→Basauri

Begicrossing sistema jarriko dute Urbiko trenbide pasagunean, Basaurin

basauri begicrossing sistema 2015 proba begirale railway

ETSk sei trenbide pasagunetan jarriko du Begicrossing sistema EAEn. Teknologia horrek trenbide pasabideetan gerta daitezkeen arriskuak ekidingo ditu.

Ariz-Urbiko trenbide pasagunean 2015ean egin zuten ereduzko proba // Argazkia: Begirale Railway

ETSk sei trenbide pasagunetan jarriko du Begicrossing sistema EAEn. Teknologia horrek trenbide pasabideetan gerta daitezkeen arriskuak ekidingo ditu

Euskal Trenbide Sareak (ETS) Begicrossing sistema jarriko du Euskal Autonomia Erkidegoko sei trenbide pasagunetan. Tartean, Basaurin. Hain zuzen ere, Urbiko trenbide pasabideak ezarriko dute Begicrossing ikusmen artifizial eta adimendun sistema. Gainontzekoak toki hauetan jarriko ditu ETSk: Hendaia (Topoa), Errenteria (Topoa), Gernikako errepidea (Zornotza-Bermeo), Ibarra kalea (Zornotza-Bermeo) eta Aginaga (Bilbo-Donostia). Modu horretan, gaur egun 12 trenbide pasagune izango dira Begicrossing sistema izango dutena. Aurretik Zornotzan (bi), Asua-Erandio, Berriz, Muxika eta Gernikan ipini zuten Begicrossing-a.

Zentzuzko ikuspen artifizialeko sistema da Begicrossing eta herritarren segurtasuna ahalbidetzeko sortua izan da. Sistema honen helburua da ezusteko posible baten aurrean antzemate lasterra izatea. Oinezkoen eta trenbide gunean oztopoak edo segurtasun elementuren baten akatsak detektatzen ditu sistemak. Begicrossing-ek oharrak eta alarmak bidaltzen ditu aginte postuko kudeaketa sistemara eta trenbide pasagunera, eta horrela, gidariari intzidentzia bat dagoela jakinarazten dio.

Dominion enpresako Begirale Controlling Risk ikusmen artifizialeko saila arduratuko da instalazioaz, eta horretarako 169.980 euroko aurrekontua izango du sei trenbide pasagune horietan Begicrossing sistema jartzeko. Hori egiteko bi hilabeteko epea izango du enpresak.

2015ean ereduzko proba Basaurin

Trenbide pasabideetan arriskuak ekiditeko prozesuan, Visual Line konpainia bilbotarrak (2013an sortua) 2015ean urtean sistema berri bat landu zuen: Begicrossing. Enpresa horrek ereduzko proba egin zuen Basaurin urte hartan, Urbiko pasabidean. Guztira, 506 alarma jaso zituen sistemak maiatza eta abuztua bitartean eta horietatik 10 abisu arriskutsuak izan ziren.

Hego Uribe eskualdean gaur egun maila bereko 12 pasabide daude. Basaurik maila bereko pasabide gehiago ditu bere gain. Hain zuzen ere, sei ditu: San Migeleko pausalekua (Renfe), Larrazabal eta Ibaizabal kaleetako bidegurutzekoa (Feve) eta Ariz-Urbikoak, lau (Euskotren). Gainontzekoak Arrigorriagan (Ollarganen), Etxebarrin eta Galdakaon daude. 2016an trenbideen maila bereko pasabideen inguruko erreportajea argitaratu genuen GEURIAn, zeina 2017ko Tokikom Sarietan ‘Eduki onenari saria’ kategorian finalista izan zen.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak