→Basauri

Hondakin organikoak biltzeko 5. edukiontzia Basauri osora dator

basauri bosgarren edukiontzia 2017 pozokoetxe

Edukiontzi marroia erabiltzeko materiala azaroaren 13tik aurrera banatuko dute. Herriko familien %25ak organikoa birziklatzea da kanpainaren helburua, hau da, 3.022 familiak.

2013an iritsi zen edukiontzi marroia Pozokoetxera eta 2015ean San Migelera // Geuria

Edukiontzi marroia erabiltzeko materiala azaroaren 13tik aurrera banatuko dute. Herriko familien %25ak organikoa birziklatzea da kanpainaren helburua, hau da, 3.022 familiak

Pozokoetxen eta San Migelen izan duen harrera ona ikusita, materia organikoa biltzeko bosgarren edukiontzia udalerri osora hedatuko du Udalak azaroa eta abendua bitartean. Herritarrak informatzeko kanpaina eta materialaren banaketa martxan jarriko ditu azaroaren 13tik abenduaren 5era bitartean. Guztira, 70 edukiontzi berri jarriko dituzte. Udal arduradunen asmoa da herriko familien %25ak bat egitea kanpainarekin. Modu horretan, sisteman alta emango luketen familiak 3.022 lirateke. Gaur egun 714 familiek gai organikoak birziklatzen dituzte Pozokoetxen eta San Migelen.

Bosgarren edukiontziari buruzko sentsibilizazioa, izena emateko eta materiala banatzeko kanpaina azaroaren 13an hasiko da eta abenduaren 5era arte luzatuko da. Informazio-puntuak 11:00etatik 19:00etara egongo dira zabalik, honako kokapen hauetan: azaroak 13-14 Transbordo plazan, Pozokoetxen; azaroak 15-16 Urbi etorbideko 41. zenbakian; azaroak 17-18 Frantzisko Kortabarrian, Arizko dorretxearen ondoan; azaroak 20-21 San Isidro plazan; azaroak 22-23 Begoñako Andra Marin; azaroak 24-25 Pedro Bilbao kalean, San Pedro elizaren ondoan; azaroak 27-28 udaletxe ondoan; azaroak 29-30 Karmelo Torre 5-7. zenbakian; abenduak 1-2 Basozelai Gizarte Etxean; eta abenduak 4-5 San Migeleko anbulatorioaren ondoan. Kanpaina bukatu eta gero ere izena emateko aukera egongo da, materiala batzeko egokituko dituzten puntuetan.

basauri bosgarren edukiontzia 2017 hedapena aurkezpena

Marta Santamaria Ingurumen teknikaria eta Nerea Renteria zinegotzia edukiontzi marroiaren hedapenaren aurkezpenean // Geuria

Ekoizten dugun zaborraren %36a organikoa da. Egunero 15 tona inguru. Hortaz, materia hori guztia berreskuratzea oso garrantzitsua da”, diote Sagarrak Talde Ekologistatik, Udalarekin batera lankidetzan diharduen elkartetik. Iaz, 51.000 kilo inguru jaso ziren edukiontzi marroietan, Pozokoetxen eta San Migelen.

Tasak eta hobariak

Joan den hileko udalbatzan, herritarrek ordaindu beharreko zergak %2 igotzea onartu zuten alderdi politikoek, tartean, zarama jasotzeagatik ordaindu beharrekoa: horrek hilero bi euro egin du gora. Birziklapena bultzatze aldera, tartean bosgarren edukiontziaren erabilera handitzeko asmoz, Basauri Bai alderdiak proposatu zuen birziklatzen duten herritarrei hobari fiskalak eskaintzea. Udal-taldeak azaldu duenez, Aldundiari dagokio halako erabakiak hartzea eta ez Udalari.

Bosgarren edukiontzia ezartzeko 80.000 euroko diru-laguntza jaso du Udalak Aldundiaren eskutik. Era berean, Espainiako Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak 26.446 euro eman dizkio Basauriri, Ingurumena Sustatzeko Planaren kontura.

Gora