→Basauri

Babes ofizialeko 345 etxebizitza Azbarren auzoan eraikitzeko plana aurkeztu du Gobernu Taldeak

basauri azbarren 2016 hapo infografia

Plana ekonomikoki bideragarria egiten duten argudioak emateaz gain, hirigintzako agiria aldatzeko prozesua baliatu dute udal arduradunek

Hiri-antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) Azbarreneko aldaketa puntuala aurkeztu du gaur Lurralde-politika eta Kontratazioko Informazio Batzordean Basauriko Udaleko Gobernu Taldeak.

Azkenekoz, 2007ko ekainean onetsi zuten Basauriko HAPOren aldaketa Azbarren auzoari dagokionez eta ordura arte urbanizagarria zen lurzorua, hiri-lurzoru izatera igaro zen, eta eraikigarritasuna handitu zen bertan, etxebizitza kopuruari zegokionez. Era berean, babestutako etxebizitzaren portzentajea %65etik %100era igo zen.

HAPOren Azbarreneko aldaketa puntualak eutsi egiten die eremu horretan etxebizitza babestua sustatzeari buruz Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako hitzarmenetan jasotako konpromisoei. Ondorioz, babes ofizialekoak izango dira planeamenduaren arabera eraikiko diren 345 etxebizitzen %100a –2014ko abenduan Azbarren auzoan babes ofizialeko 358 etxebizitza eraikitzea aurreikusi zuen Udalak-.

Ekonomikoki “bideragarria”

Finantziazio-iturriak jaso, eta plana ekonomikoki bideragarria egiten duten argudioak emateaz gain, hirigintzako agiria aldatzeko prozesua baliatu dute udal arduradunek, tartean beste gauza batzuk ere egiteko. Hala nola, trenbidea udalerrian hobeto integratzeko proposamena jasotzeko, Metroaren 5. lineako beste geltoki bat egin ahal izateko lurzorua erreserbatzeko, zaratari buruzko azterlanaren ondorioak eta gomendioak txertatzeko, eta zuzkidura-bizitokietarako lurzati bat xedatzeko.

HAPOren aldaketa puntuala Lurralde-politika eta Kontratazioko Informazio Batzordeari helarazi eta gero, datozen egunetan Planeamenduko Aholku Batzordeari ere aurkeztuko dio Gobernu Taldeak. Hasierako onespena jaso eta gero, Udalbatzak behin betiko onespena eman beharko dio aipatutako aldaketa puntualari.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak