→Basauri

Aurrekontuak osatzeko herritarren partaidetza abiarazi du Basauriko Udalak

basauri aurrekontuak 2016 herritarren partaidetza

Etxebizitzetara bidaltzen dituzten inkestez, webguneaz eta karpa informaztiboez gain, aurten bost buzoi jarriko dituzte herrian zehar.

Basauriko Udalak dagoeneko martxan jarri du 2017ko udal aurrekontuak osatzeko prozesua. Eta, bosgarren urtez jarraian, herritarren iritziak eta ekarpenak kontuan hartuko ditu Udal Gobernuak. Horiek horrela, 2012tik egin izan duten bezala, aurten ere etxebizitzetara bidaltzen dituzen inkestak, karpa informatiboak eta webgunea izango dira basauriarren bozgorailua.

Karpa informatiboen hasiera joan den azaroaren 28an izan zen San Migeleko Hernan Cortes plazan. Hilaren 29an Arizgoiti plazan ipini zuten eta azaroaren 30ean Kareagako metro geltokian. Abenduaren lehenarekin karpa Solobarria plazan izan da eta gaur, abenduaren 2an, Arizko plazan izango da (metro geltokiaren ondoan). Hurbiltzeko asmoa daukanak aukera izango du horietara joateko 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

Etxebizitzetara bidali dituzten inkestak abenduaren 12ra arte entrega daitezke Pozokoetxe, Ibaigane, San Migel eta Basozelaiko Kultur Etxeetan eta Herritarren Arreta Bulegoetan (udaletxean zein San Migelen), baita karpa informatiboetan ere. Era berean, Zure Hitza Basauri web atariaren bitartez herritarrek euren ekarpenak bidali ahal izango dituzte.

Bost buzoi

Urtetik urtera parte hartze prozesu honetan herritarrek euren iritziak eta proposamenak helaraz ditzaten hobekuntzak egiten eta partehartzea hedatzen saiatzen gara”, dio Nora Pereda Parte-Hartze zinegotziak.

Gauzak horrela, aurten berrikuntza bat izan dute aurrekontu parte-hartzaileek: udalerrian zehar bost buzoi kokatu dituzte Hernan Cortes plazan (San Migel), Basozelaiko eta Kareagakoko metro geltokietan, Solobarria plazan eta Pozokoetxeko parkean. Buzoi hauek ere abenduaren 12ra arte egongo dira erabilgarri.

2012tik gaur egunera arte 1.400 basauriarrek baino gehiagok parte hartu du udal aurrekontuak prestatzeko prozesuan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak