→Basauri

Alazne Molinuevo: “Kolonbiako umeek biolentzia darabilte, hori baita egunero ikusten dutena”

basauri lankidetza alazne molinuevo medellin 2014

Alazne Molinuevo basauriarra Kolonbian izan da Eusko Jaurlaritzak urtero antolatzen duen ‘Gazteak Lankidetzan’ programan parte hartzen. Medellingo umeak, gazteak eta emakumeak lagundu ditu.

Gazteen artean elkartasun balioak sendotu eta horiek garapenerako ekintzekin sentsibilizatzea da Eus­kadiko Gazteak Lankidetzan pro­gramaren helburua. Uda honetan, Medellinen (Kolonbia) aritu da lan­kidetzan Alazne Molinuevo basau­riarra. Ciudad Don Bosco deitutako elkartearekin batera egin du lan, hain zuzen ere, ‘Derecho a Soñar’ egitasmoan. Magisteritza eta psi­kopedagogia ikasketak ditu Moli­nuevok, baina Kolonbian psikologo eta pedagogo lana burutu du. “Me­dellingo aldirietan auzo ezberdinak daude eta laguntza gehien behar duten auzoetan lan egin dugu”, dio gazteak. Zehazki, aisialdi ekintzak, lan sozialak eta baloreen irakaskun­tza lantzea dira Ciudad Don Bosco­ren helburu nagusiak.

Hiru auzo ezberdinetan lan egi­ten du taldeak: Villa Hermosa, Po­pular eta San Javier. Baina horietan aritzea ez da erraza. “Komuna edota kale bakoitzean banda armatu bat dago eta horiek asko mugatzen dute batetik besterako bidea”. San Javier auzoan muga hori “are mugatuago” dago, horregatik Ciudad Don Bos­co elkartearen laguntzarekin berta­koek irteerak egiten dituzte ondoko auzotarrak ezagutzeko eta haiek ere euren berri izan dezaten.

‘Derecho a Soñar’ egitasmoaren lan taldea pedagogo, psikologo eta gizarte langileek osatzen dute eta egitasmo honi esker auzo horietara hel daitezke astean hiru aldiz. Bes­tela, ezinezkoa litzateke hori.

Ciudad Don Bosco egoitza ba­rruan bizi izan da Molinuevo hiru hilabetez. “Barnetegi handia da. Bertan, eskola eta tailerrak egiten dituzte, eta lankidetzan dihardute El Patio deituriko beste barnetegi batekin”. Etxerik eta familiarik ez duten umeak bizi dira El Pation: “Es­kola eta lanbide-heziketa irakasten dizkiete, baita jolasak eta txangoak egin ere“.

EGUN BAKOITZA, DESBERDIN
Eguneroko bizimodua hemen bai­no lehenago hasi eta bukatzen da, ilunabarra askoz lehenago sartzen baita”, azaldu du basauriarrak. Aste­ko hiru egunetan, egun osoz egiten dute lan, “taldeak handiak baitira, 30-40 lagunekoak. 05:30ean esna­tzen ginen eta 20:30ak arte egoten ginen pedagogo, psikologo eta gi­zarte langileen taldearekin”. Ilun­dutakoan, Ciudad Don Bosco barnetegira itzuli eta “ohera joan baino lehen bertako umeekin geratzen gi­nen”. Egun bakoitza gainontzekoen­gandik ezberdina denez, “jende be­rria ikusten genuen barnetegian, eta bakoitzak bere istorioa kontatzen zigun: bere aita mehatxupean ze­goelako barnetegian zegoen umea, gurasoak ezagutzen ez zituen beste bat, ama prostituta zuen beste bat eta abar”.

Barnetegien barruko bizipenei dagokienez, “aurreneko bi asteak oso gogorrak izan ziren, baina oro­korrean ezagutu dugun jendea oso jatorra eta atsegina da”. Aurreneko egunetan, bertako umeen agresibi­tatea izan zen Alazne gehien harritu zuena. “Hezitzaileek umeei arreta deitu eta lepotik hartzen zituzten. Hori hemen egiten baduzu, ondo­rio larriak izan ditzakezu. Denbora aurrera joan ahala ulertu nuen ber­tako bizimoduari aurre egiteko in­dartsuenaren legea askotan erabil­tzen dutela”, dio Molinuevok. Izan ere, ume gehienak kalean bizi dira eta “bertan bizirauteko beharrez­koa dute biolentzia hori, hori delako egunero ikusten dutena”.

AUZO BATEAN UMEAK KALE GORRIAN BIZI DIRA ETA ONDOKOAN, LUXUZKO ETXEAN

PERSPEKTIBA ALDATZEA
Esperientzia horri esker, “Medelli­nen bizitzeko mila moduak” eza­gutu ditu Alaznek. Izan ere, “auzo batetik bestera bizimodua erabat aldatzen da: posible da parez pare dauden bi auzok elkar laguntzea edo elkarri begiratu ere ez egitea; auzo batean umeak kale gorrian bi­zitzea eta ondokoan, berriz, luxuzko etxe batean”. Basauriarrak adierazi duenez, “15 urte bitarteko umeak izan dira niri zerbait irakatsi didate­nak euren diskurtso eta bizimodue­kin, heldu planta baitute”.

Horiek horrela, dena beltz-bel­tza ez dela dio Alaznek: “Beste pers­pektiba bat izan behar dugu Kolon­biari buruz, ez baita dena telebistan azaltzen dena. Kolonbia musika, dantza, alaitasuna eta laguntasuna ere bada. Guk ikusi egin dugu: jen­de xumeak egunero borroka egiten du euren auzoa hobea izan dadin. Ekonomikoki herrialde pobrea bada ere, bizitzeko beharrezkoa dena ba­dute”.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak