→Basauri

2011. urtetik 252 herritar laneratu ditu Basauriko Udalak enplegu planen bidez

Aurten 42 herritarrei lana emateaz gain, laneratze hauen helburua da lana topatzeko zailtasunak dituztenen kualifikazioa hobetzea, lan esperientzia garatzea eta motibazioa piztea

Berrogehita bi langiletik bederatzik kaleko argien kanalizazioen berritzean lan egingo dute // Geuria

Aurten 42 herritarrei lana emateaz gain, laneratze hauen helburua da lana topatzeko zailtasunak dituztenen kualifikazioa hobetzea, lan esperientzia garatzea eta motibazioa piztea

Basauriko enplegua sustatzeko helburuarekin 42 langabe kontratatuko dituela iragarri berri du Udalak. Lan kontratuak gehienez sei hilekoak izango dira, batzuk lanaldi osokoak, beste batzuk partzialak. “Iaz 46 izan ziren laneratutako herritarrak. Aurten lau lanpostu gutxiago sortuko ditugu baina lanaldiak luzeagoak izango dira bete beharreko proiektuen arabera”, azaldu du Aitor Aldaiturriaga Enplegu zinegotziak. Kaleko argien kanalizazioak berritzea, kirol-guneak berritzea, dokumentuen digitalizazioa, webguneen eguneratzea, berdintasun plana eta bullying matxistaren programa garatzea.

Laneratze hauen helburua da lana topatzeko zailtasunak dituztenen kualifikazioa, lan esperientzia eta motibazioa garatzea. Lanerako hautagaiek langabezian egon behar dute eta honako baldintzetako bat bete behar dute: 35 urte edo gutxiagoko langabeak, 45 urte edo gehiagoko langabeak (6 hilabete gutxienez), 55 urtetik gorakoak, epe luzeko langabeak edo gizarte bazterketa arriskuan daudenak. Kontratatutako %40 emakumeak izango dira, %30 Diru-sarrerak Bermatzeko Errentan titularrak direnak eta %15 55 urtetik gorakoak.

Aukeraketa prozesua Lanbiderekin batera egingo du Basauriko Udalak. Lehenik, Udalak Lanbideri bidaliko dizkio lanpostu guztien ezaugarriak; ostean, Lanbidek hautagai guztien zerrenda osatuko du; azkenik, Udaleko teknikariek zerrenda hori jaso eta aukeraketa egingo dute.

Udalak nabarmendu du hautagai izan nahi dutenek Lanbiden izen emanda egon behar dutela, eta datu pertsonalak eta Udalak zehaztutako lanpostuei dagozkien datuak eguneratuta izen behar dituztela.

2011 urtetik Basauriko Udalak 252 herritar laneratu ditu. Aldaiturriagaren hitzetan, “halako ekintzek eta erakunde ezberdinen artean egiten ditugunek apurka-apurka langabezia leuntzea lortzen dute. 2011n %17,9ko langabezia geneukan gure herrian. Aurtengo ekainean %14,1ekoa”. Aurtengo planari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak 519.000 euro jarriko ditu eta Basauriko Udalak 204.000.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak