→Arrigorriaga

Mumia: “Talde apalen aurrerapausoek ematen digute aurrera jarraitzeko bultzada”

Aspaldi ezagutzen dute elkar eta, bertsioak jotzeaz aspertuta, euren taldea osatzea erabaki zuten Peio abeslari eta konpositoreak, Beñat bateria jotzaileak eta Jon baxu-jotzaileak.

Peio, Beñat eta Jon dira Mumia / Goio Ramos

Peio, Beñat eta Jon gazteek osatzen dute Mumia musika taldea. Gogotsu daude, eszenatokietara igotzeko irrikan eta luzerako lanak emateko asmoz.

Aspaldi ezagutzen dute elkar eta, bertsioak jotzeaz aspertuta, euren taldea osatzea erabaki zuten Peio abeslari eta konpositoreak, Beñat bateria jotzaileak eta Jon baxu-jotzaileak. Hasiberriak direla badakite, baina helmuga argi dute eta ez dute lortu arte etsiko. Orain arte emandako kontzertu eskasetatik jasotako kritikak guztiz positiboak izan dira eta horrek lanean jarraitzeko indarra eman die. Aurreneko urratsa emanda dute, bidea eraiki behar dute orain.

Noiz, nola eta zergatik sortu zen Mumia taldea?
Taldea sortzearen ideia orain dela urte eta erdi okurritu zitzaigun, parrandan geundela, eta handik hilabete gutxitara lehenengo entseguak egiten hasi ginen. Aurretik, beste talde batzuetan eman ditugu hainbat urte elkarrekin jotzen, baina bageneukan taldea sortu eta gure abestiak eta melodiak egiteko gogoa.

Zer musika mota egiten duzue?
Ez zaigu gure musika estilo bakar batean sailkatzea gustatzen, baina hard rock egiten dugu, stoner kutsuarekin. Mahuka zabala dugu (barreak), post rock esparru handi horretan mugitzen gara.

Non egiten dituzue entseguak?
Ez daukagu entseatzeko leku finkorik, baina gehienetan Arrigorriagako entsegu lokalean egiten dugu. Noizbait Basaurin dauden Udalaren entsegu lokaletan, eta baita gaztetxean ere.

Nondik dator Mumia izena?
Esanahirik ez dauka, baina izen asko genituen esku artean eta aurreneko kontzertuaren data hurbiltzen hasi zenean bat aukeratu behar izan genuen. Baliteke hamar urte barru ezberdina izatea. Izen aproposaren bila jarraitzen dugu.

Zer musika entzuten duzue?
Nahiko ezberdinak gara. Nik (Beñat) Kaliforniako punka entzuten dut batez ere: Bad Religion, Pennywise… musika bizkorra, hots, bateriari kaña ematen dioten taldeak. Nik (Peio), ordea, erreferentzia izan daitezkeen taldeak, guk egiten dugun musikatik gertuago daudenak: Willis Drummond, Berri Txarrak, Kuraia, Viva Belgrado eta Fetiche, adibidez. Jonek, bestalde, rock and rolla du gustuko.

Kostata lortzen duzue hiruren estiloak bateratzea?
Ez. Argi dago bakoitzak erraztasun handiagoz egiten duela gustukoen duen estiloa, baina ez daukagu beste estiloetara hurbiltzeko arazorik. Bertsioak, esaterako, guztion artean erabakitzen ditugu eta gustura jotzen ditugu.

Argazkia: Goio Ramos

Zeintzuk dira taldearen erreferentziak musikan?
Gazteek osatutako taldeak, batik bat. Talde apalen aurrerapausoek ematen digute aurrera jarraitzeko beharrezkoa den indarra eta bultzada. Une honetan gure erreferentzia nagusia Fetitxe da. Eurek lortutakoa guk ere erdietsi nahiko genuke.

Zein hizkuntzatan abesten duzue? Zergatik?
Manonegraren bertsioa kenduta, euskaraz abesten dugu, gure artean euskaraz egiten dugulako eta gure ama hizkuntza delako. Peio: Entzuten dudan ia musika guztia euskaraz da eta, beraz, idazterakoan euskara baino ez zait burura etortzen.

Zein bertsio jotzen dituzue?
Berri Txarraken ‘Solilik agur’, Kuraiaren ‘Egunsentia’, Willis Drummonden ‘Begi erreak’ eta Manonegraren ‘Welcome in occident’.

Diskarik argitaratu al duzue? Asmorik?
Momentuz ez, denbora gutxi daramagu eta kantak sortzeko prozesuan murgilduta gaude, baina epe ez oso luzean maketa ateratzeko asmoa dugu. Baditugu zuzenean grabatutako kantak, baina oraingoz diskorik ez. Jon gure baxu-jotzailea Madrilera joan da urtebetez eta hori ezustekoa izan da taldearentzat, entseguak egiteko aukera oso murriztua baita.

Arrigorriagako eta Ugaoko jaietan jo duzue. Zelan esperientzia?
Jaso ditugun kritikak oso positiboak izan dira. Ez dakigu lausenguak edo benetakoak izan diren (barreak). Musikari bezala aurrerapausoa eman dugu, guk egindako letrak jendeari helarazi dizkiogulako, kontzertuak bereziagoak dira orain. Jendeak gustura ikusi gaitu eta hori da garrantzitsuena.
Arrigorriagakoa kaleko kontzertua izan zen, Ugaon, ordea, eszenatoki batera igo ginen. Soinuaren beldur ginen, baina dena ondo atera zen. Gauza asko hobetu behar ditugu, argi dago. Eszenatoki gainean lasaiago egoten ikasi behar dugu eta baita letrak buruan gordetzen ere (barreak).

Zein izan da orain arte emandako kontzerturik bereziena?
Ugaokoa. Guztira hiru kontzertu baino ez ditugu eman, baina Ugaokoa lagunen eta musika maite dutenen aurrean eman genuen. Eroso eta gustura sentitu ginen.

Ba al dago aukerarik zuzenean herriko jaietan jotzeko?
Aurten ez daukagu programatutako kontzerturik, baina ea Jon bueltatzen den eta Aste Santutik aurrera gogor ekiten diogun. Udan kontzertuak emateko irrikan gaude.

Azkenaldian, gero eta talde gehiago sortzen ari dira Hego Uribe eskualdean. Nola ikusten duzue harrobia?
Arrigorriagako panorama ezagutzen dugu batez ere, baina harrituta gaude talde oso onak ateratzen ari direlako, maila altua da oso. Zorionekoak gara, gertu baititugu.
Musika ona entzuteko ez dugu talde handietara jo behar. Gehienetan gusturago entzuten dugu talde txikiek egindako musika. Antzekotasuna da talde txikietara hurbiltzen gaituena; gurekin batera egiten dituzte entseguak eta, baliabide eskasekin eskuratzen dutena ikusita, aurrera jarraitzera bultzatzen gaituzte. Talde txikiak dira babestu behar direnak.

Zeintzuk dira zuen abestiek jorratzen dituzten gai nagusiak?
Gure abestiak dramatikoak diren sentsazioa dugu, ikuspegi nahiko negatibo batetik idatzita daude eta melodiek ere dramatismo horri eusten diote askotan. Gaur egun gazteok bizi dugun ezinegona islatzen dute batez ere eta baita Euskal Herriko panorama politikoa ere, baina gazteon ikuspuntutik beti ere. Haize Berriak abestia, bestalde, gure ibilbidearen emaitza edo laburpena dela esan dezakegu. Mezu argia dauka: orain arte egindakoa aldatu nahian gabiltza.

Norekin gustatuko litzaizueke kolaboratzea edo eszenatokia partekatzea?
Oinak lurrean izanda, Eskean Kristo, Willis Drummond edota herrikideak diren Fetitxe eta Ostrich Wedding taldeekin, adibidez. Amets egiteko aukera izango bagenu, Viva Belgrado edo Berri Txarrak taldeekin.

Zer puntutan dago Mumia taldearen ibilbidea? Proiektu berririk?
Abiarazten, martxan jartzen. Taldearen sorkuntza baikortasun handiz hartu dugu eta nahiz eta aurretik aipatutako ustekabekoa izan dugun, gogoa eta ilusioa bere horretan mantentzen dira. Anbizioa bai, baina ez dugu inolako presarik. Aurretik izandako taldeetan presaka ibili gara askotan eta horrek ez digu ezer onik ekarri. Gauzak lasai egin nahi ditugu, erre gabe. Helmuga argi daukagu, baina mantso-mantso helduko gara.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak