→Basauri

Pou anaiak Basaurin izango dira azaroan, Baskoniako mendi-jardunaldietan

Pou anaiez gain, Txemi Merak eta Miren Garmendiak hitzaldiak emango dituzte. Era berean, Mendi Film Festibaleko lau pelikula proiektatuko dituzte.

Pou anaiak // Argazkia: Baskonia Mendi Taldeak utzitakoa

Pou anaiez gain, Txemi Merak eta Miren Garmendiak hitzaldiak emango dituzte. Era berean, Mendi Film Festibaleko lau pelikula proiektatuko dituzte Social Antzokian

Baskonia Mendi Taldeak mendi-jardunaldiak antolatu ditu beste urte batez. Azken urteotan bezala, azaroko lau astearteetan izango dira ekitaldiak. Besteak beste, hitzaldiak eta filmeen proiekzioak izango dira. Aurten, egitarau oparoa prestatu dute eta tartean Pou anaiak -Iker eta Eneko- izango dira hizlari azaroaren 13an. Haien igoera ikusgarri horietako bat aurkeztuko dute: Abentura Artikoan. “Fiordo bat zeharkatu behar izan genuen, elurretako motorretan; gero, han utzi gintuzten, 45 egunez, izotza urtu, eta itsasontzian gu erreskatatzera etorri ziren arte. Tarte horretan erabat inkomunikatuta egon ginen, eta, beraz, edozein arazok hondamendia ekarri ahal zuen: ez zegoen aukerarik helikopteroa gure bila etortzeko. Arrisku biziko egunak izan ziren. Emaitza, ordea, ezin hobea izan da: lau bide berri, eta elkarbizitza oso ona zazpi kideon artean (muga-mugako baldintzetan, hori bai)”, diote Pou anaiek abentura horren inguruan.

Jardunaldiei hasiera emateko, azaroaren 6an, Aralarko bira filma proiektatuko dute Ibaigane Kultur Etxean. Baskonia Mendi Taldeak 2017an Aralarko bira egiten emandako zazpi etapak islatzen ditu filmak eta Txemi Mera dokumentu grafikoaren errealizadoreak aurkeztuko du. Berezko gidoia du filmak, eta BTMko kideak dira bertako interpreteak.

Ondoren, azaroaren 20an, Bilbao Mendi Film Festibaleko Mendi Tour 2018 birako lau film proiektatuko dituzte Social Antzokian, “2017an festibaleko film onenen saria jaso zutenak, alegia”, diote Baskonia Mendi Taldetik. Film horiek dira: Where the wild things play (4 min); Mama (44 min); The frozen road (24min); eta Safety third (28 min). Jabi Baraiazarra Mendi Film Festibaleko zuzendariak berak aurkeztuko ditu filmak.

Mendi-jardunaldiei amaiera emateko, azaroaren 27an Miren Garmendia mendizaleak ‘Île Reunion’-i buruz hitzaldia emango du. Bertan egindako trekkingari buruz mintzatuko da Garmendia eta irudiak erakutsiko ditu.

Baskoniako Mendi-jardunaldiak 2018 – Egitaraua

Azaroak 6, asteartea
19:30 Film proiekzioa: Aralarko bira. Txemi Mera. Ibaigane Kultur Etxea

Azaroak 13, asteartea
19:30 Hitzaldia: Abentua Artikoan. Pou anaiak. Ibaigane Kultur Etxea

Azaroak 20, asteartea
20:00 Filmeen proiekzioa: Mendi Tour 2018. Social Antzokia

Azaroak 27, asteartea
19:30 Hitzaldia: Île Reunion. Miren Garmendia. Ibaigane Kultur Etxea

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak