→Basauri

Gazteen emantzipazioa bultzatzeko 65.000 euro bideratuko ditu Udalak

basauri ariz etxebizitzak 2018 google maps

Etxebizitza alokatu nahi duten gazteentzako diru-laguntzak emango ditu Basauriko Udalak. EH Bildu udaltaldeak egin zuen proposamena.

Ariz auzoa, Basaurin // Google Maps

Etxebizitza alokatu nahi duten gazteentzako diru-laguntzak emango ditu Basauriko Udalak. Programa honen helburua da 18 eta 35 urte bitarteko gazteei laguntza ematea udalerrian alokairuzko etxebizitza lortzeko, beren emantzipazio-prozesua aurrera eraman dezaten eta berezko bizi-proiektuari ekin diezaioten. Horretarako, 65.000 euroko partida bideratuko du Udalak programa horretara.

Diru-laguntza, gehienez, diruz lagun daitekeen zenbatekoaren %50ekoa izango da, eta muga 275 euro izango da, hileko eta eskabideko, gehienez ere urte natural batez. Onuradunak Etxebideren araudiarekin bat, egiaztatu beharko du 25.000 euroko gehienezko diru-sarrerak dituela, eta gutxienez, 12.000 euroko diru-sarrerak. Alokairurako urtebeteko diru-laguntza lortzen dutenek ezingo dute hura berriro eskatu hurrengo ekitaldietan, hau da, Udalak behin baino ez du emango diru-laguntza.

Alokairurako diru-laguntza bateragarria izango da helburu bera duten beste laguntza batzuekin, baldin eta laguntzok, guztira, ez badute gainditzen diruz lagun daitekeen errentamenduaren %50a. Bestalde, gizarte-bazterkeriari eta egoera larriei aurre egiteko Basauriko Udalak ematen dituen banakako diru-laguntzak jaso ditzaketen gazteek ere jaso ahal izango dute alokairurako diru-laguntza. Azkenik, alokairurako diru-laguntza bateraezina izango da DSBEri lotuta jasotako ordaindutakoaren araberako etxebizitzako laguntzarekin edota etxebizitzarako laguntza ekonomikoarekin.

Etxebizitza alokatu nahi duten gazteei diru-laguntzak emateko araudia jasotzen duen udal ordenantzaren zirriborroa aurkeztu du gaur goizean udal gobernu taldeak Lurralde-politika eta Kontratazioko Informazio Batzordean, gainerako alderdi politikoek zuzenketak eta ekarpenak egin ahal izateko. EH Bildu Basauri udaltaldearen proposamena izan da programa hau martxan jartzea eta udal aurrekontuan zuzenketa aurkeztu zuen berau txertatzeko. Ezkerreko koalizioaren proposamenak EAJren eta PSEren aldeko botoak jaso zituen eta Basauri Baik eta PPk abstentziora jo zuten.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|