→Basauri

Hotz-boladetan aterpea eta negurako kit bat eskainiko die Basauriko Udalak etxegabeei

Etxerik gabeko jendearentzako harrera-zentroa zabaldu du Basauriko Udalak, hotz-boladetan zehar gauez aterpe emateko.

Argazkia: Basauriko Udala

Etxerik gabeko jendearentzako harrera-zentroa zabaldu du Basauriko Udalak, hotz-boladetan zehar gauez aterpe emateko. Lo egiteko gunea ohe indibidualekin, atseden hartzeko egongela, sukaldea, komunak, dutxak eta janari eta edari beroak eskainiko die zentroak Basauriko kaleetan lo egiten dutenei. “Kalean lo egiten duten pertsonentzako zerbitzua da, egoera zehatzetan erabiltzekoa”, dio Asier Iragorri Basauriko Udaleko Gizarte-politikako zinegotziak. Hain zuzen ere, tenperatura jaitsiera gertatzen denerako edota Euskalmetek abisu horia ezartzen duenerako erabiliko dute harrera-zentroa.

Aterpetxea Azbarren 2 kalean dago, Gurutze Gorriaren egoitzan. Momentuz sei lagunentzako edukiera du harrera-zentroak eta zabalik egongo da 20:30etik 09:00etara. Bertan harrera egiteko Gurutze Gorriko langileak egongo dira. Gurutze Gorriak emango du zerbitzua eta Basauriko Udalak finantzatu.

Basauriko Udaltzaingoa, Gizarte Zerbitzuak eta Gurutze Gorriaren arteko lankidetza bilatzen du zerbitzu honek. “Orain arte lankidetzan aritzen ziren hiru erakunde horiek, baina ez zegoen aktibatuta horrelako baliabiderik Basaurin. Bilboko aterpetxera bideratzen zituzten etxegabeak lehen, baina orain aterpetxe bat izango dugu Basaurin”, dio Iragorrik. Udal ordezkariek asmoa dute datorren urtean zerbitzua handitzeko.

Negurako Kit-a

“Orain arte egin bezala, kaleko lana egiteaz arduratuko gara Gurutze Gorritik eta hemendik aurrera aterpe-zerbitzuaren berri emango diegu etxegabeei. Etorri nahiko ez balute, edari beroa eta negurako kit bat emango genieke”, dio Itsaso Urionabarrenetxea Gurutze Gorriko Gizarte Esku-hartzearen eskualdeko arduradunak. Negurako Kit-ak barne hartzen ditu: lo-zakua, estera, berokia, higienerako zenbait gauza eta eskularruak. “Gainera, Basauriko aterpera etorri nahi ez dutenekin harremana mantenduko genuke, ondo daudela egiaztatzeko”, dio Urionabarrenetxeak. Kaleko lanean 8-10 boluntario egongo dira.

Asier Iragorrik azpimarratu du Basaurin ez dela ohikoa etxerik gabeko jendea egotea kalean lo egiten, baina, hala ere, Udalak beharrezko ikusi duela zerbitzu hori aktibatzea, hotz-boladetan haiek artatzeko.

2018ko uztailean Eusko Jaurlaritzaren Etxerik Gabeko Euskal Estrategiara atxikitzea aho batez onartu zuen Basauriko udalbatzak, Basauri Bai udaltaldeak proposatuta. Estrategia 2018 eta 2021 urte bitartekoa da eta helburu du politika sozial integratzaileetan esku hartzen jarraitzea, batez ere etxegabeen zenbatekoa murrizteko asmoarekin.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak