→Basauri

Gurasoen artean euskara sustatzeko proiektua martxan, Arizko Ikastolan

basauri arizko ikastola 2016 euskaraz bizi gurasoak ikasleak

Euskararen erabilera bultzatzeko asmoz, iazko irailean jarri zuen martxan Arizko Ikastolak ‘Gurasook ere Euskaraz Bizi!’ proiektu berria.

Abenduaren 3an, Euskararen Egunean, horma-irudia margotu zuten Ikastolan // Arizko Ikastola

Ikasleen artean euskara sustatzeko helburuarekin Arizko Ikastolak hamaika proiektu ditu martxan eskolan: Euskaraz Mintza, Bertsolaritza, Antzerkigintza, Irratigintza, Kidetzea eta Euskaraz Bizi.

Azken hori ardatz hartuta, kanpaina ezberdinen bitartez motibazioa lantzea dute helburu. “Hezkuntza proiektuaz hitz egitean, argi ikusi genuen euskara sustatzearen zeregin horretan funtsezkoa dela familiek duten papera eta erantzukizuna, Ikastola ez baita inondik ere nahikoa”, diote Ikastolatik. Izan ere, urteko 365 egunetan eskolarik gabeko egunak 189 dira eta eskola-egunak 176. Esna pasatzen dituzten orduei dagokienez, gelatik kanpo 10 ordu ematen dituzte umeek eta 5 ordu eskolan (Eusko Jaurlaritza, Eskola hiztun bila. 1991).

Datuak datu, guraso euskaldunek kezkak agertu zituzten: “Nahiz eta gurasoak euskaldunak izan, seme-alabek gero eta joera handiagoa dute gaztelaniaz egiteko”.

Helburuak eta kezkak kontuan hartuta, iazko ekainean Gurasook ere Euskaraz Bizi proiektua diseinatzen hasi ziren, guraso euskaldunak, euskalduntze bidean daudenak eta erdaldunak, denak gogoan hartuta. Gauzak horrela, irailean hasita, zenbait motibazio-ekintza jarri dituzte martxan. Irailean mailaz mailako txostena banatu zuten (eskolaz kanpoko ekintzak, musika/antzerkia, telebistaren erabilera, guraso euskalduna bazara nola jokatu, guraso erdalduna bazara nola jokatu, etxerako lanak egiten lagundu euskalduna zein erdalduna izanik…). Urrian, Basauriko jaiei begira, Eskarabilera abestia eta buruko zapiak eta gerrikoak janzteko tailerra euskaraz eskaini zuten (guraso euskaldun zein erdaldunei).

Azaroan 70 familiak Ikastolan Be Bagara erronkan parte hartu zuten, Euskarabila Elkarteak antolatutako jardueraren barruan. Abendua hilabete oparoa izan zen: Euskararen Egunean goiz osoko festa ospatu zuten Ikastolan (horma-irudia margotu, Olentzerori gutunak idatzi, txapak egin, hamaiketakoa), familiekin jolas saioak antolatu zituzten eta liburu gomendioa eta aisialdirako Interneterako loturak aurkeztu zituzten (jolasak, abestiak eta karaokea, ipuinak, lmak eta marrazki bizidunak).

Otsailean hamar guraso erdaldunek hartu zuten parte eguneroko esamoldeak ikasteko eta euskaraz erabiltzeko saioan, Basauriko Udalak antolatuta. Martxoan berriro ere jolas-saioak egin zituzten (45 partaide), apirilean Korrika eta maiatzean Mintzodromoa (ikasleentzat, gurasoak laguntzaile). Datorren ikasturteari begira, ekainean hausnarketa egin eta proposamen berriak landu ditu Arizko Ikastolak, irailetik aurrera “gogoz ekiteko”.

CIPEB-ekin elkarlanean

basauri arizko ikastola 2017 eski kooperatiboak cipeb


Gorputz Hezkuntza saioan, eski kooperatiboak erabiltzen // Arizko Ikastola

Arizko Ikastolak proposamena egin zion Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuari (OLH-CIPEB) ikasturte honen hasieran: Ikastolako jaietan, jolas orduetan edota gorputz hezkuntza saioetan erabiltzeko eski kooperatiboak egitea Institutuko ikasleekin, gastuak Ikastolaren esku utzita. Harrera ona izan du proposamenak eta azken ikasturte honetan lanean ibili dira Etxebizitzen mantentze-lanak ikasketak egiten ari diren ikasleak. “Harreman luze baten lehen kapitulua izango delakoan gaude”, diote bi ikastetxeetako arduradunek.

OLH Udal Institutua Kareaga Behekoa kalean dago eta udal titulartasuneko zentro publikoa da. Basauriko Udalak eskuordetuta ditu haren gaineko eskumenak eta Etxebarriko Udalaren laguntza ere badu. ADSIS Fundazioak kudeatzen du zentroa.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak