→Basauri

Baskonia zubia oinezkoentzako itxiko dute ekainaren 13tik irailera arte

Otsailean ibilgailuen trafikoa moztu ondoren, ekainaren 13tik aurrera oinezkoentzako ere itxita egongo da bidea Baskonia zubitik.

Aurreikuspenen arabera, zubi berriko obrak urrian bukatuko dituzte // Argazkia: Geuria

Baskonia zubia berreraikitzeko obrak hasi zituzten urte hasieran. Otsailean ibilgailuen trafikoa moztu ondoren, ekainaren 13tik aurrera oinezkoentzako ere itxita egongo da bidea Baskonia zubitik. Aurreikuspenen arabera, irailera arte egongo da oinezkoentzako bidea moztuta, eta udal ordezkariek dioetenez, zubi berriko obrak urrian bukatuko dituzte.

Ibilgailuek N-634 errepidera irteteko bide berri bat gehitzea du helburu planak, baita oinezkoen eta txirrindularien ibilbideei jarraipena ematea ere. Ibilgailuentzako hiru errei izango ditu zubi berriak: bi udalerritik irteteko eta bestea sartzeko. Era berean, oinezkoentzako bidea eta bizikletentzako errei bat izango ditu.

Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntza bati esker eraikiko dute zubi berria. Izan ere, horren gaineko hitzarmena sinatu zuten Basauriko Udalak eta Foru Aldundiak 2008an. Hitzarmen horren arabera, 4.750.000 euroko diru-laguntza eman zizkion foru erakundeak Udalari, bi zubi berri eraikitzeko: Artunduagakoa (2010ean egindakoa) eta Baskoniakoa. Azpiegitura berriak 1.770.216 euroko inbertsioa eskatuko du, Bizkaiko Foru Aldundiak osorik ordainduta.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak