→Basauri

‘20.000 Days On Earth’, ‘God Help The Girl’ eta ‘Antonio Vega’ Social Antzokian ZineMAZ-aren barruan

basauri zinemaz 2015

MAZ Basauriren zine programazioa da eta maiatzaren 7an, 21ean eta 28an ikusgai izango dira, hurrenez hurren, Social Antzokian.

Social Antzokiko kontzertuez eta Basauriko hainbat puntutan izango diren doako emanaldiez gain, MAZ Basaurik jaialdiarekiko paraleloa izango den zine programazioa edukiko du beste urtebetez. Maiatzean ZineMAZ 2015ak ‘20,000 Days On Earth’, ‘God Help The Girl’ eta ‘Antonio Vega: Tu voz entre otras mil’ filme interesgarriak proiektatuko ditu Social Antzokian.

Pelikula bakoitzerako sarrerek 4 euroko salneurria izango dute. Ohiko salmenta tokietan eros daitezke dagoeneko sarrerak: BBK Multizerbitzu kutxazainak, www.kutxabank.es, www.socialantzokia.com, Social Antzokiko txarteldegiak (astelehenetik igandera, 17:00etatik 21:00ak arte).

NICK CAVE MUSIKARIARI BURUZKO FILMEA

Lehenengo hitzordua maiatzaren 7an, ostegunean, izango da ‘20.000 Days On Earth’ (Iain Forsyth/Jane Pollard, Erresuma Batua, 2014) filmearekin. Bi emanaldi izango dira, jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin: lehenengoa 20:00etan eta bigarrena 22:00etan.

Drama eta errealitatea nahasten dira Nick Cave musikariaren eta nazioarteko ikono kulturalaren bizitzako fikziozko 24 orduotan. Ideia harrigarriekin eta prozesu artistikoaren kontakizun intimo batekin, zerk bultzatzen gaituen garen moduan izatera aztertzen du filmeak eta izpiritu sortzailearen botere eraldatzailea goraipatzen du.

STUART MURDOCH-EK ZUZENDUTAKO MUSIKALA

Ostegunean, hilaren 21ean, 19:30etako eta 22.00etako emanaldi bikoitzean, eta kasu honetan ere azpitituludun jatorrizko bertsioan, ‘God Help The Girl’ filmea izango da ikusgai. Azken bi hamarraldietan indie musikaren ikur izan diren Belle & Sebastian eskoziarren abeslariak, Stuart Murdoch-ek zuzendutako eta idatzitako musikala da.

Eve da istorioaren protagonista, Glasgow-n ospitaleratuta dagoen neska gaztea. Bertara eraman duten arazoak gainditzeko abestiak idazten ditu Eve-ek. Egun batean James eta Cassie ezagutzen ditu, bera bezala, hil edo biziko bidegurutzean dauden bi musikari.

ANTONIO VEGAREN INGURUKO DOKUMENTALA

Azkenik, ostegunean, maiatzaren 28an, 19:30etako eta 22:00etako emanaldi bikoitzean, ‘Antonio Vega: tu voz entre otras mil’ proiektatuko da, 2009an hil zen artista madrildarraren inguruko dokumentala, Paloma Concejero-k zuzendutakoa.

Bere burua iluntasunean mantentzea erabaki zuen gizonaren erretratu intimo eta zuhurra da. Vega beraren hitzetan bere izaeraren alde ezezagunenak azalduko zaizkigu. Lau urteetan zehar, Bosco Ussía idazlearen eta bere grabagailuaren aurrean, musikariak bere bizitzaren une asko eta hainbat oroimen nostalgiko errepasatuko zituen, baita desio garbiak adierazi ere.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak