→Arrigorriaga

29 film lehiatuko dira Umorea Labur jaialdiaren hamazazpigarren edizioan

arrigorriaga umorea labur 2015 jaialdia

Abenduaren 10etik 15era izango da jaialdia, Lonbo Aretoan. Rosario Pardo aktoreak jasoko du aurten Ohorezko Txantxarria.

Lonbo Aretoa, Umorea Labur jaialdian

Abenduaren 10etik 15era izango da jaialdia, Lonbo Aretoan. Rosario Pardo aktoreak jasoko du Ohorezko Txantxarria. Amaiera ekitaldia Gorka Aginagalde eta Iñigo Salinero aktoreek aurkeztuko dute.

Dena prest dago Umorea Labur film-laburren jaialdia abiatzeko. 192 film aurkeztu dira aurten eta horietako 29 izan dira hautatuak jaialdiko sail ofizialean lehiatzeko. “Urtero bezala estatu osotik bidali dizkigute bideoak. Aurten nabarmendu behar dugu bost direla film euskaldunak, hiru gipuzkoarrak eta Arabako eta Bizkaiko bana”, dio Ibai Gomez antolatzaileak.

Urterik urtera, emakume bideo-egileen kopurua gorantz doala nabarmendu du Gomezek: “Oso albiste ona da gero eta emakume gehiago egotea filmak zuzentzen dituztenak, oraindik ere gizonak gehiengoa baikara zinemaren munduan. Bagoaz apurka-apurka aldatzen, geroz eta emakume profesional gehiago daude lan bikainak egiten dituztenak”. Ildo horretatik, XVII. edizioko Ohorezko Txantxarria Rosario Pardo aktore eta zinema zuzendariak jasoko du. Cuentame, Doctor Mateo edota Velvet telesail ezagunetan ibili da Pardo, baita hamaika antzerkitan ere. Zuzendari bezala, sei film egin ditu. Azkena, Catering 2012. urtean aurkeztua. “Oso aktore eta zuzendari famatua izateaz gain, oso ondo ezagutzen dugu Umorea Labur jaialdian, aurreko edizioetan ere protagonista izan baita zenbait film laburretan”, azaldu du antolatzaileak.

GONBIDATU BEREZIAK
Abenduaren 10ean izango da jaialdiaren hasiera ekitaldia eta film laburren jaialdia izan arren, film luze batekin abiatuko dute: Paul Urkijoren Errementari pelikularekin. “Zergatik film luze bat? Bada, oso argi dugu: Paul Urkijok behin baino gehiagotan parte hartu du gure sail ofizialean bere film laburrekin, eta noski, bere lehenengo luzeak gurean egon behar du”. Filma ikusi ondoren zuzendariarekin solasaldia edukitzeko aukera izango dute Lonbora bertaratutakoek.

3.000 eurotik gora banatuko dira saritan eta aurtengo epaimahaia Liliana Amante ekoizle eta zuzendari argentinarrak, Iván  Miñambres Uniko-ko ekoizle exekutiboak eta Maitena Salinas kazetari eta aktoreak osatuko dute. Itxiera gala Gorka Aginagalde eta Iiñigo Salinero aktoreek aurkeztuko dute.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak