→Basauri

Basauri erdibitzen duen trenbide zabalgunea

basauri pozokoetxe trenbidea 2015

Sustapen Ministerioari Pozokoetxeko tren lurzorua Basauriri lagatzeko eskatzea adostu dute alderdi politikoek. Diputatuen Kongresuan erregistratu du eskaera EAJk, eta PSEk bide bera jarraituko duela esan du.

Basauriko Udalak urteak daramatza ADIFena den Pozokoetxeko trenbide zabalgunea bereganatzeko ahaleginetan. Bide horretan bi dira Udalaren argudio nagusiak: batetik, ADIFek ez duela zabalgunea erabiltzen duela hogei urtetik hona; eta bestetik, herria bitan banatzen duela.

EAJk iraileko udalbatzan proposatutako eskaeraren helburua bat da: Kongresuan ordezkaritza duten udal talde politikoek ADIF erakundeari eta Sustapen Ministerioari Pozokoetxe trenbide zabalgunea Basauriko Udalari lagatzeko eskatzea. Udaleko talde politiko guztiak ados daude eskaerarekin, alderdi popularra izan ezik. ADIF, Bilbao Ria 2000 eta Basauriko Udalaren artean sinatutako akordioari eusten dio Gabriel Rodrigo popularrak.

Osoko bilkuran izandako eztabaidak, aldiz, moziotik harago egin zuen. Basauriko erdigunea birmoldatzea helburu duen San Fausto-Bidebieta-Pozokoetxe hiri-egitasmoaren aldekoak eta kontrakoak bota zituzten PSEk, Basauri Baik eta EH Bilduk. Hala ere, Andoni Busquet alkatearen hitzetan, “mozio honek ez du proiektua definitzen, proiektua alderdiok eta auzotarrok zehaztu behar dugu”. Ez da eskaera hau Kongresuan erreklamatzen den lehen aldia. Azkena legealdi honetan izan da eta alderdi popularrak ez zuen zuzenketa onartu.

POZOKOETXEKO TRENBIDEAREN AUZIA POLITIKARIEN HITZETAN

“Kongresuan ordezkaritza duten udal talde politiko guztiek apustu egin eta Madrilen presiorik egiten ez badugu, trenbide zabalgunearen arazoa ez da inoiz konponduko”
Andoni Busquet
EAJ / Basauriko alkatea

 

“Ez dezagun lurzoaren lagapena geldiaraziz 2010eko akatsa errepikatu, Pozokoetxe-San Fausto eta Bidebietaren zaharberritze ereduarekin ados ez egon arren”
Soraya Morla
PSE-EE Basauri

 

“Hitzarmenak dira garrantzitsuena. Zaharberrituko diren guneetako auzotarrekin sinatu beharreko akordioek dute lehentasuna”
Javier Giraldo
Basauri BAI

 

“Trenbide zabalgunea berreskuratu behar dugu, baina San Fausto auzoaren zaharberritzeak ez du Pozokoetxeko blokeoaren menpe egon behar”
Jon Bizkarguenaga
EH Bildu Basauri

 

“Egia da lurzoru honek herria bitan banatzen duela, baina egun indarrean dago ADIFen, Ria 2000en eta Basauriko Udalaren arteko hitzarmena”
Gabriel Rodrigo
PP Basauri

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak