→Arrigorriaga

Elkarlana eta umeen heziketa bilatzen du Arrigorriagan Ortuak taldeak

arrigorriaga 2016 ortu ekologikoa

2014ko udaberritik baratze ekologikoak lantzen ditu Arrigorriagan Ortuak Elkarteak. Astero hamabi lagunek parte hartzen dute soloan

2014ko udaberritik baratze ekologikoak lantzen ditu Arrigorriagan Ortuak Elkarteak. Astero hamabi lagunek parte hartzen dute soloan

Herri baratzeak gero eta nabarmenagoak dira gure gizartean. Horren adibide da Arrigorriagan Ortuak Elkarteak egiten duen lana: “2011ko udan herriko neska batzuk batu ginen ortuen inguruko proiektu bat egin nahian, horrelako espazioak faltan botatzen genituelako gurean eta aukera ematen zutelako bertan gai asko lantzeko”, dio Julene Urrutikoetxea elkarteko kideak: “Argi geneukan nekazaritza ekologikoa praktikan jartzeko lekua izango zela ortua, baita auzolanean aritzeko eta umeen heziketan laguntzeko ere”.

Kultur Etxean hainbat batzar egin ondoren, buruan zuten ideiari forma zehatza eman zioten eta ortu bakarra egitea erabaki zuten, betiere auzolanean kudeatutakoa. Horiek horrela, Udalari proiektua aurkeztu eta gero, 2014ko udaberrian partzela bat esleitu zitzaien: bost urtetarako zesioarekin eta luzagarria dena. “Partzelaren gainean autopista dago. Ez dira horiek baldintzarik ekologikoenak, baina bestelako aukerarik ez zegoenez, onartu egin genuen lekua”, dio Urrutikoetxeak. “Udala partzela atontzeaz eta perimetroan hesia ipintzeaz arduratu zen eta hortik aurrera lan eta gastu guztiak gure kontu hartu ditugu. Hortaz, autogestioa da gure oinarria”.

Auzolanean oinarrituta

Herri baratzeak auzolanean egindako proiektu batean dauka oinarria. Urrutikoetxeak dioenez, “proiektuaren garapena parte hartzean oinarritzen dela argi dugu, jendearen nahiak eta beharrak ezagutu ahal izateko”. Besteak beste, Arrigorriagako ortu ekologikoan garatzen dituzten jarduerak honakoak dira: kultiboen errotazioak eta elkarketak, hazien kudeaketa, landareak sortzea, izurriteen maneiu ekologikoa, purinak prestatzea, heskaien eta biodibertsitatearen garrantzia eta konposta egitea.

Gaur egun, hamabi pertsona inguruk parte hartzen du astero Herri Baratzean -astelehen eta asteazken arratsaldeetan eta larunbat goizeetan elkartzen dira ortuan-, “baina elkartearen partaideak hogeita hamar baino gehiago gara”, dio Urrutikoetxeak. Momentua aprobetxatuz, deialdia egin du Julenek: “Norbait animatuz gero, jakin dezala inongo konpromisorik ez duela hartu behar etortzen den maiztasunari dagokionez”. Herri Baratzean parte hartzeko nahikoa da arrigorriaganortuak@gmail.com helbide elektronikoan izena ematea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak