→Basauri

Emakumeen futbola aitzindari San Migelen 70. hamarkadan, Indar Gazte taldeari esker

70. hamarkadan San Migelen futbolean aritu ziren emakumeei omenaldia egin die Kultur Basaurik. Aitzindariak izan ziren emakume horiek Bizkaian.

Aitzindariak izan ziren emakume horiek Bizkaian // Argazkiak: Kultur Basauri

San Migeleko liburutegiaren 50. urteurrenaren harira, auzoaren kultura-ondareari buruzko 50 testu argitaratuko ditu Kultur Basaurik bere Facebook orrialdean. Dagoeneko 20 testu baino gehiago publikatu dituzte. Azkena 70. hamarkadan San Migelen futbolean aritu ziren emakumeei buruzkoa izan da: “Boladan dago garai honetan emakumeen futbolaren aldarrikapena egitea eta horren harira, omenaldia eskaini nahi diegu 70eko hamarkadako San Migelen futbolean jokatu zuten emakume ausartei”, diote.

Aitzindariak izan ziren emakume horiek Bizkaian, futbolean aritzen ziren lehenengoak izan baitziren. “Indar Gazte taldearen inguruan antolatu ziren. Kolektibo hura auzoko gazteek sortu zuten 60ko hamarkadan, garai hartako kezka politikoak, kulturalak eta sozialak lantzeko”, diote.

“Baliabide gutxirekin entrenatzen zuten: Abaroako orduko futbol-zelaia bi ate eta lau marra baino ez ziren. Gainera, aldagelarik ere ez zeukaten, eta etxean aldatzen ziren. Hala eta guztiz ere, trofeo batzuk irabazi zituzten inguruko herrietako txapelketetan”, diote: “Marce, Pili, Mertxe, Yolanda, Angelines, Toñi, Lourdes eta ekipo hartako kide guztientzat da testu hau”. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak