→Basauri

45 lanpostu eskainiko ditu Basauriko Udalak uztailetik maiatzera artean lan egiteko

basauri enplegu plana aurkezpena 2015

Basaurin burutuko diren hainbat proiektuetan eta jardueretan lan egingo dute 45 enplegatuek. Eusko Jaurlaritzak eta Basauriko Udalak 703.000 euroko inbertsioa egingo dute.

Eusko Jaurlaritzaren Enplegua Sustatzeko Ekintza Planaren barruan Basauriko Udalak 45 langabetu kontratatuko ditu Lanbideren bitartez 2015eko uztailetik 2016ko maiatzera artean. Basauriko hainbat proiektutan eta jardueretan lan egingo dute kontratatutako lagunek eta gehienez sei hilabeteko iraupena izango dute lanpostuek, lanaldi ezberdinekoak. Hori da gaur udaletxean aurkeztu duten plana Andoni Busquet alkateak, Miren Gotzone Sagardui Lanbideko Lan-aktibazioko zuzendariak eta Aitor Aldaiturriaga zinegotziak.

Programa honen helburua da laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonentzako enplegua bultzatzea eta bakoitzaren kualifikazioa ahalik eta gehien aprobetxatzea. Hautagai guztiak langabetuak izan behar dira eta talde hauetako batean egon behar dute: 35 urtetik beherako adina izan, 45 urtetik gora izan eta gutxienez 6 hilabete lanposturik gabe egon, 55 urtetik gorakoak, denbora luzez langabetua izan, gizarte-bazterketa arriskuan dauden pertsona izan, ezintasunen bat izan, familia-ardurak dituen emakumea izan edo indarkeria biktima izan.

Eusko Jaurlaritzak 513.000 euroko inbertsioa egingo du eta Basauriko Udalak 190.000 euroko ekarpena egingo du. 2011. urtetik hona 115 lagun kontratatu ditu Basauriko Udalak enplegua sustatzeko plan berean.

LANPOSTUEN DESKRIBAPENA

Alde batetik, argiztapen publikoak eta oinezkoentzako bideetako hiri-altzariak konpontzeko eta berritzeko hainbat pertsona kontratuko ditu Udalak. Bestetik, identitate basauriarra duen proiektu baten sorkuntzan, sustapenean eta zabalkundean lan egingo dute beste langabetu batzuk. Amaitzeko, memoria historikoa lantzeko xedearekin Basaurin 1936. urtetik aurrerako Gerra Zibilari buruzko informazioa berreskuratzea izango da beste lanetariko bat.

Berdintasun arloan kontratatuko diren pertsonek Beharsarea programaren zabalkundean lan egingo dute, baita artearekin eta kulturarekin harremana duten proiektuen diseinuan eta horren hasieraketan lan egin ere. Gainera, indarkeria matxistaren kontrako plan lokala eratzeko langabetuak ere kontratatuko ditu Udalak. Bibliopiszina proiektua eta herritarrentzako zerbitzu elektronikoen ezarpena ere plan honen barruan kokatzen dira.

Hauek dira kontratatuko diren pertsonen kopuruak eta lanpostuak: 2 igeltserotza ofizial, 6 peoi, 3 administrazio-laguntzaile, 6 pintore ofizial, 3 elektrizitate ofizial, elektrizitate tekniko-ingeniari bakarra, 3 liburutegiko laguntzaile, Kazetaritzan lizentziatutako bi lagun, 4 administrari, Historia-Pedagogian lizentziatutako pertsona bakarra, 3 Berdintasun kudeatzaile, 6 programatzaile analista, Historian lizentziatutako pertsona bakarra, Marketing-administrari bakarra, kaleko mantentze lanetarako teknikari bat, Arte Ederretan lizentziadun bat eta Gizarte Hezkuntzan diplomaduna.

HAUTAKETA PROZESUA

Zehaztutako lanpostuetarako egokiak diren pertsonen zerrenda bidaliko dio Lanbidek Basauriko Udalari eta honek hautaketa prozesua burutuko du. Aukeraketa finala egiterako orduan Udaleko giza-baliabideen taldeak eta teknikariek balorazioa egingo dute, politikarien presentzia gabe.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak