Sareak

☉ Arrigorriaga

Roberto Noval: “Espetxearen mamuarekin bizi gara gu eta gure hurbilekoak”

Irailaren 16an Euskal Herriko 47 lagun epaituko dituzte Madrileko Auzitegi Nazionalean, 11/13 sumarioaren baitan. Herrira, Etxerat eta Jaiki Hadiko kide ohiak dira auzipetuak, baita bitartekari zein abokatu lanetan jardun duten herritarrak ere.

|

hamahiru urte eta erdiko zigor eskaerari egin behar dio aurre arrigorriagarrak / Geuria

Irailaren 16an Euskal Herriko 47 lagun epaituko dituzte Madrileko Auzitegi Nazionalean, 11/13 sumarioaren baitan. Herrira, Etxerat eta Jaiki Hadiko kide ohiak dira auzipetuak, baita bitartekari zein abokatu lanetan jardun duten herritarrak ere. Erakunde armatuko kide izatea eta terrorismoa goratzea egozten dizkiete akusatuei, eta fiskalak 601 urteko espetxe-zigor eskaera egin du denera. 2013 eta 2015 urteen artean atxilotutako 47 lagunek zortzi eta hogei urte arteko espetxealdi zigorrei egin behar diete aurre.

Roberto Noval arrigorriagarrak hamahiru urte eta erdiko zigor eskaera jaso du fiskalarengandik. 2013an atxilotu zuten, Herrirako kide izateagatik, eta sei urte pasa ditu epaiketaren eta espetxearen mamuarekin. Novalek esker hitzak izan ditu “euskal presoenganako elkartasunaren kriminalizazioa” salatzeko antolatu diren dinamikengatik, baita denbora tarte honetan jaso dituen animo mezuengatik ere. Kezkatuta azaldu da Madrilen espero duen epaiketarengatik, “gu epaituak izateagatik baino, presoen auzian Estatuak konponbiderako erakutsi duen blokeo sistematikoaren aldeko jarrera berretsi dezakeelako”.

Nolatan zaude 11/13 epaiketan auzipetuta?
Herrirako kide aktiboa nintzen. Bizkaian aritzen nintzen batez ere, bozeramaile lanetan. Preso eta iheslarien eskubideen alde lan egiten genuen guk: eskubideen urraketak salatu, mobilizazioak antolatu, sentsibilizazio kanpainak diseinatu eta prentsaurrekoak egiten genituen. Oso egoera politiko berezi baten baitan jaio zen Herrira, 2011n ETAk borroka armatua utzi eta gero. Testuinguru berri horretan, egoerak eskatzen zuen konponbiderako fasea artikulatuko zuen taldea sortzea zen gure helburua. Lan publikoa egiten genuen, gure jarduna euskal preso eta iheslariek bizi zuten egoera gizarteratzea baitzen. Helbururik behinena, gatazkaren konponbiderako ekarpena egitea zen, presoen alorrari lotutako sufrimendua gainditzearen aldeko apustu bat. Hori izan da gure lana eta horregatik gaude epaiketaren zain.

Zelan gertatu zen atxiloketa?
Astelehenero Hernanin Herrirako kideok egiten genuen bileretako batean gertatu zen. Guardia Zibilak mahai-nazionala deitzen dio batzar horri, baina egiatan herrialde ezberdinetako arduradunen batzarra baino ez zen. Hernanin genuen egoitza, leku publikoa zen eta jende guztiak zekien hor geundela. 2013ko irailean, kurtso politikoa prestatzen ari ginela, Guardia Zibila agertu zen Hernanin: gure egoitzako atea bota eta metrailetekin eta txakurrekin sartu ziren barrura, armekin gugana apuntatuz. Nahiko atxiloketa bortitza izan zen, guztiz publikoa eta ezaguna zen batzarrean geundela kontuan hartzen badugu. Guardia Zibilek egun osoa eman zuten egoitza miatzen eta gu haiekin izan gintuzten operazioak iraun zuen bitartean. Intxaurrondoko kuartelera eraman gintuzten ondoren, eta Intxaurrondotik Madrilera. Hiru gau pasa genituen bertan, Auzitegi Nazionalera deklaratzera eraman gintuzten arte. Zorionez, atxilotutako gehienak momentuan bertan utzi gintuzten libre, 20.000 euroko fidantza ordaindu eta gero. Ordutik zeharo baldintzatuta bizi gara: hamabostero joan behar dugu epaitegira sinatzera eta Estatutik irteteko debekua ezarri digute. Halaber, preso eta iheslarien eskubi- deen defentsan aritzeko debekua jarri digute.

Zer egozten dizute zuri?
Herrirako kide izatea. Eta noski, Guardia Zibilarentzat ETAren parte da Herrira. Azken batean, Auzitegi Nazionalak eta Guardia Zibilak defendatzen duten “dena da ETA” teoriaren beste adierazpen bat izan da gure atxiloketa. Erakunde armatuko kide izatea leporatuta 11 urteko espetxe eskaera daukat nik, eta horrez gain, beste bi urte eta erdiko eskaera daukat ongietorriak antolatzeagatik. Herrira sortu zenetik atxilotu gintuzten arte, Euskal Herrian ospatu diren ongietorri guztien ardura egozten digute Herrirako kideoi.

Ba al zenuten atxiloketaren susmorik?
Gure artean komentatzen genuen poliziak gertutik jarraitzen gintuela, Herriran egiten genuena ondo baino hobeto ezagutzen zutela. Dena den, sortu berri zen testuinguru politiko horretan ez genuen espero horrelako sarekadarik etor zitekeenik. Borroka armaturik gabeko egoera berria bizi zuen Euskal Herriak eta gatazkaren konponbidearen baitan ilusioa zegoen jendartean. Hainbat gizarte eragilek eta alderdik presoen alorrean egin beharreko lana azpimarratu zuten, eta Herriran horretan ari ginen bete-betean. Estatuaren baitan, ordea, konponbiderako urratsik ez ematearen aldekoak egon dira beti, botere handikoak, eta uste dugu atxiloketen sarekada horien aginduz etorri zela.

Zelakoak izan dira azken sei urteak?
Lehenik eta behin, esan beharra daukat argi dudala egin nuen lana erabat zilegia izan zela. Ez gara lehenak izan euskal preso eta iheslarien alde lan egiten, eta zorionez, ez gara azkenak izan. Hala ere, urte hauek erabat baldintzatuta bizi izan ditugu, eta ez guk bakarrik, gure senideek, bikoteek eta lagunek ere bai. Batzuek azalpenak eman behar izan dituzte euren lantokietan. Hori izan daiteke errepresioaren alde ezkutuetako eta gogorrenetako bat, kanpotik ikusten ez den alde iluna. Buruan bueltaka duzu etengabe epaiketaren zain zaudela, egunen batean Madrilera joan beharko duzula. Fiskalaren espetxe zigor eskaera ezagutu nuenean, presioa areagotu egin zen eta ezinegona sentitzen dut sarritan. Emozionalki desorekatzen zaitu halako egoera batek, eta epe laburrera baino, gehiago kezkatzen naute luzera izan ditzakeen ondorioek. Atxilotuak izan diren lagunak ditut, kartzelaratuak eta torturatuak izan direnak, eta epe luzera sufritu dituzten gaitzak ezagutzen ditut.

Zer espero duzu datozen egunetan abiatzear den epaiketatik?
Euskal herritarrok, zoritxarrez, eskarmentu handia dugu Auzitegi Nazionalean eta badakigu han ez digutela ezer oparituko. Honek guztiak zerbaitetarako balio dezan nahi dugu, eta bi dira argi utzi nahi ditugun mezuak: lehena, euskal jendarteak jakin egin behar duela euskal preso eta iheslarien errealitatea zein den, euren eskubideen urraketa sistematikoa gertatzen dela maiz eta presoen afera konpontzeko egiten diren ahaleginak zapuzteko borondate politikoa existitzen dela Estatuan. Bestetik, oraindik ere kartzelaratuta eta deportatuta dauden 248 lagun daudela dispertsio eta salbuespen politiken eraginpean. Hori da planteatzen dugun benetako arazoa. Gure epaiketa egoera hori luzarazteko Estatuak egin duen beste saiakera bat baino ez da.

Kartzelaren beldur zara?
Noski. Epaiketaren zain zauden bitartean momentu latzak bizi dituzu zeure buruarekin eta baita zure ingurukoekin ere. Auzipetuok espetxearen mamua dugu parez pare eta gure hurbilekoek gure ausentziaren, sakabanaketaren eta, finean, maite duten pertsona bat preso izatearen mamua dute. Egoera gogorra da beraz, ez dut ukatuko.

Egoera larria izanda, elkartasun mezu ugari jaso dituzu azkenaldian.
Maiatzean hasi genituen gizarteratze dinamikak eta oso eskertuta gaude herri ezberdinetan martxan jarri dituzten ekimen guztiekin. Elkartasuna beti izan da herri honetan landu eta indarra izan duen balorea, eta gure epaiketaren harira lortutako aktibazioa latza izan da. Arrigorriagan, adibidez, kamisetak, bazkariak, elkarretaratzeak eta hitzaldiak antolatu ditu Rober Herrian dinamikak, eta ez bakarrik Arrigorriagan, inguruko herrietan ere jendartearen beroa sentitu dut.

Irailaren 14an hitzordua Bilbon.
Manifestazioak bi mezu nagusi izan behar ditu: lehena, herrian 47ak bakarrik ez, preso eta iheslari guztiak herrian nahi ditugula ozen aldarrikatu behar dugu. Horretarako giza eskubideen eta konponbidearen aldeko urratsak ematea exijitu behar diegu arduradun politikoei. Bestetik, argi dugu Auzitegi Nazionalera joateko aurkezpen gutunik onena dela Bilboko kaleak jendez betetzea. Pertsonalki asko indartuko gaitu horrek eta epaiketara begira ere gure alde egin dezakeela uste dugu. Euskal gizarteak egin genuen lana babesten duela suposatuko luke horrek.

☉ Arrigorriaga

‘Izarrak eta Haitzak’ da Karlos Aretxabaleta ‘Txapel’ arrigorriagarraren azken liburua

Arrigorriagarrak GEURIAri azaldu dio mendi literatura klasikotik urrundu dela eta 20 kirolari ospetsuen errelatuak “nobelatuz” hurbildu dela bere irakurleengana

|

Txapel, Basauriko Elkar liburudendan // Geuria

Karlos Aretxabaleta ‘Txapel’ arrigorriagarrak mendi kirolaren inguruko Izarrak eta Haitzak izeneko liburua kaleratu du, mendi literatura klasikotik urrunduz eta 20 kirolari ospetsuen errelatuak “nobelatuz” eta irakurleei hurbilduz: “Ia bi urte dira proiektu hau martxan jarri nuenetik, eta azkenean argia ikusi du, argia”, izan dira idazlearen berbak eta mendiko kirolari entzutetsuen ateak jo ditu azken bi urteetan beren esperientziak gertutik ezagutzeko. Liburu honen salmentaren bitartez lortutako irabaziak SOS Himalaya Fundazioari emango dizkio idazleak.

Txapelek Edurne Pasaban, Juanjo San Sebastian, Pou anaiak, Alex Txikon, Oihana Azkorbebeitia, Mikel Zabalza, Alberto Iñurrategi, Ekaitz Maiz, Imanol Amundarain, Irati Anda, Iker Arroitajauregi eta Iñigo Basterraren testigantzak jaso ditu SUA Edizioak kaleratutako liburu honetan, Juanra Madariagaren hitzaurrearekin eta Ioritz Gonzalez Lertxundiren itxierarekin.

“Liburuan agertzen diren izarren kontaketak ez daude kirolarien lorpen indibidualetan oinarrituta, horregatik urrundu naiz mendi literatura klasikotik”

“Liburuan agertzen diren izarren kontaketak ez daude kirolarien lorpen indibidualetan oinarrituta”, azaldu dio Txapelek GEURIAri. “Horretarako dago mendi literatura klasikoa eta kronika ugari idatzi dira mendi lorpenen inguruan”, gehitu du.

Txapel // Asier Arteaga

“Edurne Pasaban eta Alex Txikon bezalako kirolarien kontakizunak jaso ditut baina ez dut beren 8.000en inguruan berba egin; ibilbidean zehar bizitako pasadizo baten kontaketa egin dut: istorio bitxiak, beldurgarriak, barregarriak… jaso ditut”. Horretarako, prozesu luze honetan, kirolari horien esperientziak “nobelatu” dituela dio Txapelek, “hitza ondo esanda ez badago ere”. Idazlea kirolariekin bildu da eta euren bizitzaren zein egoera jakin batzuen inguruko oharrak hartu ditu, kontakizun horiek irakurleei hurbiltzeko.

“Gazte literaturatik nator eta aurreko esperientzia literarioetatik jasotako iradokizunak erabili ditut mendiko literatura honetan eta kapitulu bakoitzak eleberri baten itxura du”

“Mendi literatura gazteei hurbiltzeko esperimentua Etxebarriko eskolan bertan egin nuen behin: Alberto Iñurrategi nor zen bazekiten galdetu nien eta % 98ak ez zuen ezagutzen. Baina ni gazte literaturatik nator eta aurreko esperientzia literarioetatik jasotako iradokizunak erabili ditut mendiko literatura honetan eta kapitulu bakoitzak baditu bere bitxikeriak”.

Liburua idatzi ahala, kirolariekin berba egin izan du idazleak, protagonisten feedbacka jasotzeko: “Harrera ona izan du idatzitakoak eta egia da ere testuak modu batean edo bestean berridatzi behar izan ditudala, kirolarien gomendioak jarraituz. Azken batean, elementu fantastikoak eta testuinguruak proposatu ditut, irakurketa epela lortzeko. Azken batean hau ez da kronika bat, literatura baizik”.

Txapel // Asier Arteaga

Aurkezpenak apirila eta maiatzean

Momentura arte data bi ditu begibistan Aretxabaletak: datorren apirilaren 26an liburuaren aurkezpena egingo du Birakultura elkartean, Bilboko Alde Zaharrean: “Gonbidatu bereziak izango ditugu egun horretan, eta eurena izango da hitza”.

Bestalde, datorren maiatzaren 25ean Urretxun egongo da, Xabi Ormazabal Egunean, liburuari eta mendi literaturari hitz egiteko prest. Egun horretan liburuko hainbat protagonista gerturatuko dira eta “egun berezia” izango dela aurreratu du Txapelek.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Javi Chueca arrigorriagarraren ‘Monotonia’ laburmetraiak Balmaexpress lehiaketa irabazi du

Laburmetraiak hiru sari jaso ditu guztira: aktore onenarena (Javi Chueca), aktoresa onenarena (Amaia Arkotxa) eta laburmetrai onenarena

|

Javi Chueca, 'Los Cuatro Cortos' lantaldearekin // Javi Chueca

Javi Chueca Corro Arrigorriagarrak aktore onenaren saria jaso du parte hartu duen azken laburmetraiarekin joan den apirilaren 21, 22 eta 23an antolatutako Balmaexpress jaialdiko bigarren edizioan. Monotoniak, berez, hiru sari jaso ditu guztira: aktore onenarena (Javi Chueca), aktoresa onenarena (Amaia Arkotxa) eta laburmetrai onenarena.

Balmasedako lehiaketa honen berezitasun aipagarriena, izenak adierazten duen bezala, arintasuna da. Parte-hartzaileek 42 ordu dituzte guztira ideia bat landu eta kameren aurrean filmatu ostean editatu eta aurkezteko.

Aurtengo gaia ‘Athleticarekiko pasioa’ izan da eta lehiaketan parte hartzeko baldintzetako bat Balmaseda irudietan agertu behar zela. Chuecak gai honi buelta bat eman nahi zion eta bikotekideen arteko harremanetara eraman zuen bere lau minutuko proposamena, “istorio ezberdin bat kontatzeko”.

Irudietan, Sevillako finaletik bueltan datorren Athleticeko bikote bat ikus daiteke, eta Balmasedako zubi batera heltzen direnean beren harremanaren inguruan berba egiten hasten dira. “Itzulera horretan zerbait gertatu egiten zaie”, dio Arrigorriagakoak.

Irabazaleak, sariekin // Javi Chueca

Talde lana, gakoa

Historia Chuecak berak idatzi zuen apirilaren 21ean, eta horrez gainera zuzendari eta aktore lanak egin ditu Balmasedan. Hala ere ez da bakarrik egon; aurreko proiektuetan lan egindako Los Cuatro Cortos izeneko lantaldearekin filmatu eta editatu ahal izan du dena: Amaia Arkotxa (aktorea), Chesikaas Román (irudia) eta Luis Baranda (soinua).

“Larunbatean grabaketa-saioak egin genituen 14:00ak arte eta hortik aurrera, 02:45ak arte edizio lanen txanda izan zen”

“Filmaren istorioa bururatu eta 20 minututan idatzita neukan ostiralean bertan”, azaldu du Chuecak eta egun berean entseguak eta lokalizazioen topaketak egin zituzten. “Hurrengo egunean grabaketa-saioak egin genituen 14:00ak arte eta hortik aurrera, 02:45ak arte edizio lanen txanda izan zen”.

Bigarren edizio honetan 25 talde aurkeztu dira guztira aurten. Lehen saria 1.000 eurokoa izan da eta aktore arrigorriagarrak GEURIAri azaldu moduan etorkizuneko proiektuetara bideratuko ditu.

Hurrengo helmuga: Gasteiz

2024a albiste onez betetako urtea izango da Javirentzat. Izan ere, duela gutxi, bera eta bere lantaldearen Amor y Vino izeneko laburmetraia Gasteizko Icoff III. Film Laburren Nazioarteko Jaialdian parte hartzeko hautatu dute, maiatzaren 6tik 11ra: “Albiste zoragarria da guretzat ICOFF Gasteiz jaialdian parte hartzeko aukera hau izatea eta benetan eskertuta gaude, bertan aurkeztu diren 1.000 lanen artean 15 aukeratu dituztelako eta gu horien artean gaudelako”, azaldu dio GEURIAri.

Amor y Vino Valladolideko upategi batean filmatu zuten beste jaialdi baterako eta Gasteizen aurkeztu zuten ere: “Badirudi harrera ona izan duela azken lan honek eta espero dugu zorte ona izatea!”.

Bestalde, abuztuan, El Poder del Silencio filma proiektatuko dute. Bertan, Chuecak aktore lanak egin zituen eta xehetasun guztiak azaldu zituen GEURIAn.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

#A21 / Emaitzak / Arrigorriaga / EAJk sendo eutsi dio EH Bilduren igoerari

#A21 / Arrigorriaga / Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024 / Emaitzak

|

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

“Gure Zirkua” Hego Uribera etorriko da lehen aldiz, Arrigorriagan zortzi saio eskainiz

Euskal Herriko lehen zirku ibiltaria Hego Uribera helduko da lehen aldiz, Arrigorriagan zortzi saio eskainiz

|

2017an sortu zuen Iker Galarza aktoreak Gure Zirkua / Gure zirkua

“Nortasun berezi, xelebre eta irribarretsua duten artistez osatutako konpainiak ezinezkoarekin jolas egin asmo du, eta beren ametsetako ikuskizuna eskaini. Beren arte eskuzabal eta herrikoia erakutsi nahi digute. Beren lanbidea, edertasuna eta ausardia elkarbanatu nahi dute herri osoarekin, adin eta maila guztietako herritarrekin”.

Hori da Iker Galarzak sortu duen Gure Zirkuaren definizioa eta helburua. Apustu arrakastatsua izan da Euskal Herriko lehen zirku ibiltariarena, eta udaberriarekin batera euren zazpigarren birari ekin diote. Urte hasieran “Gure zirkua heldu da” dokumentala estreinatu zuten Eitb-ren Nahieran plataforman.

Lehen aldiz euren karpa Hego Uriben altxatuko dute, Arrigorriagan. Maiatzaren azken egunean helduko dira kiroldegiko PP2ra, eta honako hauek dira guztira egingo dituzten 8 saioen egunak eta ordutegiak:

Maiatzak 31 19:00

Ekainak  1 16:30 eta 19:00

Ekainak 2 12:00 eta 17:00

Ekainak  7 19:00

Ekainak 8 16:30 eta 19:00

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Osasun eta Higiene auzoaren berrurbanizazioari ekiteko aurrerapausoa eman dute Arrigorriagan

Aste honetan egin duten bileran proiektua garatu ahal izateko txostena aurkeztu die Udalak auzotarrei, aztertu dezaten

|

Saneamenduarekin eta hornidura sarearekin lotutako hainbat behar pilatu ditu urteetan zehar auzoak / Geuria

Arrigorriagako Osasun eta Higiene auzoa herriko txikienetakoa da, eta dituen berezitasunengatik saneamenduarekin eta hornidura sarearekin lotutako hainbat behar pilatu ditu urteetan zehar. Gauzak horrela, udal gobernua lanean hasi zen 2019an auzotarrekin batera.

Ordutik hona, hainbat pauso eman dituzte: alde batetik, Ur Partzuergoarekin lotutakoak, saneamendua eta hornidura dela eta. Bestetik, obra zibila aurrera eramateko konpromisoa hartu zuen Arrigorriagako Udalak. Horretarako, beharrezkoa zen  auzotarrak komunitate gisa eratzea, bidean agertu eta agertuko diren hainbat oztopori aurre egiteko.

Aste honetan egin duten bileran proiektua garatu ahal izateko txostena aurkeztu die udalak auzotarrei, aztertu dezaten. Behin hori zehaztuta, eta udaleko arduradunek azaldu dutenaren arabera “bi aldeen adostasunarekin, udalak beharrezko mekanismoak jarriko lituzke martxan Osasun eta Higiene auzoaren berrurbanizazioari ekiteko”.

Maite Ibarra alkateak, bere aldetik, proiektuaren garrantzia nabarmendu nahi izan du: Osasun eta Higiene ardura eta heldutasun politikoaren eredu izaten ari da. Gobernutik merezi duen inbertsioa egingo dugu
auzo honetan, eta auzokideek jarrera aktiboa eta kolaboratiboa erakutsi dute, eta hori eskertzekoa da”.

Osorik irakurri