→Basauri

Artigas zabor plantara bisitaldia antolatu du Sagarrak ekologista taldeak

basauri sagarrak 2017 zaborra ez organikoa

Irailaren 30ean eta urriaren 1ean irteerak antolatu ditu Sagarrak taldeak Artigas zabor plantara eta Ayuda ibaiaren zintzurrera, hurrenez hurren.

Hondakin organikoak zein ez organikoak jasotzen dituzte Artigasen // Sagarrak

Irailaren 30ean, larunbatez, irteera antolatu du Sagarrak ekologista taldeak Artigas zabor plantara. “Zure zarama, nora doa?” lemapean bisitaldia egingo dute bertan. “Bisitaldian Bizkaiko hondakinen gestioa eta birziklapen prozesu ezberdinen inguruko informazioa emango digute“, diote Sagarrak taldetik.

Bisita doakoa izango da eta bi zati izango ditu: alde batetik, birziklatu daitekeen zaborrarren prozesua eta bestetik, birziklatu ezin dena, TMBan jasotzen duen tratamendu mekaniko eta biologikoaren osteko kudeaketa.

Irteerara joan nahi duenak izena eman behar du irailaren 28a baino lehen 944 263 769 telefono zenbakian (astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 12:00etara) edo ekologia@sagarrak.org helbide elektronikoan. Irailaren 30ean 09:30ean irtengo da autobusa Bilbotik eta 10:00etan Basaurin egingo du geralekua, Arizko autobus geltokian.

Egun osoko irteera Ayuda ibaiaren zintzurrera

Era berean, urriaren 1ean, igandez, Ayuda ibaiaren zintzurra (Okina-Saseta, Trebiñu) bisitatzeko egun osoko irteera antolatu du Sagarrak taldeak. “Ingurumen-interes handiko troka zoragarria urratu du Ayuda ibaiak Okina (Araba) eta Saseta (Trebiñu) artean eta hori da hain zuzen bisitatuko duguna. Besteak beste, ur-jauziak, ur gardenak, putzuak, erreka bazterreko baso oparoa, ehun urtetik gorako pagadiak, haitz malkartsuak eta abere ugari -ur-ipurtatsa da aipagarriena-“, diote.

12 kilometro inguruko ibilbidea egingo dute partaideek. Irteerara joan nahi duenak izena eman behar du irailaren 28ra arte eta 12 euro (nagusiak) edo 5 euro (haurrak) ordaindu beharko dituzte (Laboral Kutxa: 3035 0068 01 0681126228).

Urriaren 1ean 08:30ean irtengo da autobusa Bilbotik eta 09:00etan Basaurin (Arizko autobus geltokian) hartuko ditu beste partaideak. Antolatzaileek aurreikusi dutenaren arabera, 18:30ak aldera izango da itzulera Bilbon eta 19:00etan Basaurin.

Gora