→Arrigorriaga

Silvia del Amo: “Ez da zaintza fisikoa bakarrik, zaintza emozionalak izugarrizko garrantzia du”

Etxez etxeko laguntza zerbitzua lan sektore feminizatua eta prekarizatua dela dio Silvia del Amok.

Silvia del Amo Arrigorriagako etxez etxeko laguntza zerbitzuan ari da lanean / Geuria

Etxez etxeko laguntza zerbitzua lan sektore feminizatua eta prekarizatua dela dio Silvia del Amok. Udal gehienak etxeko laguntza zerbitzua ematearen titularrak dira, eta oro har, zerbitzuaren prestazioa azpikontratatzen dute, lehiaketa bidez. Azpikontratatu horietan lan egiten duten etxeko laguntzaileak emakumeak izan ohi dira, “ia %100ean”. Azken sei urtetan, udalek eskaintzen duten zerbitzuaren ordu-kopurua etengabe urritu dela dio del Amok, eta aipatutako murrizketek berekin ekarri dute udal batzuetan betetzen diren zerbitzu orduak %30 gutxitzea. Horrek ondorio kaltegarriak ekarri dituela dio Silviak, sorospenean zein lan arloan. Bere ustez, erabiltzaile bakoitzari esleitzen zaizkion eguneko eta asteko orduak ez dira nahikoa. Sektorearen egungo errealitatea aldatzeko pausoak emateko konpromisoa hartzea eskatu die del Amok sektoreko kudeatzaileak diren instituzioei.

Zer egoeratan dago etxez etxeko laguntza?
Geroz eta kaxkarrago. Dependentzia legean murrizketak hasi zirenetik, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren eskaintza izugarri jaitsi da. Udalek nahiago dute orain laguntza ekonomikoak eman etxez etxeko laguntza eskaintzea baino. Zer suposatzen du horrek? Edadetuek edo hauen familiek kualifikatu gabeko pertsonala kontratatzen dutela zaintza zerbitzu hauetarako, eta noski, ez dute lana profesionalak garenok bezala egiten. Errua ez da langile horiena, sistemarena baizik. Guk formakuntza integrala jaso dugu, badakigu zehatz mehatz zer eta nola egin behar den, baina geroz eta baztertuago gaude.

Arrigorriagan, zein da errealitatea?
Bizkaia osoan joera bertsua hartzen hasi da Udalek kudeatzen duten etxez etxeko laguntza zerbitzua. Udalek oso prezio baxuan ezartzen dituzte zerbitzu-kostuen baldintzak, eta lehiaketa publikora irteten denean, sektorean berezitutako enpresek ezin dute euren burua aurkeztu, baldintza horiekin ezin dituztelako langileen soldatak ordaindu. Ondorioz, zerbitzuan esperientziarik ez duten enpresak ari dira etxez etxeko laguntza gauzatzen. Arrigorriagan, esaterako, ia 13 urtez jardunean ibili den Aurrerantz enpresak ezin izan du bere burua lehiaketara aurkeztu, eta bere ordez, garbiketa zerbitzuetan aritzen den Garbialdi enpresak hartu du ardura. Lan orduaren prezioa 29 eurotik 25era jaitsi da azken urteetan, eta zerbitzuaren kudeaketa pikutara joan da. Ez dago koordinaziorik, ez dago erabiltzaileen gaineko gertuko jarraipenik… Gu behargin subrogatuak gara, eta beraz, lehiaketa irabazten duen enpresaren kudeaketaren menpe geratzen gara.

Zer eragin du honek guztiak erabiltzaileengan?
Bistakoena, laguntza behar dutenei ematen zaien arreta eskasa. Langileok ahal dugun guztia eta gehiago egiten ahalegintzen gara, baina baliabide faltan gaude. Zaintza esleitzerako orduan, erabiltzaileei egiten zaien balorazioa asko igo da: oso zaila da orain laguntza jasotzea, oso gaizki egon behar zara “arreta duina izateko”. Lehen askoz ere malguagoa zen esleipena, baina diru partidarik ez dagoenez, zerbitzurik ez dago orain.

Etxez etxeko laguntza zerbitzua emakumeok osatzen dugu, ia %100ean

Pentsa, beharrizan handienak dituzten pertsonei bi ordu eta erdiko arreta ematen zaie astean, gehienez, eta horrek ez du ezertarako denborarik ematen. Denbora hori bi txandan zatitzera behartuta gaude, aste batean behintzat bi bisita egin ahal izateko. Pertsona asko bakarrik bizi dira, eta etxe horietan garbiketa sakona egin behar da. Astean behin joanda, nola aurkitzen dugu etxea berriz bueltatzen garenean? Oso txarto. Eta noski, egun batean ezin dugu egin gabeko lana eta egiteke dagoen lan dena egin. Eta ez hori bakarrik. Gure lana ez da etxea atontzea eta erabiltzaileen higienea mantentzea bakarrik. Arlo afektiboa ere hor dago: pertsonekin hitz egitea eta konpainia egitea. Maitasuna eskaintzea, azken batean. Egungo egoerak ez du horretarako aukerarik ia uzten, eta egiten badugu, gure autokudeaketari esker gertatzen da. Batzuek pentsatuko dute animaliekin ari garela lanean, baina pertsonekin ari gara.

Hau dena, gizartea geroz eta gehiago zaharkitzen ari den honetan.
Hala da. Eta, badakigu adineko jendea zaintzeko familiek duten denbora ez dela erreala. Familia kontziliazioaz hitz egiten dugunean, ezin dugu seme-alabekiko kontziliazioaz bakarrik hitz egin. Edadetuak gure gizartearen ekosistemako parte garrantzitsua dira, eta hauekiko zaintza ‘arazo handia’ bihurtzen ari da guztiontzat. Normalean emakumeok hartzen dugu ardura hau eta gu izaten gara gure gurasoak eta seme alabak zaintzeko lana utzi behar izaten dugunak. Hori ekiditeko gaude gu, etxez etxeko laguntzako beharginak.

Langileen profilaren inguruan galdetuko banizu?
Etxez etxeko laguntza zerbitzua emakume langileok osatzen dugu %100ean ia. Halaber, oso zaharkituta dagoen sektorea da. Geroz eta zerbitzu gutxiago eskaintzen denez, jende berri gutxi sartzen da lanera, eta pertsona nagusiak pertsona nagusien zaintzaz arduratzen gara.

Eta zuon baldintzen inguruan?
Etxez etxeko laguntza zerbitzuko lan-hitzarmena 2015etik dago berritu gabe. Besteak beste, probintzia mailako lan-hitzarmena nahi dugu, eta hura berritzeaz gain, KPIari lotutako soldata igoerak eta malgutasuna. Mugikortasun geografikoa ez aplikatzeko klausulak ere aldarrikatzen ditugu. Orain arte patronalak ez du adostasunera heltzeko asmorik agertu, eta egoera horren aurrean grebara jotzea erabaki dugu azken hilabeteetan. Bestalde, gure mutuak ez ditu ziatika edo lunbalgia bezalako gaitzak jasotzen, nahiz eta gure lanaren ondorioz oso litekeena den gaitz horiek garatzea. Horrelakoak gertatzen zaizkigunean, eta oso ohikoa da hori, baja hartzera behartuta gaude. Kasu horietan ez dugu gure soldataren %100 kobratzen.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak