→Basauri

Arrate Orueta: “Emakumeen futbolak dirua erakarri du eta orain jendarteak babestu behar du gure lana”

Athleticeko nesken lehen taldeko jokalaria izan zen Arrate Orueta basauriarra. 2015era bitarte izan zen zuri-gorria, eta tartean, lau Superliga irabazi zituen. Egun medikua da Gurutzetako erietxean.

Athleticeko emakumeen lehen taldearen sorreran izan zen Orueta, eta 13 urtez aritu da bertan / Geuria

Athleticeko nesken lehen taldeko jokalaria izan zen Arrate Orueta basauriarra. 2015era bitarte izan zen zuri-gorria, eta tartean, lau Superliga irabazi zituen. Egun medikua da Gurutzetako erietxean.

Athleticen eta Atletico Madrilen arteko futbol norgehiagokak 48.121 ikusle bildu zituen San Mamesen pasa den urtarrilean, Erreginaren Kopako finalerdietan. Europan emakumezkoen futbol partida batek izan duen ikusle kopururik handiena da hori. Oraindik ere gizonezkoenetik urrun dagoen arren, emakumezkoen futbolak aurrerapauso nabarmenak eman ditu: eskola futbolean inoiz baino neska talde gehiago dago, emakumeen harrobia geroz eta handiagoa da, zenbait enpresek goi mailako futbolaren aldeko apustu argia egin dute eta lehen ligako jokalari gehienak profesionalak dira.

Horrek guztiak, noski, badu bere oinarria. Oso bestelako errealitatea bizi izan zuten 2002-2003ko denboraldian Athleticeko emakumezkoen lehen taldea osatu zuten jokalariek. Horien artean zegoen Arrate Orueta (Basauri, 1984). Zailtasunak zailtasun, basauriarrak mimo handiz gogoratzen ditu hasierako urte horiek, eta pozik da orduan abiatu zuten proiektuak izan duen bilakaerarekin. “Zirraragarria da honen guztiaren hazia guk landatu genuela jakitea”, dio Oruetak. Athleticen aritu bitartean, medikuntza ikasketak egin zituen basauriarrak, eta horretan ari da orain lanean, Gurutzetako ospitalean. Ama izan da eta pozik bizi da Mungian. Bere etxean hartu gaitu emakumeen futbolak izan duen bilakaeraz berba egiteko.

Nola gogoratzen dituzu hasierako urte horiek?
Garai ederrak izan ziren. Gaur egungo emakumezkoen futbolaren oinarriak eraiki genituen orduan, eta eduki duen bilakaera ikusita, argi dut izugarri merezi izan duela egin genuen lanak. Futbolarekin erabat konprometitutako emakumeak batu ginen, eta lorpen handiak eskuratu genituen: lehen hiru Superligak gureak izan ziren, lau bost urtetan; San Mames zaharrean 30.000 pertsona bildu genituen; Europan jokatu genuen…

Jokalarien egoera, ordea, oso ezberdina da.
Ez da erraza bi garaiak alderatzea, baina bai, oraingo errealitateak hasiera bat dauka, eta guri egokitu zitzaigun lehen pauso horiek ematea. Ezberdintasunik handiena, egun jokalari profesionalak direla: goizez entrenatzen dute, soldata duin bat dute, babesleak, managerrak… Egun Athleticen ari diren gehienek ez dute ikasten ezta lanik egiten ere, erabateko dedikazioa dute futbolarekiko.

Eta zuek?
Gure garaian, taldearen erdia ikasten ari zen eta beste erdia, lanean. Futbolarekin irabazten genuena futbolean jokatzeak eragiten zizkigun gastuak ordaintzeko erabiltzen genuen. Zerbait gehiago egin behar zenuen, bai ala bai, eta horrek noski, badu bere ondorioa: askoz ere nekatuagoa zoaz entrenamenduetara.

“Nire garaian talde erdiak ikasi egiten zuen, eta beste erdiak, lan”

Zuk medikuntza ikasi zenuen.
Fisioterapia ikasi nahi nuen, baina ez zegoenez hori bertan ikasteko aukerarik, medikuntza fakultatean sartu nintzen. 6 urteak 8 urtetan egin nituen nik. Eta ez pentsa alferkerian ibili nintzenik: urte haietan futbolerako eta ikasteko denbora nuen bakarrik. Klasera joan, entrenatu, ikasi, lo, klasera joan, entrenatu, ikasi, lo… ‘Bizitza soziala’ bezala ezagutzen duguna, futbolean egiten nuen nik.

Erraztasunik izan al zenuen goi-mailako kirolaria izateagatik?
Ez. Egun, ikastea erabakitzen duenak, tutore berezi bat du unibertsitatean eta hark kudeatzen dizkio kontu guztiak. Nire garaian nik egiten nuen dena. Pentsa: aste barruan Kopako partidu bat genuenean, eta unibertsitatean azterketa, irakasleari erreguka ibili behar nuen.

Galdakaoko ospitalean mediku egoiliar bezala ibili zinen ere.
Guardiak egokitu zitzaizkidanean izan zen gogorrena. Erietxean 24 orduko jardunaldiak egin ondoren entrenatzera joaten nintzen, lorik egin gabe, eta ahal nuenean, 2-3 ordu lo eginda gehienez. Bi urte pasa nituen horrela eta serio planteatu nuen nire jokalari ibilbidea bertan behera uztea. Baina hainbeste maite nuen futbola non ohartzerako pasata bainuen bolada gogor hori.

Ospitaleko guardiak bukatzearekin batera esan zizuten ez zenuela Athleticen jarraituko.
Bota ninduten, eta golpe latza izan zen hori, ez bainuen inondik inora ere espero. 2015eko denboraldiaren amaieran esan zidaten ez nuela Athleticen jarraitu behar, ‘motibazio ezagatik’. Egia esan, ospitaleko guardiak bukatuta, hurrengo denboraldia goxoa izango zela uste nuen, futbolaz berriz ere topera gozatzeko aukera izango nuela. Oso gogorra izan zen nigan motibazio eza sumatzen zutela entzutea, azken bi denboraldietan ahalegin izugarriak egin nituelako lana eta taldea uztartzeko. Taldekide garrantzitsua sentitzen nintzen. Ulertzen dut jokalari guztiei beren momentua heltzen zaiela, baina justu denboraldi horretan titular nintzen, asko jokatzen nuen, lesionatuta ere bai… Eta bat batean, dena bukatu zen. Hori bai, ezin dit inork esan urte haiek desmotibatuta igaro nituenik, argi dut hori.

“San Mamesen egindako indar agerraldia izugarria da, baina Lezama bete behar dugu”

Futbolean jarraitzeko eskaintzak izan zenituen.
Aspalditik esana nuen Athleticen bakarrik arituko nintzela, beraz, ez nuen momentu batez ere nire burua imajinatu beste talde baten kamiseta jantzita.

Eta gero, zer?
Garai txarrak izan ziren, ez nekien denbora librearekin zer egin. Pentsa, 14 urte nituenetik arratsalde guztiak pasatu nituen futbolean entrenatzen, eta Athleticen bukatu nuenean, arratsalde guztiak etxean! Lehiatzearen hutsunea ere sumatzen nuen, asteburuetako norgehiagokak, talde bidaiak… Eta Lezamara itzultzea asko kostatu zitzaidan. Denbora batez erabat aldendu behar izan nuen.

Futbolarengatik gauza asko egin gabe utzi behar izan dituzula aipatu duzu lehen. Horrela bukatu eta gero, damu zara?
Inondik inora ere ez! Ez nituzke garai horiek ezergatik aldatuko. Athleticen kamiseta jantzi ahal izatea ametsa betetzea zen niretzat. Momentuan normaltasunez ikusten duzu, baina kanpoan zaudenean, gehiago baloratzen duzu, eta oraindik ere hotzikarak sentitzen ditut hura gogoratzean. Txiki txikitatik joan izan naiz San Mamesera aitarekin eta nebarekin, eta amesten nuen zelaian jokatzea lortu nuen.

2015eko ekainean omenaldia egin zioten lagunek eta familiartekoek Basozelain / Geuria

13 urte pasa dituzu jokalari zuri-gorri bezala. Zein une nabarmenduko zenuke?
Uff… Ezin dut bat aukeratu! Irabazitako Superligak, hauen ospakizunak, San Mamesen lehen aldiz jokatu genuenekoa, Europan aritu ginenekoak… Baina, batez ere, osatu genuen talde ederra!

Ikusi al zenuen neskek San Mamesen jokatutako azken partidua?
Noski! San Mameseko palkoan izan nintzen, izugarrizko inbidiarekin. Ederra izan zen publikoaren erantzuna, eta gure jokalariek halako omenaldia merezi zuten. Aurkarientzako ere esperientzia itzela izan zen, ziur! Pena handia eman dit niri San Mames berrian jokatu ez izanak!

“14 urterekin 28 urteko emakumeen aurka jokatzen nuen. Ez zegoen apenas aukerarik”

Gero eta jende gehiago mugitzen al du emakumezkoen futbolak?
Nik uste dut baietz. Ahaleginak egiten ari dira, behintzat. Gol TV, Movistar eta Iberdrola bezalako enpresa handiek nesken futbolaren aldeko apustua egin dute, eta horrek ikusgarritasuna eman dio emakumezkoen ligari. Orain ohikoagoa da telebistan emakumeen futbol partiduak ikustea. Gure garaian salbuespena zen hori. Gurean ETB1ek ematen zituen, oso gutxitan, eta derbiak izaten ziren gehienetan. Enpresa handiek dirua erakarri dute nesken futbolera, eta jokalarien baldintzak hobetzeaz gain, maila ere dezente igo du horrek; orain jokalari atzerritar asko dago ligan. Onerako eta txarrerako, gizonezkoen ligaren joera bera hartzen ari da gurea. Jendartea da aldatu behar dena orain. Azkenaldian San Mamesen eta Anoetan egindako indar agerraldiak positiboak izan dira, noski, baina harago joan behar dugu: Lezama erregulartasunez bete behar dugu. Hobeto goazela erakusten duen beste gauza bat, egungo jokalariak gu baino gehiago agurtzen dituztela kalean, ezagunagoak dira! (kar kar).

Harrobia, behintzat, hazten ari da. Arrate Orueta Kampusak ere lagunduko du horretan.
Ilusioa handia da txikienen artean, eta garrantzitsua da hori mantentzea. Horretarako aukerak eman behar zaizkie, eta zorionez egun asko zabaldu da nesken futbolaren eskaintza. Nire garaian ez zegoen apenas aukerarik: ikastolan areto futbolean baino ezin genuen jokatu. Sondikara joan nintzen gero, eta gogoan dut 14 urterekin 28 urteko emakumeen aurka jokatzen genuela. Aldagelarik ere ez genuen: harmailen azpiko material gelan aldatzen genuen arropa.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak