→Basauri

Emakumeen Informazio Zentroko erabiltzaileen kopurua % 30 hazi da azken bost urteetan

Basauriko EIZak 30 urte bete ditu martxoaren 8an. Iaz guztira 2.382 kontsulta egin zituzten, 2017an baino % 23,30 gehiago: 1.598 presentzial eta 784 telefono bidez.

Conchi Gomez Mahave, Itziar Manteca Begoña eta Paz Diaz Gonzalez, Emakumeen Informazio Zentroan, Basaurin // Argazkia: Geuria

Basauriko EIZak 30 urte bete ditu martxoaren 8an. Iaz guztira 2.382 kontsulta egin zituzten, 2017an baino % 23,30 gehiago: 1.598 presentzial eta 784 telefono bidez

Martxoaren 8ak berezitasun gehigarri bat izan du aurten. Izan ere, egun horretan Basauriko Emakumeen Informazio Zentroak 30 urte bete ditu. Emakumeei laguntza ematea da zentroaren zeregin nagusia eta horretarako informazioa, aholkularitza eta laguntza juridikoa, eta laguntza psikologikoa eskaintzen dizkiete. Besteak beste, erasoak, tratu txarrak, dibortzioak, etxeko langileen eskubideak, laneko diskriminazioa edota jazarpen sexualari buruzko informazioa eta aholkuak ematen dituzte bertan, eta irtenbideak aurkitzen dizkiete erabiltzaileei. Itziar Manteca Begoña, Conchi Gomez Mahave eta Uriz Moreno Ajuria (psikologoa) dira EIZko langileak.

Herriko emakumeek sortua

Emakumeen Informazio Zentroa 1989ko martxoaren 8an sortu zen, Basauriko Emakumeen Elkarteak bultzatuta. Izan ere, talde feminista den heinean, emakumeon eskubideen alde egiten du lan. “Basaurin ibilbide luzea duen elkartea da emakumeena. Hain zuzen ere, 1976an eratu genuen taldea. Hasieran talde txikia ginen, baina urtetik urtera hazten joan da. Betidanik emakumeon alde egin izan dugu momentu historiko, politiko eta sozial guztietan”, dio Paz Diaz Gonzalez Basauriko Emakumeen Elkarteko presidenteak. Besteak beste, elkartea nabarmendu egin da izan da sexu eta ugaltze eskubideen alde, abortuaren alde, eraso sexista eta sexu abusuen kontra edota tratu txarren aurka borrokatzeagatik. “Are gehiago, besteak beste, elkarteari esker Basauriko familia-plangintzako lehenengo zentroa sortu zen”, dio Pazek: “Zentzu horretan, zentro hori irekitzean konturatu ginen emakumeen kontrako tratu txarrak ohikoak zirela, aholku eske emakume asko etortzen zelako. Garai horietan ez zegoen baliabiderik eta irtenbideak ematea zaila zen”.

Ondoren eratu zuten beste gune bat emakumeenganako tratu txarrak tratatzeko: “Ez genuen inolako erreferentzia sozialik horren inguruan. Esfortzua egin genuen eta esperimentuak bere fruituak eman zituen”, dio Pazek. Orduan, instituzioekin harreman zuzenagoa izaten hasi ziren: “Hasieran politikoen eta gure arteko harremana gatazkatsua zen, baina era berean emankorra. Horregatik jarri ahal izan genuen martxan Emakumeen Informazio Zentroa”, dio.

Baliabide ekonomikorik gabe

Emakumeen Informazio Zentroa Leoi kalean ireki zuten, 13. zenbakian. Bertan egon zen zentroa 2012ra arte. “Zentroa ireki genuenean ez genuen inolako baliabide ekonomikorik. Bizkaiko Emakumeen Asanbladari eskatu behar izan genion dirua, gutxienez, zentroaren mantenurako”, dio Pazek: “Gainera, garai hartako zentroko langileei aipamen berezia egin behar zaie. Orduak eta orduak ematen zituzten bertan, kobratu barik”.

Hala ere, gizartean zegoen hutsunea bete zuten: “Emakumeen babesgabetasunak zuen hutsune legalari, sozialari eta instituzionalari erantzutea lortu genuen. Gizartearen aldetik ez zegoen konpromisorik, baina eskerrak gauzak aldatu diren”, dio Itziar Manteca Begoña EIZ-ko langileak: “Esate baterako, mugimendu feministari esker emakumeentzako harrera-etxeak erraztu ziren”.

Basauriko Emakumeen Informazio Zentroak bi helburu nagusi izan ditu bere sorreratik. Alde batetik, emakumeen aurkako indarkeria ikusgai bihurtzea, gizartea sentsibilizatzea eta kontzientziatzea: “Bazirudien genero indarkeria ez zela existitzen. Arazo hori agerian jarri behar genuela argi geneukan”, dio Itziarrek. Eta bestetik, emakumeei arreta eta orientazio legala ematea da beste helburuetako bat: “Ditugun baliabideak erabilita, emakumeon eskubideen berri ematea eta behar dutenei laguntza ematea. Gaur egun ahalduntzea deritzoguna izango litzateke hori”, dio Itziarrek.

Baliabide ekonomikoei dagokienez, zentroa behin martxan jarrita, 2001era arte “diru-laguntza txikiak” jasotzen zituzten Basauriko Udaletik eta Bizkaiko Foru Aldunditik: “Lan txikiko kontratuak egiten zizkiguten, baina eskaera urtetik urtera gero eta handiagoa zenez, diru-laguntza ere handitu behar izan zuten”, dio Itziarrek: “Eman diguten diru-laguntza maximoa milioi bat pezetakoa izan da. Eta, Pazek aipatu bezala, Bizkaiko Emakumeen Asanbladari dirua eskatu behar izan geniola gogoratzen dut. Ostantzean zentroa itxi behar izango genukeen”.

Instituzioen laguntza txikiari esker laguntza psikologikoa eskaintzen hasi ziren, “eta informazio zerbitzua ere handitu genuen. Tratu txarrei buruzko informazioa emateaz gain, banantze eta dibortzioek dakartzaten eskubideei buruzko argibideak ematen ere hasi ginen”, dio Conchik. Era berean, emakume langileentzako informazioa zabaltzen hasi ziren 1990ean: “Emakumeok gaur egun baino eskubide gutxiago genituen, baina horien inguruko informazioa ematen genien; hala nola, pentsioena, atzerritartasunarena edota etxebizitza eskubidearena. Desinformazioa zen nagusi”, diote.

90. hamarkadan baliabide ekonomikoek gora egin zuten zegoen eskaerari erantzuna emateko, baina zentrotik diotenez, 2014tik izoztuta dute Udaletik ematen dieten aurrekontua. “Baldintzak aldatu gabe, lan gehiago egin behar dugu. Gero eta emakume gehiago dator zentrora, baina ez dugu baliabide nahikorik denak duintasunez artatzeko”, dio Itziarrek.

2.383 kontsulta iaz

2012an Marienea eraikina inauguratu zutenean, EIZ bertara lekualdatu zen. “Horrek zentroa gehiago ezagutaraztea ekarri zuen, eta, halaber, erabiltzaile kopurua haztea. 2018an 283 erabiltzaile izan genituen, EIZera bertaratu zirenak. Azken bost urteetan %30 hazi da zenbateko hori”, dio Itziarrek.

Kontsultei dagokienez, guztira 2.383 kontsulta egin ziren iaz: 1.598 presentzialak eta 784 telefono bidez. “Presentzialen artean, 1.118 aholkularitza juridikoa izan ziren eta 480 laguntza psikologiaren ingurukoak. 2017tik 2018ra kontsulten kopurua % 23,30 igo zen”, dio Itziarrek.

Datuak datu, erabiltzaileen %40,73a inmigrantea da; %56,66ak ez du ordaindutako enplegurik; langileak direnen artean %51 etxeko langileak dira, %41,56ak kontratu partziala du eta %8,43a prekarietatean bizi da; tratu txarrak jasan dituzten 72 emakume artatu dituzte (52k tratu txar psikologikoak jasan zituen -% 19,23ak denuntziatu du- eta 20k biolentzia fisikoa -10ek denuntzia jarri zuen); 4 emakumek sexu abusua jasan dute; eta 16 emakumek babes-neurriak dituzte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak