→Basauri

54 langabetu kontratatuko dituzte Basaurin, sei hilabetez lan egiteko

basauri brigada

Basauriko Udalak, Lanbiderekin lankidetzan, 57 langabetu kontratatuko ditu sei hilabetez lan egiteko. Eusko Jaurlaritzak eta Udalak 893.637 euro bideratuko dituzte.

Brigadako langileak artxiboko irudi batean

Basauriko Udalak, Lanbiderekin lankidetzan, 54 langabetu kontratatuko ditu sei hilabetez lan egiteko. Kontratatutako pertsonek Basauriko zenbait proiektu eta programatan parte hartuko dute, hala nola, argiteriaren kanalizazioa berritzen, ikastetxe publikoetan egin beharreko konponketak egiten, hiri-altzariak berritzen, elektrizitate-kontsumoa gutxitzen, gazteen eta 45 urtetik gorakoen enplegagarritasuna sustatzen, datuak digitalizatzen, udal webguneko datuak berritzen edota memoria historikoa berreskuratzen. Kontratazioak lanaldi osokoak eta partzialekoak izango dira, eta 2020ko ekainaren 30era arte luzatuko dira.

Eskatzaileek honako irizpideak izan behar dituzte: langabezian egotea, 35 urtetik beherakoak izatea, 45 eta 55 urtetik gorakoak izatea, iraupen luzeko langabetuak izatea edo gizarte-bazterkeria arriskuan egotea. Kontratatuen % 40a emakumeak izango dira, kontratuen % 30a DSBEa jasotzen dutenentzat gordeko da eta kontratuen % 15a 55 urtetik gorakoentzat izango da.

Hautaketa prozesuari dagokionez, Basauriko Udalak Lanbidera bidaliko du bete beharreko lanpostuen ezaugarriak jasotzen dituen zerrenda eta Lanbidek eskatutako baldintzak betetzen dituzten izangaiekin beste zerrenda bat bidaliko dio. Ondoren, dal teknikariek eta giza baliabideetako langileek zerrenda horren gainean egingo dute hautatze-prozesua.

Langabezia-tasak behera

2011tik gaur egunera arte 294 pertsona kontratatu ditu Basauriko Udalak Enplegu Planaren barruan. “Plan honi esker Basauriko langabezia-tasa jaisten ari da apurka-apurka. 2012an % 21,19ra iritsi zen langabezia-tasa, eta 2019an -ekainera bitartean- % 13,4koa izan da. Hau da, ia zortzi puntuan jaitsi da. Asko dago egiteko, baina bide onetik goaz”, dio Asier Iragorri Basauriko alkateak.

Tokiko enplegua sustatzeko Eusko Jaurlaritzarekin batera finantzatutako programa baten barruan kontratatuko dituzte 54 lagun hauek Basaurin. Eusko Jaurlaritzak 624.884 euro inbertituko ditu programan, eta Basauriko Udalak 268.753 euroko ekarpena egingo du. Guztira, beraz, 893.637 euro bideratuko dituzte (Basaurin programa abiarazi zutenetik, kopururik handiena).

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak