisitatuko dituzte guztira. Hurrengo irteera apirilaren 7an izango da, igandean, Pagasarri mendira.

Zeintzuk dira Arrigorriagaren muga fisikoak? Ezagutzen al dituzu puntu horietan dauden mugarri historikoak? Hain zuzen ere, horiek guztiak ezagutarazi eta “herria beste era batera deskubritzeko”, mendi ibilbideak antolatu dituzte Udalak eta Padura Mendi Taldeak. Martxoa eta maiatza bitartean, “Arrigorriaga mugarriz mugarri” izeneko ekimena burutzen ari dira. Proposatutako ibilbideak, guztira, 40 kilometroko luzera du, baina hiru etapatan banatu dute, mugak ezartzerako orduan garrantzitsuenak diren mendi tontorren izenak baliatuz: Artanda mendia (554 metro), Arrigorriaga, Zaratamo eta Zeberio arteko muga ezartzen duena; Malmasin (362 metro), adituek Bilbo hiriaren jatorri bezala identifikatzen dutena, eta Pagasarri ezaguna (673 metro).

Berrogeita hamar mugarri inguru bisitatuko dira guztira: Basauri, Zaratamo, Zeberio, Ugao, Arrankudiaga eta Alonsotegirekiko mugak ezartzen dituztenak, alegia. Toki horietara mendi martxa egiteaz aparte, mugarri hauen historia, inguruan dituzten eraikinak, toponimia eta landaredia ezagutzeko aukera ere egongo da, Padura Mendi Taldeko adituen bitartez.

HURRENGO IRTEERAK
“Mugarriz mugarri” ibilbideko lehen irteera martxoaren 10ean burutu zuten, Malmasinera egindako irteeran. 15 kilometroko ibilbidea egin zuten hogeita hamar bat lagunek, euripean. Hurrengo ibilbidea apirilaren 7an izan zen, Pagasarri mendira, eta 23 kilometro egin zituzten parte-hartzaileek.

Maiatzaren 19an izango da azken irteera, Artandara, 16 kilometroko ibilbidearekin. Parte hartzaileak udal-kiroldegitik aterako dira, 08:30ean, eta Mendikosolo parketik joango dira, Abrisketako San Pedro ermitarantz, PR-BI 16 bideari jarraituz, Markiora arte. Ondoren, Bentakoerrekatik pasatu, eta Ugaora iritsiko dira. Nerbioi ibaiaren beste aldera zeharkatu eta ibaiertzetik jarraituko dute, Arrigorriagaraino. Martiartu auzora iritsi aurretik, 11. kilometroan, gutxi gorabehera, saihesbide bat hartuko da eskuinera, Artanda mendirako aldapa gogorrari heltzeko, 550 metrokoa.

Artanda mendira igo nahi ez dutenentzat, ibilbide laburragoa egin ahal izango dute, Martiartu auztotik Arrigorriagara arte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak