Sareak

☉ Arrigorriaga

Road to Himalayas: Arrigorriagatik Antartidara eta Nepalera, bi abentura paraleloan

Luis Aretxaga eta Jose Nieto Antartidan eta Iker Mediavilla eta Paki Vicedo Katmandun, Alex Txikonen Road to Himalayas espedizioan

|

Road to Himalayas espedizioa 2019-2020. Bertan izan dira Padura Mendi Taldeko kide batzuk / Alex Txikon / PMT

Betidanik izan du indarra mendizaletasunak Euskal Herrian. Batetik, punta-puntako kirolariak; bestetik, modu xumean mendiak eta naturak ematen dituen arnasguneez gozatzen duten herritarrak. Horiek biak batuta ikus ditzakegu egun hauetan Hego Uribe eskualdetik abiatuta jomuga bera duten bi espedizioetan. Izena bakarra da: “Road to Himalayas 2019-2020: Antartida – Ama Dablam – Everest”.

Kontua da Everestera neguko hirugarren espedizioa burutzen ari dela Alex Txikon egunotan, eta Himalayara joan aurretik Antartidako lurretara bidaia egin duela. Bi espedizio, eta bietan arrigorriagarrak topatu ditugu. Antartidara egindako bidaian Padura Mendi Taldeko Luis Aretxaga arrigorriagarra eta Jose Nieto sanmigeldarra izan dira; Arrigorriagatik Himalayara Iker Mediavilla eta Paki Vicedo herritarrek egin dute bidea: 13.000 kilometro autoz, hilabete luzeko bidaia batean. Eta Alex Txikon bera da bi espedizioak lotzen dituen haria. Lehenengo Antartidara bidaia egin du, eta handik bueltan, Himalayara hegaldia.

Road to Himalayas espedizioa 2019-2020. Jose Nieto eta Luis Aretxaga, Padura Mendi Taldeko kideak / Alex Txikon / PMT

I. LUR HOTZETARA. Espedizioen kronologiari jarraiki, Antartidakoari helduko diogu. Jakina da Alex Txikonek lotura handia duela Padura Mendi Taldearekin eta sarri elkarteko kideek parte hartu izan dutela lemoarraren abenturetan. Oraingoan, Jose Nietok eta Luis Aretxagak hartu dute parte hilabete iraun duen zeharbidean. Biak pinguinoekin zeudela, Javi Torreiro elkarteko zuzendari eta batzordeko kidearekin egin dugu berba: “Nik ere han egon behar nuen! A ze amorrua! Azkenean ezin, eta Luis eta Jose joan dira, biak kuadrillakoak ditut. Ederto dabiz! Argentinan, São Paulon eta Falkland uharteetan, Malvinetan, izan dira. Handik itsasontzian egin dute Antartidara bidaia”. Zazpi egun eta 1.000 kilometroko zeharbidea Melchior artxipielagora heldu arte. Itsasoa haserre omen zegoen, eguraldia ilun, baina Ypake II itsasontzia gidatzen duen Ezequiel kapitainaren trebeziak bidea xamurrago egin zuen. Abenduak 24. Bitartean, Euskal Herrian, Olentzeroren eta Mari Domingiren bisita jaso genuen.

Road to Himalayas espedizioa 2019-2020. Bertan izan dira Padura Mendi Taldeko kide batzuk / Alex Txikon / PMT

Hego Amerika eta Antartida artean dagoen biderik zuzenena da Drake bidegurutzea. Zuzenena eta laburrena ere bai, baina gure planetan dauden ekaitz-ur bizienak direla diote adituek. Ezequielen esanetan, bertan jasan dituzten haize-boladak Kariben izan balira 4 kategoriako urakana izango lirateke. Behin Antartidara helduta, “benetako abenturaren sentipena daukat”, dio Alex Txikonek sare sozialen bidez: “Hau da espedizio honetan bilatzen nuena, gizakiak eraldatu gabeko lurra, eremu autentikoak, eskalada alpinoa egiteko aukera izango dugu”. Astebete egin dute Antartidan eskalatzen eta Hegoaldeko Shetland uharteak ezagutzen. Handik bueltan Puerto Williamsera (Txile), 2019a atzean utzita itsasontzian eman diote ongietorria urte berriari. Nola bukatu, hala hasi: joateko bidaia haizetsua izan bazen, bueltakoan ere itsasoa zakar zegoen. Beldurra gorputzean sartuta, itsasontzia deriban libre jarri dute ekaitzari hobeto eusteko. Bidaiaren berri une oro emateko tresna darabilte taldean, Race Tracker izenekoa, eta interneten online begira daitekeena. Itsasoaren gorabeherek eragindako atzerapenen ondorioz, urtarrilaren 5ean heldu dira Txilera, etxera bueltako hegazkina hartzeko garaiz. Javirekin berba egin ostean jaso genituen lerrok ilustratzen dituzten espedizioaren lehen argazkiak.

Alex Txikon Road to Himalayas espedizioan 2019-2020 / Alex Txikon

II. 13.000 KILOMETRO. Eta honako guztia gertatu den bitartean, paraleloan, beste abentura baten berri izan dugu: Iker Mediavilla eta Paki Vicedo herritarrena. Arrigorriagako mendizale amorratua da Iker, Alex Txikonekin sarritan mendietan gora dabilena azkenaldian, eta bere bikotea da Paki, jatorriz cadiztarra, orain dela bederatzi urtetik Arrigorriagan bizi dena. Abentura ez da makala: Arrigorriagatik irten eta 13.000 kilometro egiten ari dira Isuzu auto handi batean Iker eta Paki, Alex Txikonen Everesteko espedizioan jardungo duten bi lagun galiziarrekin batera: Félix Criado eta Íñigo Gutiérrez Arce. Hilabeteko bidaia, ibilbide luzekoa: Frantzia, Italia, Eslovenia, Kroazia, Serbia, Bulgaria, Turkia, Iran, Pakistan, India eta Nepal.

Everesterako espedizioan beharrezkoa den material asko eramateaz gain, ongintzako bidaia ere bada hau. Urtarrilaren 4an Pakistanen zeuden. Arrasateko Institutu Publikoak emandako ehun eguzki plaka eta hamar eguzki labe eraman dituzte Islamabadera, Energiaren Euskal Erakundearen eta AWAREren lguntzarekin egindako ekarpena. Material guztia Karakorumeko atea den Askole herrira eramango dute, bertan martxan jar ditzaten.

Autoa hartu aurretik, Ikerrekin telefonoz berba egin genuen: “Hamabi lurralde gurutzatuko ditugu eta hori inoiz ez da erraza. Berez, Pakistango eremu batzuk dira arriskutsuenak, agian eskolta beharko dugu. Behin Katmandura helduta, Alexekin batuko gara. Bertan Ama Dablam igotzeko helburua dute. Paki eta biok treking igoera egingo dugu oinarrizko kanpamenduraino”. Hortik aurrera Alexek jarraituko du bere taldearekin: lehenik, Ama Dablameko igoerarekin, ondoren Everest mendiko tontorrera neguan heltzeko hirugarren ahaleginarekin.

Road to Himalayas espedizioa 2019-2020. Iker Mediavilla eta Paki Vicedo / Alex Txikon

III. PADURAREN ETORKIZUNA. Kontatukoak kontatu ondoren, edonork esango luke Padura Mendi Taldearen egoera ez dela batere xamurra izan azken hilabeteotan. Herriko elkarte tradizional bat izaki, zuzendaritza aldaketak beti dira astunak, zailak eta sarri ordezkorik gabeak. Eta horixe bera izan da Padura Mendi Taldean gertatu dena, baina, kasu honetan, emaitza positiboarekin. “Urte amaieran elkartea berritzeko batzarra deitu genuen, zuzendaritzan zortzi urte eman ditugulako, eta berritzeko garaia zelako. Ez zen talderik aurkeztu, gogo gutxi sumatu genuen, eta argi utzi genuen gu bagindoazela eta elkartea bere horretan geratuko zela zuzendaritzarik gabe”, dio Javier Torreirok, azken zortzi urteotan zuzendaritza batzordeko kide izan denak. Alarma gorria pizteak eragina izan zuen eta badago bospasei laguneko talde bat zuzendaritza hartzeko prest dagoena; tartean, bi arrigorriagar, horietako bat Alberto Ruiz de Azua herriko alkate izandakoa: “Gero eta zailagoa da biziraupena, zuzendaritzarik gabe jai dutelako halako elkarteek. 250-300 bazkide ditu Padura Mendi Taldeak: irteerak, ikastaroak, mendi astea, mendirako materiala doan lortzea… Bazkideak bai, baditugu, elkarteak ematen duen zerbitzua txukuna delako, baina zaila da horren guztiaren ardura musu-truk hartu gura duen lagun taldea topatzea”. Horiek horrela, Padura, Baskonia eta Ganguren Mendi Taldeek egiten duten lana ere goraipatu du Javik.

☉ Arrigorriaga

Argazkiak | Sorginek eta mamuek Arrigorriagako Gau Beltza hartu dute etxeko txikiekin

Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek

|

Mozorratutako neskatxo bat, Arrigorriagan // Geuria

Heldu da urriaren azken eguna eta horrekin… Gau Beltza. Azken urteetan ikusi denez, Hego Uribeko udalerri askotan antzinako tradizio hau berreskuratzen joan dira herritarrak eta Arrigorriagan ez dira gutxiago izan.

Izan ere, Arrigorriagako Gau Beltza etxeko txikientzat eta gazteentzat prestatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek 17:30ean. Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute, sorginen txano eta sendabelarren artean. Ondoan, kalabazak apaintzeko eta aurpegiak margotzeko eta eskulan-tailerra prestatu dute.

Orduek aurrera egin ahala, herritarrak udaletxeko plazara hurbiltzen hasi dira, askotariko mozorroekin jantzita eta jolas eta koreografiak egin dituzte bertan. Amaitzean kalejira antolatu dute herriko kaleetan barrena.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Mendi Asteak emakumeen ahotsak ekarriko ditu Lamiaena eta Lonbo aretora

Aurtengo hitzaldietako protagonistak Igone Mariezkurrena, Elixabete, Johanna eta Bego hirukotea eta Pipi Cardell izango dira

|

Lesothora egindako bidaiaren argazki bat // Igone Mariezkurrena

Azaroaren 10etik 20ra Mendi Astea antolatu du Padura Mendi Taldeak Lamiaena Emakumeen Etxean eta Lonbo aretoan.

Aurtengo hitzaldietako protagonistak Igone Mariezkurrena, Elixabete, Johanna eta Bego hirukotea eta Pipi Cardell izango dira. Gainera, Alex Txikon beste urte batez hurbilduko da Lonbo aretora.

Saioak arrastietan izang0 dira eta sarrera doakoa izango da.

Egitaraua | Arrigorriagako Mendi Astea 2025

Azaroak 10, astelehena
20:00 Igone Mariezkurrena: ‘Leshoto, mendietako erresuma afrikarra, bizikletaz’, Lonbo aretoa

Azaroak 13, osteguna
19:00 Elkarregaz (Elixabete, Johanna eta Bego): ‘GR 11, zeharkaldi bat baino gehiago’, Lamiaena

Azaroak 18, asteartea
20:00 Pipi Cardell: ‘Nanga Parbat (8.125mt) – Via “Nezabudka”‘, Lonbo aretoa

Azaroak 20, osteguna
20:00 Alex Txikon, Lonbo aretoa

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Argazkiak | Ehun arrigorriagar baino gehiagok Heidelberg enpresan gertatutako heriotza-istripua salatu dute herriko plazan

“Eredu berri bat behar dugu Euskal Herrirako, enpresen irabazi ekonomikoen aurretik langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duena. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu, eta horren alde borrokatu eta antolatuko du langileriak”, aldarrikatu dute herritarrek

|

Herritarrak, udaletxe aurrean elkartuta // Geuria

Gaur arrastian joan den urriaren 22an Arrigorriagako Heidelberg enpresan gertatutako heriotza-istripua salatu dute herritarrek, udalatxe aurreko plazan.

Elkarretaratze isila izan da, 20 minutu ingurukoa. Amaitzerakoan adierazpenak egin dituzte: “Istripuak ez dira kasualitateak sortuak. Ematen diren prekarizazioaren eta lan baldintzen ondorio zuzenak dira. Patronalaren aldetik, kapitala langileen segurtasunaren gainetik jartzearen ondorioz. Lan istripu bat eragiten duen makinak ez du lan osasunerako araudia betetzen; Eusko Jaurlaritzari dagokio enpresei lan-osasun araudia betearazteko bitartekoak jartzea eta ez dute egiten”.

Herritarrek elkartasuna eta babesa adierazi diete istripuaren ondorioz zendu zen langileari. “Eredu berri bat behar dugu Euskal Herrirako, enpresen irabazi ekonomikoen aurretik langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duena. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu, eta horren alde borrokatu eta antolatuko du langileriak. Aski da, bizitzak erdigunean!”.

19:45ak inguru amaiera eman diote elkarretaratzeari, txalo zaparrada batekin.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Gazteen hiru laurdenak ezin du emantzipatu Arrigorriagan, udal diagnostikoaren arabera

Txostenaren helburua  “joera demografikoak, egoera sozioekonomikoa eta etxebizitza parke publiko zein pribatuaren ezaugarriak” ezagutzea dela adierazi dute udal ordezkariek

|

Udalak bi aurkezpen publikoa egingo ditu, bata azaroaren 6an eta bestea 12an // Geuria

Arrigorriagako Udalak herriko etxebizitza diagnostikoa egin du, udalerriko etxebizitza egoeraren argazki zehatza jasotzeko asmoz. Txostenaren helburua  “joera demografikoak, egoera sozioekonomikoa eta etxebizitza parke publiko zein pribatuaren ezaugarriak” ezagutzea dela adierazi dute udal ordezkariek.

Ikertaldek eraman du azterketaren ardura, eta haren arabera, “udalerriak %10,7ko hazkunde demografikoa izan du 2001etik, Euskal Autonomia Erkidegoko batez bestekoa gaindituz”.

Hazkunde hori, Bilbo Handiko migrazio-dinamiken ondorioz izan da batez ere, eta ondorioz, etxebizitza-premia duten gazteen kopurua ere handitu egin da.

Aldiz, eskaintza  ez da erritmo berean hazi, eta horrek prezioetan eragin nabarmena izan du. Horren erakusgarri da Etxebiden izan den eskari kopurua, Arrigorriagan inguruko herrietan baino handiagoa dena.

Gazteen egoerari dagokionez, emantzipazio-tasa orokorra %28,1ekoa da, EAEko batez bestekoaren azpitik. Hau da, 34 urtetik beherakoen ia hiru laurdenek ezin dute emantzipatu gaur egun. Auzoen artean aldeak daude: Abusun %36,1eko tasa da, eta Herrigunean %24,9koa.

Bestalde, udalerriko etxebizitzen %10a hutsik dago, eta azken urteetan ez da nabarmen handitu alokairura bideratutako etxebizitzen kopurua. Salerosketaren erritmoak ere behera egin du, eta gaur egun metro karratuko prezioa 2.400 eurotik behera dago, Bilbo Handiko batez bestekoaren azpitik.

Gardentasuna eta etorkizunerako oinarri sendoak

David Cidre Hirigintza zinegotziaren hitzetan, diagnostikoa “gardentasun-ariketa bat” da, etorkizuneko etxebizitza politiken oinarria, hain zuzen ere: “Emaitzek argi erakusten dute Arrigorriaga udalerri erakargarria dela, baina, aldi berean, etxebizitza eskuratzeko arazoak badaudela. Guretzat, etxebizitza oinarrizko eskubidea da, eta ez inbertsio espekulatiborako merkantzia”.

Udal gobernuak etxebizitzaren erronkari aurre egiteko duen asmoaz ere hitz egin du Cidrek: “Txosten hau hasiera besterik ez da. Orain, azterketan identifikatutako arazoei erantzungo dieten neurri zehatz eta ausartak zehazten ari gara”.

Zailtasunak zailtasun, Arrigorriagako Udalak etxebizitzaren egoera hobetzeko hainbat pauso eman dituela nabarmendu nahi izan dute udal gobernutik.

Duela urtebete onartu zen behin betiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, eta aurten bertan, Maite Ibarra alkatea, David Cidre eta Josetxu Olivares arkitekto aholkularia Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendari Pablo García Astrainekin bildu ziren, babes sozialeko 127 etxebizitza eraikitzeko hiru orube eskaintzeko.

Horrez gain, gobernu taldea beste udal batzuetako proiektuak bertatik bertara ezagutzen aritu da, etxebizitza arloko esperientziak partekatzeko helburuarekin.

Herritarrentzako aurkezpenak azaroan

Txostenaren emaitzak herritarrek gertutik ezagutzeko, Udalak bi aurkezpen publiko antolatu ditu:

  • Azaroaren 6an, 19:00etan, Edurne Garitazelaia kultur etxean (Azokea aretoa)

  • Azaroaren 12an, 19:00etan, Abusuko Zentro Soziokulturalean

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Bideoa | Dozenaka pertsona elkartu dira Arrigorriagan Heidelberg enpresan gertatutako lan-heriotza salatzeko

LAB: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea. Harrapaketa sor dezakeen edozein tresna egokitu beharra dago”

|

Gaurko elkarretaratzea, Arrigorriagako udaletxe aurreko plazan // Geuria

“Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte” lelopedun pankartarekin dozenaka pertsona elkartu dira Arrigorriagako udaletxeko plazan, joan den asteazkenean Heidelberg enpresan gertatu zen lan-heriotza salatzeko.

Elkarretaratzea LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek deitu dute: “Dauzkagun datuen arabera, torno batek harrapatuta hil zen eskualdeko langile bat”, azaldu du Agus Figal LABeko Hego Uribe eskualdeko arduradunak. “Gaur elkartu garen sindikatuok egoera hau salatu nahi dugu”, izan dira sindikatuko ordezkariaren berbak.

LABeko ordezkarien arabera, Heidelberg enpresan gertatutako istripua “ekidin zitekeen”: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea. Harrapamendua sor dezakeen edozein tresna egokitu beharra dago. Lan-kodeak argi esaten du hori hala egin behar dela”.

LAB: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea”

Elkarretaratzean egon diren herritar batzuk // Geuria

Agusen hitzetan, lan prebentziorako eskumena Eusko Jaurlaritzarak dauka: “Baina, Jaurlaritzak beharrezkoak diren aldaketak egiteko zein behar diren prebentzio neurriak hartzeko presioa egin beharrean, enpresei nahi dutena egiten uzten die. Ondorioz, honelako ondorio larriak gertatzen dira”.

LAB: “Jaurlaritzak beharrezkoak diren aldaketak egiteko zein behar diren prebentzio neurriak hartzeko presioa egin beharrean, enpresei nahi dutena egiten uzten die”

Ezbeharra gertatu zenetik ekimen ezberdinak antolatu dituzte eskualdean: ELAk elkarretaratzea deitu zuen enpresa aurrean; gaur, euskal gehiengo sindikalak Arrigorriagako elkarretaratzea antolatu du.

Hurrengo astelehenean, herrian ere beste elkarretaratze bat deitu du herri mugimenduak, 19:30ean, “Prekarietateak hiltzen du” lelopean.

Osorik irakurri