→Basauri

Ander Gomez Miranda: “Pintura tormentuaren eta jolasaren arteko nahastea da”

basauri ander gomez pintura elkarrizketa 2015

Irailean lehendabizikoz bilduma propioa aurkeztuko du Ander Gomez pintoreak Basauriko Arizko Dorretxean, bere herrian.

Urte gutxi darama Ander Gomezek (Basauri, 1988) pinturaren munduan. Kasualitatez sartu zen mundu artistikoan, baina 2013. urteaz geroztik gelditu barik dabil hainbat erakusketa egiten. Orain arte, bilduma kolektiboetan aurkeztu ditu bere lanak. Irailaren 27ra arte, ordea, bere obra guztien bilduma azalduko du jendaurrean Arizko Dorretxean.

Lehen aldiz zure bilduma propioa aurkeztuko duzu. Gainera, Basaurin, zure herrian. 

Bai, hala da. Pribilegio handia da hori. Gaur egun zure lanak aurkeztea pozik egoteko arrazoia da beti, baina zure herrian obra propioak elkarbanatzea oso aberasgarria da, eta zer esanik ez, Arizko Dorretxean. Oso espazio ospetsua da.

Zer aurkituko dute Arizko Dorretxera hurbiltzen direnek?

Lehen aldiz, nik erabakiko dut erakusketa nolakoa izango den eta zenbat obra aurkeztuko ditudan. Nire
ibilbidean zehar egin ditudan lanak aurkituko ditu bertaratzen denak eta, batez ere, azken urte honetan landu ditudan pinturak.

Txikitatik al datorkizu artearen bide hau?

Kuriosoa da nirea. Marraztea oso gustuko nuen, baina denbora-pasa moduan egiten nuen. Ondoren, erabat utzi nion marrazteari eta Turismo ikasketak egin nituen. Goi-mailako gradu honi esker Londresera joan nintzen Erasmus bekaren bitartez eta askotan, kasualitatez, National Portrait Gallery-ra joaten nintzen.

Eta, bertan jakin zenuen zure etorkizuna nora bideratu.

Bai. Gutxinaka pintura-zale amorratua bihurtu nintzen eta 2010ean Basaurira itzultzean Arte Ederretan matrikulatu eta 2014an lizentziatu nintzen. Ondoren Pintura Masterrean izena eman nuen.

Esan daiteke erabaki hori hartu eta gero ez duzula atsedenik hartu?

Lan propioak eratzen eta hainbat erakusketatan parte hartzen eman dut denbora. Erakusketetan parte hartzea oso garrantzistua da artista batentzat, are gehiago hasiberri batentzat. Hala ere, artista batek bere denbora ere behar du gogor lan egiteko: obra berrian zentratu, bekak bilatu eta lehiaketetara aurkeztu.

Nola ikusten duzu zure burua artista moduan?

Pintore definitzen dut nire burua. Diziplina anitzeko artistak aurki daitezke, baina nik argazkien bitartez nire obrak marrazten ditut. Zehazkiago, pintura figuratiboa egiten dut: errealismoa edo koadro klasikoen eraldaketak lantzen ditut.

Orduan, pinturaren modalitate horretan islatzen dituzu zure ideiak.

Figura da niri gehien interesatzen zaidana. Gai oso konplexua da, nahiz eta mugatua dela uste baduenik ere baden. Aukera asko ematen ditu eta momentuz oso eroso ari naiz pintura figuratiboa lantzen.

Erabiltzen duzun teknika zein da? 

Pintura klasikoa eta gaur egungo pintura hartzen ditut oinarri. Koadroak orainaldian eginda dauden arren, antzinako itxura izan dezaten nahi dut: XVIII. edo XIX. mende hasierako pinturak imitatzen saiatzen naiz, ondoren nire obra propioak egiteko. Horretarako, oihalaren gaineko olioa teknika erabiltzen dut, hau da, artean nagusia den teknika.

Pinturaz eta teknologiaz galdetuko banizu…

Nire ustez, gaur egun teknologia garrantzitsua da eta nire kasuan, teknologiari esker landu diren tresnak erabiltzen ditut nire lanetan, hala nola, argazkilaritza eta photoshop. Obra egiterako orduan laguntza ematen didate.

Azaldu koadro bat bukatu aurretiko prozedura.

Egiten ditudan bost koadroetatik hiru suntsitu egiten ditut. Oso zuzena izaten saiatzen naiz, baina arrazoi batengatik edo besteagatik azkenean dena pikutara doa eta ateratzen ari den koadroarekin aurrera egin behar duzu. Prozesu oso luzea da zuk islatu nahi duzuna lortzen duzunean.

Koadroak suntsitzeak frustrazioa dakar ala indar gehiagorekin hartzen duzu hurrengoa?

Jende gehienaren ustez marraztea dibertigarria den arren, niretzat askotan tormentuaren eta entretenimenduaren nahastea da. Gauzak ondo doazenean pertsonarik zoriontsuena naiz, baina oker doazenean haserretu egiten naiz. Hala ere, momenturen batean txipa aldatu eta irtenbidea aurkitzen saiatzen naiz. Oreka kontua besterik ez da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak