→Arrigorriaga

Sakonean | Ortu Santua

Arrigorriagan Ortuak Proiektua 2013ko otsailean abiaturiko esperientzia kolektibo bat da. Izenak esaten duen bezala, hiri barnean ortuak sortzeko martxan jarri zen, baina ez edonolako ortuak sortzeko, parte-hartzean eta auzolanean oinarrituta baizik.

Elkarteko kide bat ortuan lanean: lurra lantzen, belar txarrak kentzen eta hazi berriak prestatzen / Iskandar Hamawy

Arrigorriagan Ortuak Proiektua 2013ko otsailean abiaturiko esperientzia kolektibo bat da. Izenak esaten duen bezala, hiri barnean ortuak sortzeko martxan jarri zen, baina ez edonolako ortuak sortzeko, parte-hartzean eta auzolanean oinarrituta baizik. Horretaz gain, nekazaritza ekologikoaren aldeko apustua egin zen.

Kataluniako kanposantu bateko harresi batean “Altxa zaitezte, alfer horiek! Lurra lantzen dutenentzat da” epitafioa irakurri omen daiteke. Ez dago argi esaldi xelebre hau nork idatzi zuen. Izan ere, badaude zurrumurruak grafitia ez dagoela Kataluniako hilerri batean, Galiziako batean baizik. Nolanahi ere, horixe bera pentsatu behar izan zuten 2011ko udan Arrigorriagako neska batzuek herri baratze bat sortu nahian batu zirenean, horrelako espazioak faltan botatzen zituztelako beraien inguruan eta aukera ematen zutelako bertan hainbat gai lantzeko.

Julene Urrutikoetxea ingeniari agronomoa da, Derio Nekazaritza Eskolako irakaslea, eta bera da proiektua abian jarri zuen neska bide-urratzaileetariko bat. “Argi geneukan nekazaritza ekologikoa praktikan jartzeko lekua izango zela ortua, baita auzolanean aritzeko eta umeen heziketan laguntzeko ere”, dio Urrutikoetxeak hasierako urrats horiek gogoratuta.

Arrigorrigako Lonbo Aretoan eta Kultur Etxean zenbait bilera ireki egin ostean, buruan zuten ideiari forma zehatza eman zioten eta ortu bakarra egitea erabaki zuten, betiere auzolanean kudeatutakoa. Erabaki horrek jabego pribatua bilatzen zuten lagunak uxatu zituen. Geratu ziren 25 pertsonak eztabaidan aritu ziren leku egokiaren bila eta elkartearen barne antolakuntza erabakitzeko, formazioa jasotzen zuten bitartean.

Kontu horiek argituta, Udalari proiektua 2012an aurkeztu zioten. Lur-analisietan oinarrituta, kokapenerako hiru proposamen aurkeztu ziren dokumentu horretan: gaur egungoa, Agirre Lehendakariaren parkearen mutur batean, Lonbo auzoko beste bat eta azkena Kubo auzoko Barzubia baserriaren ondoko lursailean. 2014ko udaberrian Udalak lehenengo kokapenaren alde egin zuen eta partzela bat esleitu zien. Lur eremua bost urteko lagapenaz egin zen, luzagarria den epe bat. Hala eta guztiz ere, baratzaren kokapena ez da egokiena, ingeniariak aitortzen duenez. “Partzelaren gainean autopista dago. Ez dira horiek baldintzarik ekologikoenak, baina bestelako aukerarik ez zegoenez, onartu egin genuen lekua”. Udala lurra atontzeaz, ur-horniduraz eta inguruan hesia ipintzeaz arduratu zen, haina hortik aurrera autogestioa izan da oinarria. “Lan eta gastu guztiak gure kontu hartu ditugu”, zehaztu du Urrutikoetxeak.

Auzolana lanabesa
Baratzeko lehen lan horiek egitera hogei bat herritar hurbildu ziren. Elkarteak adostuta, jendearen asistentzia borondatezkoa zen, proiektuarekiko inolako konpromisorik gabe. Erabaki horrek eragina izan du jendearen parte hartzean urteak joan ahala eta gaur egun sei edo zazpi lagun besterik ez dira elkartzen larunbat goizetan. Urrutikoetxeak Arrigorriaga herri urbanoa dela dio eta asistentzia geroz eta txikiagoa izatearen zergatia gizarte garaikidearen islatzat hartzen du. “Amets bukolikoa da ortu bat izatearena, itxurakeria hutsa”.

Julene eta Izaskun askotan aritzen dira batera lanean soloan / Iskandar Hamawy

Izaskun Egaña da ortuan auzolanean jarduten duen herritar horietariko bat. Onartzen du lan egiteko filosofia hori proiektura hurbiltzeko motibo bat izan zela, baita elikadura osasuntsuaren inguruko kezka. Jasotzen dituzten barazki guztiak denon artean banatzen dituzte. Izan ere ekoizpena sei familia elikatzeko nahikoa dela aitortzen du Urrutikoetxeak. “Niretzat gehiegi ateratzen dut eta amari ere eramaten diot zati bat”, esaten digu Egañak.

Udalaren laguntza eske
Julene Urrutikoetxeak Arrigorriagako Udalari proiektuarekiko interes-falta leporatzen dio. Izan ere, hasierako ekarpen horiek kenduta, elkarteak ez du inolako diru-laguntzarik jasotzen, nahiz eta herriko dinamika sozial eta kulturalean aktiboki parte hartu: Aste Berdean, Euskal Azokan, Jai Batzordean eta abar. “Lan tresnak gure kabuz erosi behar izan genituen”, gogoratzen du Izaskun Egañak.

Nekazaritza ekologikoa
Ortuan nekazaritza ekologikoa praktikatzen da. Lan egiteko era honek baratzaren diseinua, lurraren errotazioak, landareak, haziak eta lurra lantzeko teknikak baldintzatzen ditu. Ez dute erabiltzen produktu kimikorik. Esate baterako, landareei gaixotasunak ekarri ahal dizkieten intsektuak uxatzeko lore usaintsuak jarri dira. Egañak fungizida ekologikoaren fabrikazioa azaltzen digu: “Azeri-buztana euri uretan sartzen dut hogeita lau orduz. Gero egosi eta ortuan erabiltzeko diluitu egiten da”. Nekazaritza ekologikoan konpostajeak rol nagusi bat betetzen du. Elkarteak horretarako biltokiak ere ipini ditu baratzeko batzar batean, konpost hori geroago lurrari eransteko. Bizia lo dio Lizardiren olerki zaharrak, eta Arrigorriagako ortu santuan horrela dago bizia, ez ordea hila. Udaberriko eguzki izpi berrien zain dituzte hazia.

NEKAZARITZA EKOLOGIKOA. ZER DA?
Nekazaritza ekologikoa lurraren, ekosistemen eta pertsonen osasun eta emankortasun naturala mantendu eta hobetzen dituen elikagaiak ekoizteko sistema bat da. Prozesu ekologikoetan oinarrituta dagoenez, ongarri kimikorik, pestizidarik edo produktu ez-naturalik erabiltzen.

OINARRIZKO HELBURUAK
Kalitate handiko elikagai osasungarriak ekoiztea, kontsumitzaileen eta laborarien osasuna babesten duelarik. Lurraren emankortasuna sortu eta mantentzea, haren egituraren degradazioa eta desertifikazoa gelditzeko asmoz. Uraren atxikipena laguntzea eta akuiferoak ez kutsatzea. Laborantza-teknika egokiak erabiltzea, esate baterako, txandaketak edota elkarketak. Izurriteak edo gaixotasunak kontrolatzeko era biologiko batean, produktu toxikorik edo kutsakorrik erabili gabe. Herrialdeko eta tokiko espezie eta aldaerak optimizatzea, landa-garapen sostengarria lortzeko

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak