→Basauri

Euskaraldia Basauri | Zein rol beteko duzu Euskaraldian?

Dagoeneko 1.000 basauriarrek eman dute izena Euskaraldian parte hartzeko. Oraindik izena emateko aukera dago.

Dagoeneko 1.000 basauriarrek eman dute izena Euskaraldian parte hartzeko. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean Basauri ahobiziez, belarriprestez eta irribiziz beteko da, denak helburu bera sustatzeko: euskara kalera ateratzea.

Joan den igandean, azaroaren 18an, zenbait ekintza antolatu zituzten Basaurin Euskaraldiari ekin aurretik: Etxe abeslaria, dantzaldi-erromeria eta bertso saioa (Mikel Goiriena mungiarra, Oihana Bartra bilbotarra eta Peio Ormazabal arrigorriagarra) izan ziren Arizgoiti plazan. Era berean, ahobizi eta belarriprest txapak banatu zituzten.

Oraindik izena eman ez dutenek Euskaraldian parte hartzeko aukera dute. Interesdunek Basauritarrak webgunearen bitartez, Udal Euskaltegian, AEK Bolintxu Euskaltegian, Hizkuntza Eskolan eta Marienean eman dezakete izena. “Oraindik izena eman ez dutenei dei egiten diegu animatzeko. Eman dezatela urratsa. Froga dezatela posible dela euskaraz aritzea, guk uste baino egoera gehiagotan”, dio Nora Pereda Basauriko Udaleko Euskara arloko ordezkariak.

Hamaika aurpegi (eta gehiago) euskararen alde

Euskararen aldeko Hamaikakoak aurkeztu zituzten irailean Basaurin. Udalerriko elkarte ezberdinetako herritarrak bildu dira hamaikakoak osatzeko eta bakoitzak Euskaraldian zein rol beteko duen azaldu du:

Mari Carmen Gartzia, Artunduaga Atletismo Taldeko kirolaria: “Ez daukat EGArik, baina nire lehenengo hizkuntza euskara izango da. Ahobizi izango naiz Euskaraldian”

Eñaut Barandiaran Indartsu Futbol Klub taldeko kirol arduraduna: “Kirolean zein futbolean ahobizi arituko gara Indartsu Futbol Taldean”

Begoña Frutos Herriko Taldeak-eko ordezkaria: “Jaietan zein gure egunerokoan euskaraz hitz egitera gonbidatzen zaituztegu. Euskaraldian ahobizi izango naiz. Eta zu?”

Iñaki Uterga San Migel Kantari ekimeneko kidea: “Euskaldun berri-zaharra naiz eta Euskaraldian parte hartuko dut ahobizi moduan. Nire helburua izango da lagun guztiak euskaraz aritzea”

Bego Acedo Agintzari Dantza Taldeko kidea eta erizaina: “Euskaraldian parte hartuko dut eta erabaki dut edonon eta edonorekin, ahal dudan guztietan, euskaraz egitea”

Jesus Caballero Urbi Halterofilia Klubeko kirolaria: “Euskaraldian belarriprest izango naiz. Euskaraz hitz egiten didanari gogo onez euskaraz erantzungo diot”

Izaskun eta Ziortza Nagusia Kiroldegiko ordezkariak: “Ahobizi eta belarriprest izango gara Euskaraldian. Eta zuek?”

Zuriñe de la Fuente Javi Conde-Saiatu Atletismo Taldeko kirolaria: “Euskaraldian parte hartuko dut eta ahobizi izango naiz. Kaleak euskaraz beteko ditut!”

Asier Garcia Baskoniako eta Basauriko Futbol Selekzioko entrenatzailea: “Euskaraldian ahobizi moduan arituko naiz”

Leire Atxutegi Basauri Koral Elkarteko kidea: “Nik ere Euskaraldiarekin bat egingo dut eta belarriprest izango naiz”

Boubacar Diouf Senegaldik etorritako basauriarra: “Euskaraz bizi nahi dut. Horregatik Basaurira heldu nintzenean euskara ikasten hasi nintzen. Euskaraldian ahobizi izaten saiatuko naiz”

Itziar Ituño aktorea: “Nire konpromisoa ahobizi izango da. Nire lehenengo berba beti euskaraz izango da”

Alazne Iturriaga Basauriko Kimuak Nesken Futbol Taldeko jokalaria: “Euskaraldiarekin bat egingo dut eta belarriprest izango naiz. Nirekin euskaraz aritu eta nik jarraituko zaitut”

Aintzane Zamalloa Urbi Institutuko irakaslea eta Basauri Eskubaloi Taldeko zuzendaritza kidea: “Euskaraz bizi gura dot eta horregatik Euskaraldian ahobizi izango naiz”

Unai Azurmendi Basconia Kirol Klubeko lehendakari ordea: “Animatu egiten zaituztegu, belarriprest edo ahobizi izan, euskararen alde denok lan egitera”

Silvia Roca Paris tabernako langilea: “Aurtengo Euskaraldian belarriprest izango naiz. Eta zu?”

Ainhoa Basoa Bizkotxalde ikastetxeko irakaslea eta Basauri ikastetxeko Saski Elkarteko kidea: “Euskaraldian parte hartuko dute eta ahobizi izango naiz. Eta zuek?”

Iratxe Alaña Zirt Zart Gazte Bulegoko langilea: “Duela gutxi euskara titulua eskuratu nuen ahalegin handia egin ondoren. Beraz, argi daukat badela garaia ikasitako guztia plazaratzeko. Ahobizi izango naiz Euskaraldian!”

Yolanda Imaña Udal Euskaltegiko ikaslea: “Euskaltegian euskara ari naiz ikasten. Umetan euskara ez nuenez ikasi, nagusitan hura ikastea erabaki dut. Euskaraldian belarriprest izango naiz”

Miriam Larrañaga Basauriko merkatuan langilea: “Basaurin euskara gehiago erabiltzeko dinamika honetan parte hartuko dut eta ahobizi izango da nire rola”

Ainhoa Romero Bridgestoneko langilea: “Belarriprest izango naiz Euskaraldian. Ez dut egunero euskara erabiltzen, baina gogoz saiatuko naiz”

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak