→Basauri

Basaurin diru iruzurra egiten saiatzen ari da gizon bat, euskara amu bezala erabilita

Basauriko begiralekuaren inguruan ikusi dute gizona jendeari galdezka: Gernikakoa dela eta trenean bueltatzeko dirurik gabe dagoela, laguntza eske. Leioan eta Durangon kasu bera salatu dute.

Begiraleku inguruan ikusi dute gizona / Maps

Basauriko begiralekuaren inguruan ikusi dute gizona jendeari galdezka: Gernikakoa dela eta trenean bueltatzeko dirurik gabe dagoela, laguntza eske. Beste herri batzuetan ere, Leioan eta Durangon adibidez, kasu bera salatu dute.

Eguerdian ikusi dute gizona Basauriko begiralekuaren ondoan. Bizilagun batek kontatu digu gertatukoa: “Gizona oso urduri zegoen. Galdetu didan lehenengo gauza izan da ea euskaraz nekien. Baietz esan eta ‘eskerrak’ esan du, ‘zeinen ondo’. Jarraian ‘parkatuko didazu e, bestela ez da ezer gertatzen’ errepikatu du pare bat aldiz, istorioa kontatzen hasi baino lehen. Gizonaren arabera, Gernikatik etorri da trenean, eta Basauriko geltokian txartela pasatu gabe utzi duenez, dirurik gabe geratu da.

Txartela kargatzeko ofizina begiralekuan bertan dagoela esan diot eta ‘ez baina, parkatu berriz ere, badakit non dagoen. Zera, ez dituzu pare bat euro edukiko’ erantzun dit. Susmo txarra hartu diot gizonari, alde guztietara begira zegoelako eta istorioak ez nauelako batere konbentzitu”. Bizilagunak kontatu digunez, diru eskariari ezetz esan eta gizonak, ezer esan gabe, begiralekutik errekalderantz jo du. “Egoera surrealista izan da guztiz. Hasteko, ez dut ulertzen halako egoera batean euskarak horrenbesteko garrantzia edukitzea, enpatia edo konfiantza sortzeko ez bada. Hare susmo txarragoa hartu diot egoerari Durangon ere -Anboto komunikabideak argitaratutako albistea- halako zerbait gertatu zela irakurri nuela gogoratu dudanean”, adierazi du bizilagunak. Leioan ere antzeko egoera bat eman zen, Sustatun argitaratu zuten.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak