→Basauri

Argazkiak | Landetatik Basaurira ekarri du Edurrek 2015eko Eskarabilera

Basaurin da 2015eko San Faustoetan zerura botatako Eskarabilera. Edurrek bota zuen urte hartan, eta 260 kilometro inguru hegan egin ondoren, Frantziako Parentis en-Born herrian lurreratu zen. Bada, Edurre kuadrilako eta Herriko Taldeakeko 50 lagun han izan dira, asteburu pasa, Eskarabilera berreskuratu eta ordura arte zaindu duen familia ezagutzeko.

Landetako herri txiki eta lasaia da Parentis en-Born, eta bertako bizilagun batek aurkitu zuen gure Eskarabilera, baso bateko zuhaitz batetik zintzilik. Gizonak buru handiaren barrualdean zegoen eskutitza irakurri zuen baina ez zuenez idatzitakoa ulertu, bere etxean gordetzea erabaki zuen. Handik hilabete batzutara, lagun min batekin mendi ibilbidea egiten ari zela, aurkikuntzaren berri eman zion honi eta honek bai, gazteleraz ulertzen zuenez, Herriko Taldeakekin harremanetan jarri ziren. 2018ko urrian izan zen hori, jaiak hasi baino egun batzuk lehenago.

Hain zuzen ere, Eskarabilera agertu zen zuhaitz beraren ondoan berreskuratu du Edurrek Eskarabilera, Parentis en-Borneko basoan. Gure buruhandia aurkitu zuen bizilagunak eta bere familiak guztiontzako luntxa antolatu dute bere etxeko zelaian, bertako janari eta edari tipikoekin. Barre eta dantza artean, hamaiketakoa egin dute elkarrekin, istorioraren nondik norakoak kontatzen zituzten bitartean. Edurreko kideek Agurra dantzatu ondoren, txulalai eta biribilketa dantzatzen irakatsi diete. Eskarabileraren oroigarria, Edurreren zapiak, San Fausto jai herrikoien 50. urteurreneko liburua eta Basaurira bisitan etortzeko gonbidapen ofiziala jaso du familiak. Luntxaren ondoren, elkarrekin bazkaldu dute herriko jatetxe batean eta Euskal Herriko kantu herrikoiak abesten bukatu dute frantziarrek, txapela buruan. Eguna elkarrekin igaro ondoren, “laster arte” agurtu eta kanping batera joan dira Edurrekoak, afaldu eta kantuan jarraitzeko.

Atseden hartuta, Basaurira bueltatu dira Eskarabilerarekin. Margo pixka batekin, 2019ko San Faustoetan berriz aireratzeko prest izango da 2015eko Eskarabilera abenturazale hau. Nora joango ote da aurten?

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak