→Basauri

Baskoniako zubi berria 2019ko bukaeran egongo da trafikora irekita

Baskoniako zubia berreraikitzeko obrak Gabonak eta gero abiaraziko dituztela adierazi du Basauriko Udalak. Obrak bederatzi hilabetez luzatuko dira.

Baskonia zubi berriaren proiektua // Argazkia: Basauriko Udala

Baskoniako zubia berreraikitzeko obrak Gabonak eta gero abiaraziko dituztelaren berri eman du Basauriko Udalak. Aurreikuspenen arabera, obrak bederatzi hilabetez luzatuko dira, beraz, 2019ko irailerako bukatuta egongo dira. “Obrek dirauten bitartean saiatuko gara zabalik mantentzen oinezkoentzako bide bat. Ibilgailuentzako trafikoa ere irekita egongo da gaur egun dagoen zubitik, baina denbora tarte jakin batzuetan trafikoa beste bide batetik bideratuko da”, dio Nerea Renteria Basauriko Udaleko Hirigintza arloko ordezkariak.

Basauritik irteten diren ibilgailuen trafikoa areagotzeko eta, horren bidez, ordu jakin batzuetan inguruko kaleetan ematen diren auto-pilaketak saihesteko berreraiko dute Baskoniako zubia. Ibilgailuetarako gutxienez hiru errei izango ditu zubi berriak (bi udalerritik irteteko eta bestea sartzeko), bizikletetarako beste errei bat eta zubiaren alde bakoitzean oinezkoentzako tarteak.

Aste honetan esleitu dute obren kontratua 1.770.216 eurorengatik (BEZa barne). Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntza bati esker eraiki ahal izango da zubi berria. Izan ere, horren gaineko hitzarmena sinatu zuten Udalak eta Foru Aldundiak 2008an. Hitzarmen horren arabera, 4.750.000 euroko diru-laguntza eman zizkion foru erakundeak Udalari, bi zubi berri eraikitzeko: Artunduagakoa (2010ean egindakoa) eta Baskoniakoa. Artunduagako zubia eraikitzeko diru-laguntzatik 2.955.799 euro bideratu zituen Udalak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak