→Basauri

Edesako langileek manifestazioa deitu dute urriaren 5ean Basaurin

basauri edesa 2017 iraila kontzentrazioa 2

Asteartero eta ostegunero elkarretaratzeak egingo dituzte Bentako plazan. Era berean, urriaren 5ean manifestazioa egingo dute Basaurin.

Asteartetan eta ostegunetan elkarretaratzeak egingo dituzte Edesako langileek // Geuria

Basauriko Edesa Industrialeko langileek bi hilabete daramate lan egin gabe, Cata enpresak Fagor-CNA taldeko lantegietako ekoizpena etetea erabaki ondoren. Osagaiak erosteko diru falta izan omen da produkzioa geldiaraztearen arrazoia.

Cata enpresa katalanak 2014an Fagor Etxetresna enpresako ekoizpena aurrera ateratzeko konpromisoa hartu zuen. “Hiru urte beranduago, hasiera beraren lekuan gaude. CATA enpresak akordatutako guztiari muzin egin dio, industria jardunaldi nahiz enpleguari dagokionez”, diote Edesako Basauriko langileek. CNA taldeko enpresa katalanaren “benetako asmoa da negozioa ekarriko dien komertzializazio plana egitea, Euskal Herrian enpleguaren aldeko plana baztertuz”, salatu dute.

Basauriko fabrikako langileek ekoizpena udalerrian mantentzearen aldeko agertu dira, “guztiz eragikorra da eta”, diote. Modu horretan, administrazio publikoak (Eusko Jaurlaritza edota Foru Aldundiak) zein Fagor Etxetresnak Kooperatiba inplikatu daitezen aldarrikatzen dute.

Enpleguaren defentsa, lantegiaren alde, gure herriaren kontra jotzen duten egitasmo espekulatiboen kontra, gure aldarrikapenak azken muturrera eramateko konpromisoa adierazi nahi dugu”, diote. Zentzu horretan, alde batetik kontzentrazioak burutuko dituzte asteartero (10:30etik 11:30era) eta ostegunero (18:00etatik 19:00etara) Bentako plazan, eta bestetik, urriaren 5ean, ostegunez, manifestazioa egingo dute Basaurin: “Trintxeretan hasiko dugu manifestazioa, Social Antzokiaren ondoan, eta Nagusia kaletik Bentako plazara helduko gara, bertatik Autonomia kalerantz egiteko eta berriro ere Trintxeretan bukatzeko“, diote.

Basauriko Udalaren babesa

Uztailean Euskal Herriko lantegiretako produkzioa eten ondoren, Enplegua Erregulatzeko Espedientea (EEE) ezarri zien CNA taldeak langileei. Egoera horren aurrean, Basauriko Udaleko talde politikoek babesa erakutsi diete Edesako langileei, eta fabrika udalerrian jarraitzeko apustua egin dute, “ekoizpen datuek Basauriko lantegiaren bideragarritasuna bermatzen baitute“, diote udalbatzatik. Era berean, beste ohar baten bidez Udalak jakinarazi du urriaren 5eko manifestazioarekin bat egingo duela, eta herritarrei dei egiten die eurek ere babesa erakuts diezaioten Edesako langileei.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak