→Basauri

Azbarrenen 358 etxebizitza eraikitzeko elkarlanean dira Udala eta Jaurlaritza

basauri sarratu etxeak obrak 2014

Sarratu auzoko lehenengo fasean 150 etxebizitza eraikitzen ari dira eta San Migelen, 75. Azbarren auzoan Babes Ofizialeko beste 358 etxebizitza egitea aurreikusten du Udalak.

Aspaldi dabil Basauri Udal Hiri Antolakuntza Plan Orokorra (HAPO) berrikusteko asmoz, gaur egungo errealitatera egokitzeko. HAPOren azken eguneraketa 2006. urteko ekainean egin zen. Bertan, Sarratu auzoaren berregituraketa adostu zuten eta, zortzi urte geroago, 2014ko udan errealitate bihurtu da: Eusko Jaurlaritzaren baitan dagoen Visesa sustapen publikorako sozietatea babes ofizialeko 60 etxebizitza eta 90 etxebizitza sozial eraikitzen ari da lehenengo fase honetan. Aurrenekoen esleipena 2012ko uztailean burutu zen; etxebizitza sozialen zozketa, ostera, oraindik egiteke dago. Hala eta guztiz ere, aurreikuspenen arabera, 2016ko lehenengo hiruhilabetean emango zaizkie etxebizitzak esleipendunei. Bigarren faseari begira, babes ofizialeko beste 130 etxebizitza eraikiko direla espero da; 2016an bertan hasiko dira obra horiek.

Sarratuko eraikin berriek bost solairu izango dituzte, eta beheak lokal komertzialak jartzeko erabiliko dira. Eraikin bakoitzaren azpian, berriz, hiru soto-solairu eraikiko dira: aurrenekoa trasteleku eta hornikuntzentzat eta beste biak, garajeentzat.

99 BOE SAN MIGELEN

Erebegik babes ofizialeko 75 etxebizitza eta 24 tasatu eraikiko ditu Basauriko San Migelen, bi eraikin osatuz. Lehenengoen egiturak forma hartzen ari dira dagoeneko; etxebizitza tasatuen obrak, ostera, 2015ean hasiko dira. “Hiru logeletako etxebizitzak dira, argitsuak eta distribuzio zabalekoak. Terraza handiak ere  izango dituzte. Etxebizitza hauek eraginkortasun energetikoa lortzeko diseinatuak eta bideratuak daude, etorkizuneko kontsumoaren aurrezpenera iristeko”, diote Gesarqus etxebizitza-sustatzailetik.

Prezioari dagokionez, lehenengo faseko etxebizitzek bi salneurri dituzte: 168.278,39 eurotik hasita, garaje eta trasteleku banarekin, eta 185.653,36 eurotik aurrera, bi garaje partzela eta trasteleku batekin. San Migelgo bigarren faseko etxebizitzentzako, ostera, ez du eroslerik aurkitu Gesarqusek eta litekeena da etxebizitza horien proiektua bertan behera geratzea.

ORAINGOZ, SAN MIGELGO BIGARREN FASEA STAND-BY-EN DAGO

ETXEAK EROSI, ERAITSI ETA BERRIAK ERAIKI

Hori da gaur egun Azbarren auzoan gertatzen ari dena. Basauriko Udalak dagoeneko hainbat higiezin erosi eta eraitsi ditu Bidebi Sozietate Publikoaren bitartez, baina oraindik gutxi batzuk erosteke daude. Udalaren aurreikuspena Azbarren auzoan babes ofizialeko 358 etxebizitza eraikitzea da, nahiz eta oraindik ez dagoen data finkorik.

Ekarpen horrekin urrats bat emango dugu Basauri modernizatzeko eta eraldatzeko. Degradatuta dagoen Azbarrengo gune hori birsortu egin behar dugu”, dio Andoni Busquet Basauriko alkateak: “Krisi ekonomiko batean murgilduta gauden arren, Eusko Jaurlaritzak eta Basauriko Udalak elkarlanean dihardugu erabakitzeke dauden promozioak aurrera eramateko helburuarekin”.

 

________________________________________

LA BASCONIAKO LURRETAN ZER EGIN PENTSATUZ

HAPO “gaur egungo errealitatera” moldatzeko berrikusketa egiten ari da Basauriko Udala. Industria guneak ibai ertzetara eramatean eta bizitokiak hirigunera hurbiltzean datza proposamena. Laminados Velascoren eta La Basconia zenaren lurzoruak -azken hauen jabe Espainiako Hirigintza Ministerioaren menpeko SEPES den arren- industrial izatetik erabilera mistokoak izatera aldatzea proposatu du. Alabaina, horrek ez du esan nahi Laminados Velasco lekuz aldatu behar denik: “Industria jarduera bertan manten liteke. Gure proposamena da oraingo etxebizitzetatik gertu dagoen industria sektorea bizileku bihurtzea eta gainontzekoak jarduera ekonomiko izaten jarraitzea”, dio Udalak.

Bestetik, La Basconia zenaren lurzoruari dagokionez, hirigunetik hurbilen dauden guneetan etxebizitzak eraikitzea eta ibai ertzetan jarduera ekonomikoak sortzea du xede Udalak.

LA BASCONIAN ETXEBIZITZAK ETA INDUSTRIAK ERAIKIKO LITUZKE UDALAK

Gora