→Basauri

Basauri, Etxebarri eta Galdakaon jokatuko da aurreneko Bizkaia Handball eskubaloi txapelketa

Basauri-Bizkaia Handball Cup txapelketa antolatu dute lehenengo aldiz Basauri Eskubaloi Taldeak eta Bizkaiko Eskubaloi Federazioak. Apirilaren 18tik 21era bitartean jokatuko da txapelketa.

Basauri Eskubaloi Taldeak eta Bizkaiko Eskubaloi Federazioak aurkeztu dute gaur Basauri-Bizkaia Handball Cap txapelketa // Argazkia: Geuria

Basauri-Bizkaia Handball Cup txapelketa antolatu dute lehenengo aldiz Basauri Eskubaloi Taldeak eta Bizkaiko Eskubaloi Federazioak. Apirilaren 18tik 21era bitartean jokatuko da txapelketa Basauriko, Etxebarriko eta Galdakaoko kiroldegietan eta guztira 115 partidu izango dira: ostegunean eta ostiralean hasierako faseak, larunbatean finalaurrekoak eta igandean finalak. Estatuko 13 klub lehiatuko dira bertan: Euskal Autonomia Erkidegoko 5, Nafarroako 3, Kataluniako 2, Asturiasko 2 eta Valentziako 1.

Guztira 45 taldek eman du izena, kimuetatik gazte kategoriara (kimuak, haurrak, kadeteak eta gazteak). Aurreikuspenen arabera, mila lagun inguru batuko dira txapelketan, jokalariak, arbitroak, teknikariak eta jokalarien senideak zenbatuta: 700 kirolari eta kirolarien 300 senitarteko.

“Txapelketa honek balioko du klubek datozen txapelketak prestatzeko”, dio Pablo Conejo Basauri Eskubaloi Taldeko presidenteak: “Gainera, irteera kulturala antolatuko dugu Bilbora apirilaren 20an gurera etorriko diren guztiekin”, dio.

Urbi Institutua, aterpetxe

700 jokalari inguru izango dira Basauri-Bizkaia Handball Cup txapelketan lehiatzen, eta horietatik 450 inguruk Urbi Institutuan egingo dute lo, “eta Basauriko Etxe Zuri garagardotegian gosaldu, bazkaldu eta afalduko dute”, dio Conejok.

“Kirolaz haratago ere, kirolarien senideak Bizkaira, Basaurira, Etxebarrira, Galdakaora, Bilbora eta inguruetara erakartzeko, eta gure kultura, turismoa eta gastronomia ezagutzera emateko aukera ere izango da torneoa”, diote antolatzaileek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak