→Basauri

Euskal Pilotaren inguruko programan hartu dute parte Basauriko 350 ikaslek

Euskal Pilota Herriz Herri programa gauzatu dute Basauriko sei ikastetxek urriaren 19tik azaroaren 22ra bitartean. Era berean beste 200 norbanako hurbildu dira erakusketara

Euskal Pilotaren historia ezagutzeko aukera ematen du programak // Argazkia: Utzitakoa

Euskal Pilota Herriz Herri programa gauzatu dute Basauriko sei ikastetxek urriaren 19tik azaroaren 22ra bitartean. Era berean beste 200 norbanako hurbildu dira erakusketara

Euskal Pilota Herriz Herri programak hamaikagarren edizioa egin du aurten Basaurin. Programa horren helburu nagusia da Euskal Pilotaren mundua umeengana eta gazteengana hurbiltzea, eta batez ere kirol honek, bere modalitate guztietan, gizartean utzi duen aberastasuna eta ondasuna erakustea. Modu horretan, Euskal Pilota Herriz Herri programa Basauriko Lehen Hezkuntzako zazpi ikastetxetako ikasleei egon da zuzenduta. Hain zuzen ere, Arizko Ikastola, Sofia Taramona, Etxegarai, San Jose, Bizkotxalde, Kareaga Goikoa eta Soloarte ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako 350 ikasle inguruk hartu du parte programa horretan.

Era berean, programa zabalik egon da Basauriko eta inguruetako herritarrentzako eta antolatzaileen arabera, beste 200 lagun inguru hurbildu da erakusketara. “Bidebieta Pilotazale Klubetik edo Euskaltegietatik, norbanakoak eta kiroldegira datozen taldeak etorri dira erakusketa ikustera”, diote antolatzaileek. Programa urriaren 19tik azaroaren 22ra bitartean burutu da ikastetxe bakoitzean, baita Artunduaga kiroldegian ere.

Eskupilotaren kultura

Eskola-programaren bitartez, ikasleek honakoa landu dute: Euskal Pilotaren historia, instalazioak (aire libreko frontoiak, frontoi luzea zein laburra eta trinketea), bitartekoak, bilakaera eta kirolaren modalitate ezberdinen (pasaka, joko garbia, xare, zesta punta, erremontea, pala, esku pilota) materialari buruzko erakusketan bisita gidatuak jaso dituzte, eta ikus-entzunezkoen proiekzioak ikusi dituzte; pilotak eskuz fabrikatu dituzte; takoei buruzko tailerra izan dute; eta Euskal Pilotako modalitate ezberdinetan jokatu dute.

Erakusketa izan den bitartean, Euskal Pilotan adituak diren hiru monitore izan dira azalpenak ematen: Mikel Inunziaga, Ane Fuentes eta Mikel Karrillo. Euskal Pilota Herriz Herri programa Bouncestone elkarteak sustatzen du eta Euskal Herriko hainbat udalerrietan martxan jarri dute. Hala nola, Mungian, Balmasedan, Zallan, Erandion, Abadiñon edota Oñatin.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak