→Basauri

Googaz ekimeneko Escape Room mugikorra Basaurira iritsiko da maiatzean

Basauriko hiru talderik onenek aukera izango dute ekainean Bizkaia Kopa jokatzeko, eta uztailean Mexikoko Bootcampean lehiatzeko.

Argazkia: Googaz

Garapen Jasangarriaren Helburuetan (GJH) oinarritutako Googaz ekimena Basaurira iritsiko da maiatzean. Ekimen honen helburua da Bizkaiko gazteak motibatzea, ekintzaileak izan daitezen eta proiektu sozial berritzaileak gara ditzaten.

Bizkaiko zazpi udalerritako gazteek hartuko dute parte aipatutako ekimenean, apirila eta ekaina bitartean. Ildo horretan, 18 eta 30 urte bitarteko gazte basauriarrak ekintzailetzara eta enplegura hurbiltzeko Googaz 2.0 jardunaldia antolatuko dute maiatzaren 18an, larunbatez, Basauriko San Fausto plazan 11:00etatik 21:00etara. Escape Room edo Ihesgela mugikor bat jarriko dute eta 3 edo 4 laguneko taldeak osatuta, partaideek bertatik ihes egin beharko dute 25 minutuko epean.

Lehenengo fase hori gaindituta, bigarren fasea etorriko da: Basauriko hiru talde onenek Bizkaia Kopa jokatuko dute ekainaren 8an Bilbon beste herri batzuetako talde onenekin batera, eta bertan beste erronka batzuk ebatzi beharko dituzte. “Bilbon ospatuko den txapelketa honetan, Bizkaiko beste udalerri batzuen aurka lehiatuko zarete, Garapen Jasangarriko Helburuei aurre egiteko proiektu ekintzaileak garatzen. Epaimahaiak, proiekturik onena aukeratuko du”, diote antolakuntzatik.

Azkenik, Bizkaia Kopa irabazten duen taldeak Innovation Across The Americas (IATA) Bootcamp-ean parte hartuko du ekainaren 27tik uztailaren 7ra bitartean. Mexikon izango da hori, Puebla herrian, eta talde irabazleak bi aste emango ditu bertan, ekimen sozial berritzaileak garatzen, gastu guztiak ordainduta.

Basaurin parte hartu nahi duenak izena eman behar du Googaz webgunearen bitartez edo 944 666 400, 944 666 430 edo 634 984 615 telefono zenbakietara deituz. Googaz ekimena 2017an eratu zuten Bizkaian “millenial inkonformista” batzuek. Ekimenak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta UNESCO Etxearen laguntza du. Aurten Googaz ekimena Gernikan, Sopelan, Barakaldon, Bilbon, Basaurin, Balmasedan eta Getxon izango da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak