Sareak

☉ Basauri

Arkaitz Serrano: “Futbolari edo modelo? Etorkizunean modelo izan nahiko nuke”

Elite Model Look ekitaldiko finalaurrekoetan parte hartuko du Arkaitz Serrano basauriarrak Bartzelonan. Finalerako txartela lortzekotan Milanera joan beharko luke.

|

basauri arkaitz serrano 2018 futbolari modelo
Arkaitz Serrano San Migelen, bere auzoan // Geuria

Elite Model Look ekitaldiko finalaurrekoetan parte hartuko du Arkaitz Serrano basauriarrak Bartzelonan. Finalerako txartela lortzekotan Milanera joango da

Arkaitz Serrano (Basauri, 2001) sanmigeldarrak ez ditu oraindik hogei urte bete, baina bere etorkizuna argi du. Futbolaria da Usansoloko Umore Onan, baina modelo izan nahi du. Ekainaren 29an Elite Model Look ekitaldiko finalaurrekoan parte hartuko du Bartzelonan. Fase hori gainditzen badu, Milanen (Italia) uztailean ospatuko den finalerako txartela lortuko luke.

Futbolaria zara, baina modelo izateko bidean zaude.
Txikitan hasi nintzen futbolean: hasieran San Migeleko futbol taldean, gero Etorkizuna (Arrigorriaga), Ariz eta Indartsu taldeetan egon naiz. Egun, Usansoloko Umore Onan nabil, gazte mailako bigarren urtean. Baina, bai, gaur egun nire benetako pasioa modelo izatea da. 

Noiztik datorkizu zaletasun hori?
Bi urte inguru daramatzat modelo izateko lan egiten. Egia esan, ezustean etorri zitzaidan zaletasun hau. Instagram sare sozialaren bitartez mezu bat jaso nuen ea nahiko nukeen Bartzelonara joan argazki-saio bat egitera. Nire gurasoei komentatu nien eta aurrera egitea erabaki nuen. Momentu hori iritsi arte ez nekien ezta zer zen pasarela bat ere! (kar, kar, kar)

Elite Model Look, nazioarteko lehiaketaren webgunea / elitemodellook.com

Mezu hori jasotzea harrigarria egingo zitzaizun…
Erabat. Harrituta geratu nintzen, shockean. Sorpresa handia izan zen. Gurasoekin batera hartu nuen erabakia. Hasieran zaletasun bezala ikusten nuen, mundu honek nola funtzionatzen duen ikasteko, baina Bartzelonan egin zidaten argazki-saioa asko gustatu zitzaidan eta danok erabaki genuen etorkizunerako bide bat izan zitekeela.

Zein lan egin dituzu modelo bezala?
Batik bat moda desfileetan eta argazki-saioetan parte hartu dut. Esate baterako, Donostiako San Telmo Museoan Afrikatik arropa markako desfilean parte hartu berri dut hilabete hasieran. Lehen aipatu bezala, ikasketa-prozesu bat bezala ikusten dut hau. Donostiako First Model agentziarekin ari naiz lanean.

Ildo horretan, Elite Model Look ekitaldian parte hartuko duzu laster.
Ekainaren 29an ospatuko dira Elite Model Look ekitaldiko finalaurrekoak eta bertan parte hartuko dut. Argazki-saioak eta elkarrizketak egingo dizkigute parte-hartzaile guztioi. Ekitaldiko antolatzaileek guri buruz dena jakin nahi dute: gure modelorik gogokoena, zergatik, ikasketak, hizkuntzak edota kirolen bat praktikatzen dugun, besteak beste. Gero epaimahaiak hurrengo fasera igaroko direnak hautatuko ditu. Beste fase hori egunean bertan izango da eta partaideek bainujantzian desfilatuko dute. Ondoren, finalerako hautaketa egingo dute.

Nola ikusten duzu zure burua finalaurrekoetan?
Ba egia esan ez dut horretan asko pentsatu. Ondo pasatzera noa Bartzelonara, irakatsi didatena praktikan jartzera eta momentua bizitzera. Finalaurrekoetan aurrera egiten badut eta finalera banoa, ezin hobeto, baina ez badut fase hau gainditzen, ez da ezer pasatzen. First Models agentziarekin jarraituko dut eta orain arte egin dudan lana egiten jarraituko dut.

Noiz ospatuko da Elite Model Look ekitaldiko finala?
Finala uztailaren 13an izango da Milanen, Italian. Elite Model Look ekitaldiko modelorik onenak bilduko dira bertan, emakumezkoak zein gizonezkoak. Normalean, gizonak baino emakume gehiago daude finalean.

Eta genero berdintasunik ba al dago modeloen munduan?
Betidanik egon da emakume gehiago mundu honetan eta gaur egungo egoera antzekoa da. Egia da gero eta gizon gehiago animatzen direla pasarelen munduan lan egitera. Berdintasuna arlo guztietan sustatu behar dela deritzot, adibidez, moda-merkatuan salgai jartzen diren produktuen gehiengoa emakumeei zuzendutakoak dira, merkatu handia dago bertan, eta produktu horiek guztiak saltzeko emakumeak kontratatzea dira, eta ederto. Orain ari dira apurka-apurka gizonentzako produktu gehiago merkaturatzen eta horiek saltzeko gizonok egin beharko dugu lan. Merkatu berri bat irekitzen ari da, baina motel dabil. Soldatari dagokionez, emakumeek orokorrean gizonek baino gehiago irabazten dute, eta ondo deritzot, gehiago lan egiten dutelako eta urte asko daramatzatelako mundu honekin borrokan.

Futbola ala modelajea aukeratzeko esango banizu…
Momentuz biak aukeratzen ditut. Bi adarrak ditut gustuko, eta biak batera aldi berean egin ditzakedan bitartean, biak egingo ditut. Ez dut zalantzarik momentuz. Gero etorriko dira hartu beharreko erabakiak.

Eta momentu hori iritsiko denean, zer?
Uste dut modelajeari helduko diodala. Futbolari edo modelo izateko aukeratu behar badut, etorkizunean modelo izan nahiko nuke. Mundu berri bat deskubritu dut eta oso gustora nabil.

☉ Basauri

Kareagako Mendi Martxa apirilaren 28an izango da, Zaporeak elkartearen alde

|

Kareaga Mendi Martxaren bederatzigarren edizioa izango da aurtengoa // Geuria

Kareagako Mendi Martxa izango da apirilaren 28an, igandez. Aurtengoa bederatzigarren martxa da eta irteera 10:00etan izango da Karmelo Torre eta Asturias kaleen arteko bidegurutzean.

Mendi Martxan parte hartzeko izena ematea 09:00etan hasiko da. Parte hartzaileek euro 1 ordaindu behar dute eta bildutako dirua Zaporeak elkarteari emango diote.

Aurten ibilbidea aldatu du Sorgina Kultur Elkarteak; izan ere, Arratiako Tranbia pasatzen zen bidean bidegorria eraikitzen ari da Bizkaiko Foru Aldundia.

Asturias kaletik Montefuerterako bidea hartuko dute parte-hartzaileek, eta urtero bezala, Ollarganetik, Gaztelutik eta Malmasinetik igaroko dira. Guztira 9 kilometroko ibilbidea da.

Sorgina Kultur Elkarteak antolatzen du Kareagako Mendi Martxa, Kareagako Auzo Elkartearen, Babes Zibilaren, Gurutze Gorriaren eta Basauriko Udalaren laguntzarekin.

Osorik irakurri

☉ Basauri

La Gilda del Norte enpresako jabe basauriarrarentzat sei urte arteko kartzela zigorra eskatu dute

|

La Gilda del Norte enpresako jabea Basaurikoa da eta hiru delitu leporatzen dizkiote // Geuria

Basauriko enpresari batek, F.J.G.Á., La Gilda del Norte enpresako jabeak, sei urte arteko espetxe zigorra eta “isun ekonomiko handiak” jaso ditzake, langile atzerritarrak “modu irregularrean eta modu jarraituan” kontratatzeagatik.

Polizia Nazionalak eta Lan Ikuskaritzak ikerketa judiziala abiarazi zuten 2020ko abenduan enpresak Basaurin eta Lezaman dituen lokaletan. Ikerketa horren arabera, 2018tik, langile talde zehaztugabe “baina handi batek” ez zuen kontraturik eta ez zeuden alta emanda Gizarte Segurantzan; diru beltzarekin ordaintzen zieten, gutxieneko soldata baino gutxiago (hilero 800 euro, lanaldi osoan); eta ikuskapenak egiten zituztenean, langileak ezkutatzera behartzen zituzten, “baita hozkailuetan ere”. Gainera, kasu batean, langile bat haurdun geratu zen, eta honek adierazi zuen enpresaburuak abortatzera gonbidatu zuela eta dirua eskaini ziola haurdunaldia etetea ordaintzeko.

F.J.G.Á.ri hiru delitu leporatzen dizkiote. Zehazki, legez kanpoko lan-baldintzak ezartzea langileei lan-kontratuetatik kanpo; lan-baimenik ez duten atzerritarrak enplegatzea, baita adingabeak ere; eta, azkenik, langileen bizitza “arrisku larrian” jartzea, segurtasun-arauak eta laneko arriskuen prebentzioa bete gabe. Izan ere, Covid-19 izan zuten langileak pandemian lan egitera behartu zituen enpresariak.

Maria Miranda fiskalak frogatutzat eman ditu delituak, baina urtebeteko kartzela-zigorra eskatuko du epaiketan. Gainera, jabearen alaba (P.G.) salbuestsi du, nahiz eta enpresan erantzukizun handiak dituen.

Langileen abokatuek, ordea, sei urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra eskatzen dute enpresari basauriarrarentzat, eta hamar hilabeteko espetxe zigorra enpresariaren alabarentzat. Gainera, 16.200 euroko isuna nahi dute F.J.G.Á.tzat eta 7.200 euroko isuna bere alabarentzat, baita 7.500 euroko kalte-ordaina ordaintzea kaltetutako langile bakoitzari.

Akusazio gisa agertutako beste langile batek bost urteko kartzela zigorra eskatu du F.J.G.Á.rentzat eta bederatzi hilabetekoa alabarentzat, diru-kopuru berdinez gain. Orain dela bi urte, Lan Ikuskaritzak La Gilda del Norte enpresari 40.300 euroko lehen zehapena jartzea proposatu zuela zabaldu zen.

Juan Carlos Mediavilla Bilboko instrukzioko 1. zenbakiko epaitegiko titularrak F.J.G.Á.en eta haren alabaren aurkako epaiketa hasteko autoa eman du apirilaren 22an, baina oraindik ez dago epaiketarako datarik.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Ariz auzoan esku-hartze txikiak egiteko herritarren iradokizunak jasoko ditu Basauriko Udalak

Auzoetan esku-hartze edo obra txikiak egiteko prozesu parte-hartzailea abirazi du Basauriko Udalak. Arizen hasiko dute lehen esperientzia

|

Ariz auzoan abiarazi du Auzoegin programako lehen prozesu parte-hartzailea Basauriko Udalak // Google

Basauriko Udalak herritarren parte-hartze prozesu berria jarriko du martxan: Auzoegin. Auzoetan esku-hartze edo obra txikiak egiteko proposamenak egingo dituzte herritarrek.

Hasteko, lehen prozesu parte-hartzailea Arizen egingo du Udalak, baina udal ordezkarien asmoa da gainerako auzoetara zabaltzea: “Auzo batetatik hasi behar genuen eta Arizen izango da lehen esperientzia hau. Prozesuak herritarren onarpen ona badu, beste auzo batzuetara zabalduko dugu”, dio Asier Iragorri alkateak.

“Proposamenek Ariz auzoko hobekuntza zehatzei buruzkoak izan behar dute, neurri txikikoak, udal-langileek, hau da, obretako brigadakoek egiteko modukoak”, dio Iragorrik.

Hala nola, espaloiak konpontzea eta beheratzea, bankuak jartzea eta margotzea, loreontziak jartzea edo kentzea, argiztapena… “Gauza txikiak izan behar dira, herritarren egunerokotasuna errazten dutenak”, dio alkateak.

Parte-hartze prozesua zabalik dago maiatzaren 5era arte // Geuria

Errepide bat asfaltatzea proposatzea, esaterako, ez lukete onartuko udal teknikariek: “Prozesua ez da obra edo ekipamendu handiak proposatzeko. Garrantzia txikiagoko hobekuntzez ari gara, Udalak egin ditzakeen obra handiagoekin batera, gure kaleak erosoagoak eta atseginagoak izan daitezen”, zehaztu du Iragorrik.

Zelan parte hartu?

Herritarrek proposamenak egiteko epea zabalik dago maiatzaren 5era arte, eta prozesuan 16 urtetik gorako basauriarrek parte har dezakete. Udalak galdetegia bidaliko du Arizko etxeetara.

Ariz auzoko herritarrek edo auzoarekin harreman zuzena daukatenek egin ahal izango dituzte proposamenak // Basauriko Udala

Iradokizunak helarazteko hainbat bide erraztu ditu Udalak:

  • Arizen jarriko dituzte postontzien bidez. Postontziak egongo dira: Arizko Dorretxean, Agirre Lehendakaria kaleko Arizko autobus geltokian, Valencia kaleko metro geltokiaren sarreran, Katalunia kaleko 52. zenbakian, Leon kalean (metroko igogailuaren ondoan) eta udaletxeko Herritaren Arretarako Gunean
  • Karpa informatiboan. Apirilaren 29an, astelehenez, jarriko dute Arizko eliza aurreko plazan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara
  • Ados Basauri online plataformaren bidez

“Proposamenak jaso ondoren, Udalak adostutako jarduerak baloratu, zehaztu eta gauzatuko ditu. Onartutako esku-hartzeak ahalik eta arinen gauzatuko ditugu. Balorazioa egin eta lanari ekin”, dio Berta Montes Partaidetza arloko zinegotziak. 

Azkenik, egin diren ekintzen laburpen bat bidaliko du Udalak auzokoen etxeetara: “Zer egin dugun jakinaraziko diegu bizilagunei, bi helbururekin: Udala gardena izateko eta herritarrek ikusteko euren proposamenak ez direla alferrik galtzen”, dio Montesek.

“Gobernu taldeak oso argi du basauriarren parte-hartzea sustatzen bada, herritarrek gaitasuna sentituko dute Udalaren ekintzetan eragiteko. Horrek udal gaietan inplikatzea bultzatzen du eta komunitate sentimendua indartzen du”, dio Montesek.

Auzoegin: 20 urte

2013an aktibatu zuen Basauriko Udalak Auzoegin Auzoetako Ekintza Plana. “Plan horren helburua udalerriko hainbat puntutan hirigintza hobetzeko, modernizatzeko eta berroneratzeko ekintzak gauzatzea da, auzotarrek, elkarteek eta kolektiboek hainbat partaidetza-kanalen bidez egindako eskaerei erantzuteko”, dio Iragorrik.

“Orain, plan honek ekimen berri bat jarri du abian auzoetan edo udalerriko ingurune jakin batzuetan herritarren parte-hartze prozesu espezifikoak bultzatzeko, auzotarren lankidetza aktiboaren bidez”, dio Iragorrik.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basaurik 2024ko Itzulia Women lasterketako bigarren etaparen irteera eta helmuga hartuko ditu

Maiatzaren 11n izango da Itzulia Women 2024ko Basauri-Basauri bigarren etapa. Hego Uribe eskualdetik igaroko dira txirrindulariak

|

Maiatzaren 11n izango da Itzulia Women 2024ko Basauri-Basauri bigarren etapa // Argazkia: @SprintCycling (Itzulia Women 2023)

Gaur, apirilak 23, Itzulia Women 2024 lasterketaren ibilbide ofiziala aurkeztu dute Gasteizen. Lasterketa maiatzaren 10ean hasi eta 12an bukatuko da.

Lasterketak hiru etapa izango ditu, eta bigarrena Hego Uribe eskualdetik igaroko da. Zehazki, Basauritik irten eta amaituko da bigarren etapa, maiatzaren 11n, larunbatez.

Guztira 104 kilometro egingo dituzte emakume txirrindulariek Basauri-Basauri etapan.

“Ziurrenik edizio honetako etaparik urduriena izango da. 104 kilometro izango dira, hiru mendate puntuagarri eta amaieran hainbat igoera eta jaitsiera etorriko dira, ziurrenik etapa nork irabaziko duen ebatziko dutenak”, diote Itzulia Women lasterketako arduradunek.

Lehenego etapa da Gasteiz-Elgoibar (140 kilometro, maiatzak 10) eta hirugarrena Donostia-Donostia (114,9 kilometro, maiatzak 12).

Basauri-Basauri: ibilbidea

Itzulia Women 2024 lasterketaren bigarren etapa maiatzaren 11n, larunbatez, izango da. Irteera 10:45ean izan da eta lehen txirrindulariak 13:21etik 13:39ra bitartean iritsiko dira helmugara. Oraindik zehaztu barik dago non hasi eta non bukatuko den etapa.

Basauri-Basauri bigarren etaparen ibilbidea // Itzulia Women 2024

Basauritik eta San Migeletik itzuli bat egin ostean, Arrigorriagatik, Ugaotik eta Zeberiotik igaroko dira txirrindulariak. Ondoren, Sarasola Gainara helduko dira (hirugarren mailako mendatea), eta handik Igorrera eta Lemoara egingo dute.

Lemoa atzean utzita, Usansolotik igaroko da tropela eta handik Larrabetzurantz egingo du. Bertan Aretxabalgane Gaina (hirugarren mailakoa) egingo dute, eta Gamiz-Fika barruan Urruztigaina (bigarren mailako) egingo dute.

Larrabetzutik igaroko dira berriro txirrindulariak, eta Erletxetik Galdakaorako bidea hartuko dute. Galdakaon esprint berezi bat egongomda, 81,7. kilometroan.

Eta azkenik, Galdakaotik Basaurira helduko dira. Basaurin, 90. kilometroan bigarren eta azken esprinta egingo dute txirrindulariek eta hamar kilometro ondoren bukatuko da bigarren etapa.

Basauri Kirolaren Europako Hiri da aurten, eta horren barruan hartuko du herriajk 2024ko Itzulia Women lasterketa, urte hasieran GEURIAn adierazi genuen bezala.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Alex Garcia Galas basauriarrak errekuperazio aldi “oso luzea” izango du Gurutzetako Ospitalean

Igandean bertan, Thailandiatik aberriratu zutenean, kendu zioten kaltetutako pankrea zatia Gurutzetako Ospitalean

|

Alex Garcia Galas basauriarra Gurutzetako Ospitalera iritsi zen momentuan // Argazkia: Eitb Media

Alex Garcia Galas basauriarra indarberritzen ari da Gurutzetako Ospitalean. Igandean aberriratu zuten Thailandiatik pankreatitisak jota eta egunean bertan kendu zioten kaltetutako pankrea zatia.

Zaintza Intentsiboetako Unitatean (ZIU) dago eta errekuperazio aldi “oso luzea” izango duela iragarri dute Gurutzetako medikuek.

Medikuek jakinarazi dute Alex kontziente eta egoera egonkorrean dagoela, duela bi hilabetetik jasaten ari den abdomen-prozesuaren larritasunaren barruan, eta Medikuntza Intentsiboko taldearen ardurapean jarraitzen du bere tratamenduarekin.

Asteburu solidarioa

Apirilaren 27an eta 28an antolatu du asteburu solidarioa Basozelaiko El Maño Auzo Elkarteak, Alexen familiari laguntzeko.

Besteak beste, haurrentzako parkea, urdaiazpiko moztailea, paella solidarioa, bingo solidarioa, barra solidarioa eta zozketak antolatu dituzte. Egitaraua osorik hemen.

Bilduko duten dirua Alexen familiari emango diote. Izan ere, basauriarra Thailandian ospitalean egon zen bitartean (bi hilabete) egunero 3.000 eta 4.000 euro artean gastatu zituen familiak Alexi mediku probak egiteko.

Bestetik, itsulapikoak ere jarri ditu Basozelaiko Auzo Elkarteak Basauriko saltokietan.

Osorik irakurri