→Basauri

Hainbat lekukok ziurtatu dute ez zegoela arrazoirik Ertzaintza plazan sartzeko

basauri cabacas omenaldia 2012 kontzentrazioa

Iñigo Cabacasen heriotza argitzeko epaiketa, azaroaren 9ra arte. Familiari eta lagunei babesa emateko kontzentrazioa egingo dute Basaurin azaroaren 2an.

Iñigo Cabacasi Basaurin egindako omenaldia 2012an // Geuria

Hamalau saio izango ditu Iñigo Cabacasen heriotza argitzeko epaiketak, hilaren 9ra arte. Sei akusatuk eta ehun lekukok baino gehiagok hartuko dute hitza Bizkaiko Auzitegian. Cabacasen familiari eta lagunei babesa emateko kontzentrazioa egingo dute Basaurin azaroaren 2an

Sei urte eta erdi pasa dira Ertzaintzak jaurtitako pilotakada batek Iñigo Cabacas basauriar gaztea hil zuenetik, eta gertatutakoa argitu dadin epaiketa hasi dute aurten. Sei ertzain pasa dira akusatuen aulkitik: orduan Ertzaintzaren ofiziala zena (gaur egun ez dago Ertzaintzan); 14. furgonetaren arduraduna; garai hartan subofiziala zena -herri segurtasunekoa- eta 13. furgonetako arduraduna; operatiboan parte hartu zuten hiru ertzain soil. Guztira, hamalau saio izango ditu epaiketak, eta ehuntik gora lekuko eramango dituzte.

Ertzaintzaren ofizial ohiaren arabera, “ez zuen ematen plazan aritzea beharrezkoa zenik. Ugartekok eman zuen hara jotzeko agindua, baina bertaratu ginenean plaza hustuta zegoen. Iritsi ginenean Iñigo lurrean zetzan, belarritik odola zeriola”. Ofizial ohiak epailearen aurrean jakinarazi du ez zela Maria Diaz de Haro kalexkan sartzearen aldekoa: “Ni ez nintzen sartzearen aldeko. Nigatik, joan egingo ginen, baina sartzeko agindu ziguten. Erabaki okerra edo sarraskia eragiteko gogoa”.

Ertzaintza Maria Diaz de Haro kaleko plazatxora joatearen arrazoia zen Athletic Club eta Shalke 04 taldeetako zaleen artean liskarra zegoela, baina lekuko gehienek adierazi dute bertan ez zegoela inolako iskanbilarik: “Plazatxoan jai giroa zegoen. Liskar txiki bat izan zen, baina bertatik joan ziren eta jaiak jarraitu zuen”, dio Iñigo Cabacasen lagun batek, harekin Athleticen garaipena ospatzeko gelditutakoa. Orduan iritsi zen Ertzaintza: “Ezustean agertu zen Ertzaintza, argirik eta sirena hotsik gabe, eta oldartu gintuzten. Jendeak ez zien ezer bota. Gutxi batzuek botilak bota zizkieten, baina eurek tiro egin ostean”, dio lekuko horrek. Hainbat lekukok ziurtatu dutenez, “ez zegoen arrazoirik Ertzaintza plazan sartzeko”. Gainera, agenteek eskopeta “zuzen” zutela egin zutela tiro adierazi dute lekukoek.

Gomazko pilotak

Gomazko piloten erabileraz eta tiro egiteko aginduaz kontraesanak izan dira akusatuen artean. Ofizial ohiak arauak ez zituela ezagutzen eta gau hartan agente batzuek eskopeta estreinako aldiz hartu zutela adierazi du: “Gu ez ginen kontziente gomazko pilotak hiltzeko gauza direla”. Bigarren akusatua, ordea, kontziente zen pilotak hilgarriak izan daitezkeela, baina uste du erabilpena justifikatuta zegoela, “gure eta herritarren bizia eta integritatea arriskuan zegoelako”. Bigarren akusatua (5351 agentea) 14. furgonetaren arduraduna zen, eta pilotak jaurtitzeko agindu zuen. Hirugarren akusatuak, garai hartan herri segurtasuneko subofiziala zenak eta 13 furgonetako arduradunak, ukatu du tiro egiteko agindua zuenik, baina aurreko deklarazioetan agenteek esan dute entzun ziotela tiro egiteko agintzen.

Ugarteko, lekuko bezala

Akusazioaren abokatuek akusatuen aulkian jesartzeko eskatu arren, Ugartekok lekuko bezala deklaratu du epaiketan. Ugarteko ezizeneko ertzainburua 2012ko apirilaren 5eko gaueko txandako operazio arduraduna zen ertzain etxean. “Iritzi eta logika guztien kontra oldartzeko agindua eman zuen Ugartekok Iñigo zauritu zuten egunean. Lekukoen aulkian eseriko da akusatuen eserlekuan egon beharko lukeena”, dio Eneritz Zabalak, senideen izenean.

Ugartekoren esanetan, “operazio arduradunaren eginkizuna da baliabideak bideratzea arazo bat dagoenean”, eta akusatuta dagoen ofizialaren bizkar jarri du operazioaren ardura nagusia. “Nik inoiz ez dut agintzen gauzak nola egin behar diren. Nik ez nion esan ofizialari eskopeta edo txilibitua erabili behar ote zuen”, adierazi du Ugartekok epaitegietan.

Epaiketan 2013an Gara egunkariak argitaratu zuen audioa jarri diote. Bertan entzuten da nola 12003 zenbakidun agenteak adierazten dion Maria Diaz de Haro plazatxoan ez zegoela istilurik, baina Ugartekok esku hartzeko agintzen dion: “Sartu kalexkan daukagun guztiarekin”, entzuten da audioan. Ugartekoren arabera, “nik ez dut esaten nola sartu behar diren”.

Artxibatzeko zorian

Artxibatzeko zorian egon da auzia bi alditan, eta instrukzio-fasean hainbat diligentzia egin eta hainbat froga jaso badira ere (tartean, audioak), tiro nork egin zuen eta kargatzeko agindua nork eman zuen jakiterik ez dagoela uste du Fiskaltzak. “Behingoz ahozko epaiketa zabaldu dute, froga guztiak aurkeztu ditugu eta Iñigorentzat eta bere familiarentzat justizia eskatzeko aukera izango dugu”, dio Jone Goirizelaia Cabacas-Lizeranzu familiaren abokatuak: “Fiskaltzagatik izan balitz, epaiketara ere ez ginen iritsiko”. Izan ere, hasieran Fiskaltzak absoluzioa eskatu zuen sei ertzain akusatuentzat, ez baitzuen polizia-kargan delitu zantzurik ikusten. Gaur egun, ordea, launa urteko kartzela zigorra eskatu du haientzat.

“Justizia da guk eskatzen duguna. Hori bakarrik. Iñigorengatik eta hau berriro inori gerta ez dakion”, dio Manu Cabacasek, gaztearen aitak. Fina Lizeranzu Iñigoren amak adierazi du instituzioek “bazterrean” utzi dituztela.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak