→Basauri

Basauri erdigunea eta Pozokoetxe elkartuko dituen Plan Berria aurkeztu du Udalak

Alderdi politikoei eta eragindako eremuko auzotarrei aurkeztu eta gero, dokumentu horiei hasierako onespena emateko izapideei ekingo die Basauriko Udalak. 2015eko abenduko aurreko proiektuekin alderatuz gero, berrikuntzak izango ditu dokumentuak, herritarren parte-hartzea lagungarri izanda. Andoni Busquet Basauriko alkateak dioenez, “jarduketa-proiektuak gune guztia eraldatuko du; berdegune, etxebizitza eta aparkaleku gehiago egongo dira eta publikorako gune berriak sortuko dira. Batik bat, irisgarritasuna hobetuko da eta eremua hobeto komunikatuta egongo da”.

277 ETXEBIZITZA BERRI

Proeiktu berriari dagokionez, “nabarmen gutxitu da etxebizitzen kopurua eta eraikinen gehienezko altuera”, diote Basauriko Udaletik. Aurreko proiektuan 600-650 etxebizitza aurreikusten ziren bitartean, proiektu berriak 277 izatea proposatzen du eta eraikin altuenak 8 solairu izango ditu -aurreko proiektuaren 17 pisuko eraikinen aldean-.

Bideragarritasun ekonomikoa hobetzeko eta autofinantzaketa bermatzeko ideia berriak jasotzen ditu proiektuak eta aurreko proposamenak baino finantza-arrisku txikiagoak eragiten ditu. Hirigintzako dokumentu berriak aurreikusi du diru-sarrerak guztira 25.600.000 euroren bueltan ibiliko direla eta gastuak 25.400.000 euro inguruan.

15.000 M2KO PARKEA ETA 120 APARKALEKU PUBLIKO

Proiektu berriaren ardatz nagusietako bat Pozokoetxeko trenbide-multzoa ezabatzea da eta herritzarrentzat berreskuratuko litzateke. 15.000 metro karratu inguruko parkea sortuko litzateke. Bertan, eraikin berriez gain -aparkaleku pribatuekin-, lurpeko aparkaleku publikoa eratuko dute, 120 tokirekin.

POZOKOETXE_reso baja

OINEZKOENTZAKO KALEA AGIRRE LEHENDAKARIN

Hiri-berrikuntzako plan berriaren arabera, Autonomia kalearean (La Plaza merkatua) eta Agirre Lehendakaria etorbidearen 13. zenbakiaren (sindikatuaren eraikina) arteko zatia oinezkoentzako izango litzateke. Hala ere, oraindik zehazteke dago puntu hori eta zenbait proba egingo dituzte urbanizazio-lanak egin bitartean. “Trafikoaren gainean egindako azterlanak ondorioztatu du etorbidea oinezkoentzat gorde daitekeela, baina probak egingo ditugu tokian bertan, azken erabakia hartu aurretik”, dio Nerea Renteria Basauriko Udaleko Lurralde-politika eta Kontratazioko ordezkariak.

Beste alde batetik, proiektu berriak saihestu egin du Agirre Lehendakariaren eta Nafarroaren arteko bidegurutzea, eta Autonomia kalearen luzapen-kalea aurreikusi du.

BIDEBIETA GELTOKIRAKO IRISGARRITASUNA

Bidebietan tren-geltoki berria eraikitzea ere aurreikusten du plan berriak. Aitzitik, Lapatzan salgai-trenetarako geltokia egitea alde batera utzi du: “Lapatzako eta Bidebietako geltoki berriek eragindako gastuarekin ezinezkoa izango litzateke Plana aurrera eramatea eta, beraz, Bidebietako geltoki berria bakarrik aurreikusi dugu (ADIFek ezarritako hobekuntzekin), baina ez Lapatzakoa”, adierazi du Busquetek.

Horren guztiaren harira, Basauriko alkateak gogora ekarri du Pozokoetxeko trenbide-multzoa lagatzea “funtsezkoa” dela “eremua berronetzeko; jarraituko dugu ADIFi exijitzen lurzati hori herriari itzultzeko”.

59 FAMILIEI OSTATU EMATEA

San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe eremurako plan berriak aurreikusten duenez, 59 familiei ostatu emango zaie. Basauriko Udalak aintzat hartuko ditu gaur egungo etxebizitza bakoitzaren ezaugarriak eta familia bakoitzaren beharrizanak, eta bermatu egingo du familia horiek berriro ostatu hartuko dutela, erikinak bota ondoren.

HBPBri eta HJPri behin betiko onespena eman eta gero, eremuan bizi diren familiekin batuko da Basauriko Udala, banan-banan, Planaren faseei jarraituta, eta eragindako etxebizitzetako bakoitza bisitatuko du. Ezaugarri teknikoen krokisa eta inbentarioa egingo du eta bertan benetan bizi direnak identifikatuko ditu, eta beraien egoeraren berri jasoko du, hala nola, mugikortasun edo irisgarritasun arazoak. “Egoera bakoitzari arreta indibidualizatua emango diogu. Aurrekari gisa, horra hor San Migelen, Sarratun eta Basozelain berriro ostatu emateko prozesuen normaltasuna. Auzotarren alde egin genuen, legaltasunean oinarrituta, eta orain ere berdin jardungo dugu”, baieztatu du Andoni Busquetek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak