→Basauri

160 berbalagun, urtetik urtera herritar gehiago euskaraz berba egiteko prest

basauri berbalagun mintzodromoa 2014

Irailean hasiko dira Hego Uribeko Berbalagunak berrosatzen. Urtero antolatzen dituzten ekintzez gain, Berbalagunek ideiak proposatzen dituzte ikasturte berriari begira.

Orain dela hamar bat urte iritsi zen Berbalagun egitasmoa Hego Uribe eskualdera. Galdakaok 2005. urtean jarri zuen martxan programa eta handik sei urtera Basaurira zabaldu zen. “Hego Uribeko Berbalagunen Galdakaoko eta Basauriko egitasmoak martxan daude”, dio Iratxe Dañobeitiak, Basauriko koordinatzaileak: “Bertan ibili gara azken urteotan Asier Martin Galdakaon eta ni neu Basaurin”. Azken urtean Arrate Arbaiza ibili da lanean Basauriko taldeak koordinatzen.

Dinamizatzaile bakoitzaren lana bere herrian jarduera ezberdinak antolatzea da eta 2015/2016 ikasturteari begira dagoeneko hasi dira gauzak prestatzen: “Urteroko ekintzak izango ditugu, guretzat ohitura bihurtu direnak, bai Basaurin bai Galdakaon”, dio Dañobeitiak. Errepikatuko diren jarduerak dira, besteak beste, aurkezpen jaia, Gabonetako jaia, Inauterietakoa eta ikasturte amaierakoa.

Hala ere, dinamizatzaileek laguntzaileak izan ohi dituzte askotan ikasturte berriari begirako jarduerak antolatzeko. Dañobeitiak dioenez, “ikasturte hasieran Berbalagunen gustuak eta gogoak kontuan hartzen ditugu eta zer gehiago egin daitekeen aztertzen dugu. Urte askotan zehar afariak eta sagardotegira irteera egin dira. Askotan berbalagunak izaten dira ideiak proposatu eta aurrera eramateko bidea ematen dutenak”.

EUSKALDUNON SAREA JOSTEN

2014/2015 ikasturtean 160 lagunek eman zuten izena Berbalagun programan Basaurin eta Galdakaon. Parte hartzaile kopuruari dagokionez, urteetan zehar gorabeherak izan direla aitortu du Dañobeitiak, baina azken urteetan gora egin duela antzematen du. “Dena dela, gure ustez Berbalagunek askoz gehiago egin behar du gora. Euskaldunon sarea josten ari gara eta sare horrek eskualdeko euskaldunak harremanetan jartzea izugarria izan daiteke. Sarea zenbat eta handiagoa izan, egunerokoan euskara hutsean bizitzea errazago izango da”, aldarrikatu du. “Berbalagunen oso harreman ezberdinak sortu izan dira, kide hutsak direnak badaude, ezezagun izatetik lagun min izatera pasa dena ere bada, eta bai, maitasuna topatu duen inor ere badagoela esan genezake”, dio Dañobeitiak.

Dagoeneko hasi dira Berbalagun taldeak berrosatzen, “eta iazko gehienak aurten ere mantenduko dira ziurrenik”. Horiek horrela, urriaren hasierarako taldeak aktibatzea aurreikusten dute antolatzaileek: “Hori bai, gogorarazi nahiko genuke edonoiz eman daitekeela izena Berbalagunen eta ezer ordaindu barik”.


 

GURASOLAGUN, FAMILIAN EUSKARA SUTATZEKO MODU APROPOSA

Gurasolagun programak gurasoak eta seme-alabak elkartzea du helburu, haien arten euskara erabiltzeko. Basaurin bi urtez egon da martxan eta Galdakaon hurbilketa egin zuten iaz. “Gurasolagunak oso talde politak eta bereziak dira. Ohitura komunikatiboen aldaketari begira oso talde egokiak dira, familia erdal hiztunetan euskaraz aritzeko ohitura sustatzeko modu oso aproposa baita”, dio Iratxe Dañobeitia Basauriko Berbalagun dinamizatzaileak: “Hala ere, argi utzi behar dugu Gurasolagun ez dela euskara ikastaro bat. Egitasmoak planteatzen duena euskal hiztunak eta erdal hiztunak elkartzea da, baina gutxieneko euskara maila bat dutenak”.

Behin teoria ezagututa euskara praktikara eramatean datza, “gure seme-alabekin euskaraz jolastea, euskaraz kantatzea eta lagun berriak euskaraz egitea, besteak beste”, dio Dañobeitiak. Horretarako, “ezinbestekoa da guraso euskaldunen inplikazioa eskualdean Gurasolagun zabaldu ahal izateko”, aldarrikatu du.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak