Sareak

☉ Arrigorriaga

Rober Noval arrigorriagarra epaituko dute Audientzia Nazionalean, 11/13 makroepaiketan

47 lagun daude auzipetuta guztira Espainiako Auzitegi Nazionalean: Herrira mugimenduan ibilitakoak, Jaiki Adi eta Etxerat elkarteetakoak, Bitartekariak eta euskal presoen abokatuak. Fiskalak 601 urteko eskaera egin du, denera. Roberto Noval Arostegik 13 urte eta erdiko espetxe zigor eskaerari egin behar dio aurre.

|

Herrirako kide izateagatik epaituko dute Roberto Noval / Raphael Tsavvko

47 lagun daude auzipetuta guztira Espainiako Auzitegi Nazionalean: Herrira mugimenduan ibilitakoak, Jaiki Adi eta Etxerat elkarteetakoak, Bitartekariak eta euskal presoen abokatuak. Fiskalak 601 urteko eskaera egin du, denera. Roberto Noval Arostegik 13 urte eta erdiko espetxe zigor eskaerari egin behar dio aurre. Irailaren 16an hasiko da epaiketa, Madrilen. Rober Herrira mugimendiak asanblada irekia deitu du gaur, ekainak 5, Arrigorriagan (19:00etan,udaletxean), Roberri elkartasuna adierazi eta auzia gizarteratzeko.

Irailaren 16an hasi eta gutxienez hiru hilabetez luzatuko da 11/2013 sumarioan auziperatuta dauden 47 herritarren aurkako epaiketa. Sumarioak 2013ko irailean Herriraren kontra eginiko polizia operazioan du jatorria. Operazio horren baitan auziperatu zuten Rober Noval arrigorriagarra. 2014ko urtarrilean egin zuten bigarren polizia operazioa, bitartekari taldeko zortzi lagunen aurkakoa, eta hurrengo urtean, abokatuen eta beste lau lagunen aurkakoa. 2015eko martxoan,bestalde, Jaiki Hadiko eta Etxerateko kideak atxilotu zituzten.

Atxilotutako batzuk espetxeratuak izan ziren, eta den denak auziperatuak. Geroztik behin-behineko askatasunean daude, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituak izateko zain. Urteotan guztiotan sinatzera joan behar izan dute hamabostean behin, eta debekatua izan dute Espainiatik irtetea.

Auzipetuek ohar batean azaldu dutenez, “estatuaren estolderietan sorturiko auzibidea” da 11/2013 sumarioa, “astakeria juridiko eta soziala”. Audientzia Nazionalak presoen eskubideen alde egin duten lana epaituko duela diote: “Euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioak antolatzea, presoen osasuna zaintzea, presoak epaitegietan defendatzea, bitartekari lanak egitea, presoen senideak izatea eta sakabanaketari aurre egiteko antolatzea. Hau izan da gure lana, eta hau da epaitzera doazena”. Euren ustetan, agerikoa da mundu osoan ematen ari den inboluzioa eta eskubideen urraketa: “Horren adibide argia da oraindik orain euskal presoek bizi duten egoera. Urrutira joan gabe Altsasuko gazteen kasuak eta Katalunian gertatzen ari denak erakusten digute erregresio eta jazarpen egoera honen norainokoa”.

Espetxearen mamua

Epaiketaren zain dauden bitartean, auziperatuentzako eta hauen familientzako une gogorrak izaten ari direla diote komunikatuan: ” Guk espetxearen mamua dugu parez pare. Gure hurbilekoek gure ausentziaren, sakabanaketaren eta finean maite duten pertsona bat preso izatearen mamua dute parez pare. Egoera gogorra da beraz, ez dugu ukatuko”.

Auzipetuak eta fiskalaren eskaerak:

ABOKATUAK
Arantza Aparicio (11 urte). Ainhoa Baglietto (11 urte). Iñaki Goioaga (11 urte). Ane Ituiño (11 urte). Amaia Izko (11 urte). Eukene Jauregi (11 urte). Jaione Karrera (11 urte). Aiert Larrarte (11 urte). Kepa Manzisidor (11 urte). Onintza Ostolaza (11 urte). Atxarte Salvador (11 urte). Alfonso Zenon (11 urte). Haizea Ziluaga (11 urte).

EPPK-REN BITARTEKARI TALDEA
Mikel Almandoz (12 urte). Asier Aranguren (12 urte). Jose Luis Campo (12 urte). Jon Enparantza (14 urte). Egoitz Lopez de Lacalle (12 urte). Aintzane Orkolaga (12 urte). Aitziber Sagarminaga (12 urte). Arantza Zulueta (14 urte). Naia Zuriarrain (8 urte).

ETXERATIzaskun Abaigar (11 urte). Nagore L. de Luzuriaga (11 urte).

HERRIRA
Jesus Mari Aldunberri (13,5 urte). Fran Balda (20,5 urte). Jabier Carballido (17 urte). Amaia Esnal (13,5 urte). Jose Antonio Fernandez (15 urte). Jon Garai (13,5 urte). Nagore Garcia (13,5 urte). Gorka Gonzalez (14,5 urte). Eneko Ibarguren (13,5 urte). Imanol Karrera (14,5 urte). Sergio Labaien (13,5 urte). Emilie Martin (*). Jon Mindegiaga (15 urte). Ibon Meñika (15 urte). Roberto Noval (13,5 urte). Nagore San Martin (17 urte). Oskar Sanchez (13,5 urte). Manu Ugartemendia (14,5 urte). Eneko Villegas (13,5 urte). Beñat Zarrabeitia (13,5 urte). Ane Zelaia (14,5 urte). Ekain Zubizarreta (13,5 urte).

JAIKI HADI
Fernando Arburua (11 urte). Oihana Barrios (11 urte).

☉ Arrigorriaga

32. Ume Mendi Ibilaldia antolatu du Arrigorriagako Padura Mendi Taldeak

Maiatzaren 26an antolatu dute 32. edizioa eta urtero lez, proba laburra eta luzea izango ditu

|

Pastorekorta // Geuria

Maiatzaren 26an 32. Ume Mendi Ibilaldia antolatu du Arrigorriagako Padura Mendi Taldeak. Urtero lez, kirol proba honek kategoria bi izango ditu, eta biak Arrigorriagatik abiatuko dira: Laburra (7,81km eta 214 metroko desnibelekoa) eta Abrisketako Done Peritik, Benta Handia eta Mendikosolotik igaroko da. Luzea, ordea, (11,64km eta 535 metroko desnibelekoa), Otxandioko Atxatik, Pastorekortako tontorretik eta Txus iturritik igaroko da.

“Luzeak, anoa-gune bat izango du ibilbidean. Laburrak, ordea, ez”, azaldu dute Euskal Mendi Federaziotik. “Baina, amaieran, ibilbide bietako parte-hartzaileek indarrak berreskuratzeko jakiak izango dituzte helmugan, baita opari-poltsa bat ere”.

Izen emateak eta ibilbideen trackak Euskal Mendi Federazioaren webgunearen bidez ikus daitezke.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Abusu Casting Klubak Arrantza Opena egingo du taldearen 25. urteurrenean

Hitzordua ekainaren 23an izango da eta 450 euro eta kirol materiala banatuko dituzte sarietan

|

Abusu Castingeko Mikel Jimenez kidea // Abusu Casting Klub

Abusu Casting Klubak mende laurdena bete du aurten eta ospakizun modura Arrantza Open 25 jarduera prestatu dute Arrigorriagako auzoan. Hitzordua ekainaren 23an izango da eta 450 euro eta kirol materiala banatuko dituzte sarietan.

“25. urteurrenean egun berezia antolatu dugu Abusun”, azaldu dute elkarteko ordezkariek. “Hori horrela, herritarrak gonbidatu nahi ditugu Korrokoiak arrantzatzera”. Jardueran parte hartzeko arrantza klubarekin harremanetan jartzea eskatu dute 678 51 84 64 telefono zenbakira deituz.

Lehen saria 200 euro, txapela eta trofeoa izango da; bigarrena 150 euro eta trofeoa; hirugarrena 100 euro eta trofeoa. Laugarren postutik hamargarreneraino kirol materiala banatuko dituzte parte-hartzaileen artean. “Parte-hartzaile guztiek saria jasoko dute hala ere”, gehitu dute arrantza taldetik.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Harreman komunitarioak indartzea izango dute helburu Arrigorriagako Aniztasun Kulturalaren II.jardunaldiek

Astebeteko programazio oparoa osatu dute, herrigunean zein Abusun: tailerrak, hitzaldiak, erakusketak, prestakuntzak, mahai-inguruak eta baita zineforuma ere

|

Jardunaldien aurkezpena / Arrigorriagako Udala

2022an abiarazitako bideari segida eman eta Arrigorriagako Udalak, Harrera eta Zubietxe elkarteekin batera, Aniztasun Kulturalaren II.jardunaldiak antolatu ditu maiatzaren 20tik 26ra bitartean. Aukeratutako datak badauka bere sinbolismoa, maiatzaren 21a Elkarrizketa eta Garapenerako Kultur Aniztasunaren Munduko Eguna baita.

Jardunaldi hauen helburu nagusia “harreman komunitarioak sustatzea da”, eta horretarako astebeteko programazio oparoa osatu dute, herrigunean zein Abusun: tailerrak, hitzaldiak, erakusketak, prestakuntzak, mahai-inguruak eta baita zineforuma ere. Gainera, giza liburutegiaren esperientzia errepikatuko da: munduko hainbat lekutatik etorritakoek beren migrazio-esperientziak kontatuko dituzte. Jardunaldiak igandean amaituko dira, munduko ogien dastaketa eta arepak egiten ikasteko tailerrarekin.

Udal ordezkariek azaldu dutenaren arabera “jardunaldiak Udalaren eta Arrigorriaga Harrera eta Zubietxeren, kulturartekotasunaren, migrazioen esparruan eta gizarte-bazterkeriaren aurka lan egiten duten erakundeen, arteko elkarlanaren emaitza dira”.

Prestatu dituzten ekitaldiekin arrigorriagarren errealitateen arteko hurbilketa eragin nahi dute, beti “hemen bizitzea erabaki dutenekin harrera-herri solidarioa izateko konpromisotik abiatuta”. Maite Ibarra, Arrigorriagako alkateak, jardunaldi hauen balioa nabarmendu nahi izan du:”Ez dugu ahaztu behar gure amek, aitona-amonek edo izekoek ere beste herrialde batzuetara emigratu zutela edo hona etorri zirela urte askoan zehar. Ziur gaude aurreiritziak uxatzeko modurik onena hurbiltzea eta entzutea dela”.

Harrera gida eguneratua

Bestetik, 2022ko jardunaldietan argitaratu zen Harrera Gida, Arrigorriagara iristen diren migratuei dauden baliabide eta zerbitzuei buruzko informazioa ematen diena, arabieraz, frantsesez eta ingelesez berrargitaratu eta eguneratuko dela zehaztu dute Udaletik.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagatik Martiarturainoko herriguneko bidegorri zatia urte amaiera baino lehen konponduko dute

Bizkaiko Foru Aldundiak, bere partetik, Ugaoko Ondategi auzoko bidegorri zaharraren trazadura aprobetxatuko du Arrigorriagako Martiartu auzoa eta Ugao etorkizunean modu seguruan lotzeko

|

Bidegorriaren amaiera, Martiartun // Geuria

Arrigorriaga eta Ugao etorkizunean lotuko duen bidegorriaren lanak astiro baina aurrera doaz. Duela egun batzuk, maiatzaren hasieran, Arrigorriagako Udalak herriguneko bidegorri zati batzuk hobetu eta birmoldatzeko eskaintzak aurkezteko epea zapaldu zuen. Iragarpen hartan Arrigorriaga eta Ugao lotuko dituen bidegorria aipatu zuten, 2022an inauguratutako herrigunetik Martiarturainoko bidegorriari jarraipena emango diona.

“Gure helburua mugikortasun jasangarria indartzen jarraitzea da”, azaldu zuen David Cidre Arrigorriagako Hirigintza, Auzoak eta Etxebizitzako ziengotziak duela astebete. “Proiektu honen bidez, oinezkoen eta bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzea eta bideragarri eta seguru bihurtzea da helburua”.

Gaur egun, Arrigorriagatik datorren bidegorri zatia Martiartu industrialgunearen sarreran amaitzen da. Hala adierazten du industrialgunearen sarreran ikus daiteken seinale bertikal batek (goiko argazkia). Honek esan nahi du Arrigorriagatik Ugaora joan nahi duen txirrindulari batek bidegorria utzi eta Bi-625 errepidea erabili behar duela, halabeharrez.

Arrigorriagako Udalaren hurrengo urratsa bidegorriak Arrigorriagan zehar dituen zati jakin batzuk konpontzea da, Basauriko bidegorriarekiko loturatik Ugertza parkean dagoen eta Martiartu auzora doan zubiaz bestalderaino. Arrigorriagak 366.696 euro bideratuko ditu guztira proiektu honetara Herriak Egiten funtsen bidez emandako transferentziak aprobetxatuz eta jarduketen artean bizikletentzako eta oinezkoentzako bide bereiziak eraikitzea, seinale bertikalak eta horizontalak jartzea, barandak jartzea eta zoladura-lanak egitea aurreikusi dute.

David Cidre: “Proiektu honen bidez, oinezkoen eta bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzea eta bideragarri eta seguru bihurtzea da helburua”

Cidreren arabera, Arrigorriagako HAPOa “gutxi barru” onartuko du Arrigorriagak eta helburua bidegorriaren eraberritze-lanak ahalik eta lasterren martxan jartzea da: “Gure asmoa bidegorriaren zati hau urtea bukatu baino lehen prest egotea da”, izan dira Hirigintza zinegotziaren berbak.

Ugaoko Ondategi auzoko bidegorria, gaur egun // Geuria

Ugaorako konexioa

Arrigorriagako azken zati hori eginda, eman beharreko hurrengo urratsa bidegorria Ugaorekin konektatzea litzateke. Martiartu eta Ugao arteko bidegorri zatia egitearen eskumena Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio. Cidreren arabera, Ugaora helduko den bidegorri zatia ibaiaren ibilgutik doan “bidegorri zaharraren zati batzuk” moldatuko lituzkete Ugaora heltzeko.

Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak informazio hori berretsi eta Martiartu eta Ugao lotuko duen bidegorria ibaiaren eskumaldeko ibilgutik uztartuko duela azaldu dio GEURIAri (Arrigorriagatik datorren alde beretik, alegia): “Ugaoko hilerritik Martiartura noranzkoan badago gaur egun auzoko errepidearekin elkarbanatzen duen bidegorri txiki bat”, izan dira Ugaoko alkatearen berbak, eta hasiera batean bidegorria Bi-625 errepidearen parean jartzea bazen ere, Mentxakak azpimarratu du trazadura gertuegi egongo litzatekeela bai errepidetik, baita Renfeko trenbidetik: “Bidegorria bertatik igarotzea arriskutsua litzateke”.

Martiarturantz doan bidegorri hori Ondategi auzotik igarotzen da baina Arrigorriagara heldu baino lehen mozten da txirrindularientzako. Foru Aldundiaren asmoa, beraz, bidegorri horren trazadura aprobetxatuz bidegorria Martiartura eramatea da.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Igandean Euskararen alde 1000 buelta emateko gonbitea luzatu die Abusu Ikastolak auzotarrei

Euskara sustatzeko ekimena antolatu du Abusu Ikastolak igande honetarako, 10:00etatik 14:00etara Kaños eta Ibaizabal parkeen artean

|

Ibilbidea 10:00etatik 14:00etara egongo da zabalik / Abusu Ikastola

Hitzordu berezia izango dute Abusuko auzotarrek igande honetan, maiatzak 19, ikastolak Abusun Euskarari, 1000 baietz! ekimena antolatu baitu. Antolatzaileek adierazi dutenaren arabera, “Abusun euskara sustatzeko ekimena jarriko dugu martxan guztiok batera. Helburua, zehaztutako ibilbide zirkular bati, Kaños eta Ibaizabal parketik, 1000 buelta ematea lortu behar dugu, bertaratutako guztion artean, Euskal Herriari buelta sinbolikoa emanez”.

Ibilbidea 10:00etatik 14:00etara egongo da zabalik, eta oinez, korrika, bizikletan edo patinetean egiteko aukera egongo da. Bakoitzak ematen dituen bueltak zenbatu ahal izateko akreditazioak Abusu Ikastolako idazkaritzan lortu daitezke, bai egunean bertan, edo bai gaurtik aurrera, bi eurotan.

Osorik irakurri