→Arrigorriaga

Ormazabal eta Zipitria, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaren bila

Kanporaketa berean lehiatuko dira arrigorriagarrak, hilaren 28an, Plentzian. Bost kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala jokatuko dira udazkenean. Finala abenduaren 15ean izango da, Bilbao Arenan.

Arkaitz Zipitria Abdaiñoko kanporaketan, joan den udaberrian / BBT

Hastera doa Bizkaiko Bertsolari txapelketaren bigarren fasea. Urriaren 6an abiatuko da Gernikan, eta bost kanporaketa jokatu ostean, hiru finalaurrekoak eta finala etorriko dira. Finala Bilbao Arenan jokatuko da abenduaren 15ean. Kanporaketetan 30 bertsolari hasiko dira, aurreko fasetik sailkatutako 29, eta 2014an finalista izan zen Oihana Bartra. Bertsolari horien artean daude Arkaitz Zipitria eta Peio Ormazabal arrigorriagarrak, udaberriko fasea gainditu eta gero.

Bada, Arrigorriagako bi bertsolariak kanporaketa berean lehiatuko dira, urriaren 28an, Plentzian. Aitor Bizkarrak, Julen Ibarguengoitiak, Gorka Pagonabarragak eta Peru Vidalek osatuko dute kanporaketako bertsolarien taldea. Arratsaldeko bostetan egingo dute txapelketa, Plentziako Jai Alai pilotalekuan. Sarrerak salgai daude dagoeneko bertsosarrerak.eus atarian eta egunean bertan ere salgai egongo dira frontoiko lehiatilan, 16:00etatik aurrera.

Gainontzeko kanporaketak Gernikan (urriaren 6an), Santurtzin (urriaren 14an), Zornotzan (urriaren 21ean) eta Berriatuan (azaroaren 4an) ospatuko dira. Lehiatuko diren 30 bertsolarietatik 10 sailkatuko dira finalaurrekoetara, eta han izango dituzte zain 2016ko zortzi finalistak: Etxahun Lekue, Xabat Galletebeitia, Jone Uria, Ibon Ajuriagojeaskoa, Nerea Ibarzabal, Miren Amuriza eta Beñat Ugartetxea. Finalera 8 bertsolari helduko dira guztira.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak