→Basauri

Baskonia zubia ibilgailuen trafikora moztuko dute otsailaren 12tik aurrera, bederatzi hilabetez

basauri baskonia zubia 2016 kotxeak

Baskonia zubia berreraikitzeko obrak hasi dituzte. Otsailaren 12tik aurrera ibilgailuen trafikora itxita egongo da zubia, ez ordea, oinezkoentzako.

Ibilgailuentzako hiru errei izango ditu zubi berriak: bi irteteko eta bestea sartzeko // Argazkia: Geuria

Baskonia zubia berreraikitzeko obrak hasi dituzte. Hain zuzen ere, urtarrilaren 21etik aurrera antolaketa-lanekin hasi ziren eta otsailaren 6an Basauriko Udalak bandoen bidez jakinarazi duenez, ibilgailuen trafikoa moztuko dute otsailaren 12tik aurrera. “Otsailaren 12tik aurrera Baskonia zubian etenda egongo da ibilgailuen zirkulazioa, zubi berria eraikitzeko lanak direla eta”, dio atarietan jarri duten bandoak. Ildo horretan, beste bide batzuk hartu beharko dira herritik sartu eta irteteko. Oinezkoentzako bidea, ordea, irekita mantenduko dute.

Aurreikuspenen arabera, obrak bederatzi hilabetez luzatuko dira, beraz, 2019 urte bukaerarako zabalik egongo da Baskonia zubi berria. “Zirkulazioa epe horretan zehar egongo da etenda”, diote udal ordezkariek.

Irteteko bi errei, sartzeko bakarra

Ibilgailuek N-634 errepidera irteteko bideetako bat areagotzea du helburu planak, baita oinezkoen eta txirrindularien ibilbideei jarraipena ematea ere. Ibilgailuentzako hiru errei izango ditu zubi berriak: bi udalerritik irteteko eta bestea sartzeko. Era berean, oinezkoentzako bidea eta bizikletentzako errei bat izango ditu. 

Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntza bati esker eraikiko dute zubi berria. Izan ere, horren gaineko hitzarmena sinatu zuten Basauriko Udalak eta Foru Aldundiak 2008an. Hitzarmen horren arabera, 4.750.000 euroko diru-laguntza eman zizkion foru erakundeak Udalari, bi zubi berri eraikitzeko: Artunduagakoa (2010ean egindakoa) eta Baskoniakoa. Azpiegitura berriak 1.770.216 euroko inbertsioa eskatuko du, Bizkaiko Foru Aldundiak osorik ordainduta.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak